Kontuz orekatutako lana


2026ko irailaren 20an - 08:05
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Komediaren eta dramaren arteko balantzan pisua ondo ezartzea ez da lan makala. Berto Romerok idatzi eta Javier Ruiz Calderak zuzendutako 5 minutos más (5 minutu gehiago) filmak, ordea, izugarri ondo lortu du orekari eustea. Gainera, Romero protagonistetako bat denez, eta komediagile ezaguna izanik, filmak horren alde egingo zuela espero nuen, baina, ez, ez da horretan erori. Publikoa, ordea, ez da nirekin ados egon, akaso; niri serioak iruditu zaizkidan uneetan barre askotxo egin duela iruditu zait eta.

Filmean, Barbara (Belén Cuesta) eta Antonio (Berto Romero) dira protagonistak, beren erlazioa salbatu nahian, Kataluniako masia batera asteburu pasa doazen senar-emazteak. Hasieran, beste pelikula barregarri arrunt bat itxaroten nuen, baina uste guztiak zapuztu dizkit, eszena bateko mozketa arraro baten ostean, pertsonaiak jada pasa den eszena batera itzuli direnean. Eta haiek ere hankaz gora utzi ditu, ez baitakite zer gertatu zaien; ikaratuta geratu dira bigarren aldiz gauza bera pasa zaienean: berriz bost minutu atzera egin dute, eta aurreko eszena berean agertu dira. Beldurraren ondorioz hasi da kaosa. Erabakiak azkarregi hartu nahi eta okerrekoak hartu. Ohartuko dira, gainera, mundu osoan jazotzen ari den zerbait dela bost minutu horien kontua, eta egoerak okerrera egingo du.

José Saramagoren Ensayo sobre la ceguera (Itsutasunari buruzko saiakera) liburua ekarri dit honek burura, berehala; eta esango nuke, ziur ez banago ere, ideia horretatik abiatu dela gidoilaria. Mundua bost minutuko bukle batean harrapatuta, egoera ezinezko horretan gizakiak nola jokatuko lukeen lantzen du filmak, baina leku oso isolatuan, pertsonaia gutxirekin eta komedia ondo tartekatuz: ikusteko lan erraza, baina zer pentsatu ematen duena.

Bestalde, bost minutuko bukleak osatzen dituzten plano-sekuentzia originalak eta kamera joko oso interesgarriak egin ditu pelikulak. Adibidez, une batean, pantaila bi eszenatan zatitu da, eta plano bakoitzak pertsonaia desberdinei jarraitu die. Eta, momentu horretan, ikusleak aldi berean ezin dienez bi eszenei atentzioa jarri, oso erabaki dotorea hartu du zuzendariak: eszena batean, bi pertsonaiak elkarrizketa garrantzitsu bat izan dute baina ez oso leku interesgarrian; aldi berean, beste eszenan, beste pertsonaia batek zerbait garrantzitsua egin du baina hitzik behar ez zuena. Horrela, ezkerrekoa entzun eta eskuinekoari begira, biei adi egon ahal izan gara. Benetan, kontu handiz eraiki eta muntatutako lana. Erraz gomendatuko nioke pelikula hau edonori.


Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.