Kontzientzia lasaitzen duen sukarra

FOKU

2026ko uztailaren 9an - 10:26
Azken eguneraketa: 15:32
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Mitoaroa III
Parte hartzaileak: Zetak eta askotariko artistak.
Non: San Mamesen, Bilbon. 
Noiz: ekainaren 19an.

------------------------

Artistaren betebeharra garaiari egokitzea dela azpimarratu du Pello Reparazek Mitoaroa III ikuskizunean, Nina Simoneren hitzak eszenara ekarrita. Oraina nondik ikusi nahi dugun eztabaidatu beharko dugu, beraz.

Musika-kontzertu soila izateari utzi dio Zetakek Mitoaroa ikuskizun sortarekin. Antzerkiaren, ikus-entzunezkoen zein instalazio eszenikoen eta teknologiaren erabileraren erdian kokatzen ditu bere kantuak, istorio zein emozio garbi batzuk islatzeko desirarekin. Zentzu horretan jauzi artistiko nabarmena egin du Reparazek, berrikuntza ekarrita euskal eszenara. Izan ere, horrek ekarri du Zetakenganako sukarra.

Esan bezala, istorio bat kontatu du ikuskariak. 2084. urtean kokatu gintuen. Abeslariak errealitatea txuri-beltza den munduan koloredun txip bat zeraman begi ertzean, digitalizazio extremoaren eta kontrolaren seinale. Diktadura batean baitago mundua: kamerak nonahi eta kontrol sozial zorrotza. Librea da muga batzuen baitan, eta onarpenaren eta erresistentziaren arteko gudan kokatzen da. Horrela bada, distopia klasiko baten osagaiak euskal sinbologia zaharberrituarekin konbinatu zituen: momotxorroak, joaldunak, txatxoak, Gernikako arbola zaintzen duten izakiak, ikurriña, piztia errebeldeak… Horiek guztiak erresistentziaren eta askatasunaren iruditeriaren baitara ekarriak. Horixe izan da, esango nuke, tenperatura are gehiago igo eta ikuslegoarengan sugarra sortzen duen puntu gorena, ikuslegoa emozionalki bolkatzen den unea. Dena den, etorkizunaz hitz egiten duen arren, iraganari begira eraikitzen du esperantza. Eta nostalgia ez da baliabide estetiko hutsa, proposamen politikoaren erdigunea baizik. Kontuz, baina, pentsamendu kritikoa emozio kolektiboarekin ordezkatzearekin. 

Hor hasten dira kontraesanak. Azken hamarkadan Euskal Herriko musika panoramak errotik aldatu du bere funtzionamendua. Herri mugimenduari eta proiektu politiko askatzaile bati lotuta zegoen kultur ereduak indarra galdu du eta hedabide, enpresa eta instituzioek erabakitzen dute zein izango den erakusleiho ofiziala; zer kontsumituko dugun, alegia. Eta euskararen eta euskal kulturaren izenean, bakezalea eta epela den, konfrontatiboa ez den, despolitizatuta eta homogeneizatuta dagoen eta genero zehatz bati jarraitzen dion artea bultzatzen da eta kultura produktu handiak kontsumo-logikaren barruan txertatu. Mitoaroa III ezin da testuinguru horretatik kanpo ulertu. Paradoxikoki, boterea eta kontrol soziala salatzen dituen ikuskizuna bera da boterearen logika jarraitzen duena, euskal eszenaren monopolioa hartu duena eta kultur industria hauspotzen ari dena.

Bitartean, artea sortzeko zein zabaltzeko hain garrantzitsuak diren espazioak, gaztetxeak kasu, desalojatzen dituzte, espazio publikoak pribatizatu, betoa jarri hainbat herritako txosnetan, debekuak edo mugak hainbat proposameni, isunak jota aldarrikatzaileak kantatzeagatik, diru laguntza publikoak poltsiko pribatuetara bideratu… Zein eredu da datozen hamarkadei utzi nahi dieguna? Asimilazioari txaloak jotzeak kontzientzia lasaitu baino ez die egiten. 

Egungo garaiari egokitzea, beraz, kulturaren merkantilizazioari egokitzea ala justu horren aurka egitea da? Arteak ardura dakar eta txipa aldatzeko garaia da. 


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...