Adierazpenetan zuzenean inoiz aipatzen ez den Txinari aurre egiteko zernahiren egitasmoa da Trump administrazioko Jacob Helberg frankotiratzaile politikoaren burutazioa, Pax Silica egitasmoa.
Esaten zuen Arnaldo Momigliano historialariak ia bi mila urtez hitzetik hortzera erabili den Pax Romana kontzeptua propaganda formula bikaina zela, baina definitzen oso zaila. Ez da harritzekoa zailtasuna, gogoan izaten badugu “bakealdi” hark iraun omen zuen berrehun urteetan ere oso gutxitan egon zirela itxita Jano jainkoaren tenpluko ateak. Ia etengabeko gerra-urteak izan zirelako inperioaren limes-an. Urruti gabe aurki dezakegu adibidea.
Bada, esamolde haren kalkoan sortutako egungo Pax Silica egitasmoari ere aplikagarria zaio Momiglianoren gogoetaren bigarren osagaia, bederen: zaila da definitzen. Geroak esan beharko du, lehena, propagandarako baliagarritasuna, zuzena ote duen. Hori bai, urrutitik begiztatuta, nahiko argi dago bat etorri nahi lukeela haren sen inperialarekin.
Berez, tartean legokeen zerbaitek lagun dezake kontzeptua zuzenago ulertzen: historialari batzuek pax sinica deitu ohi dituzten aldiek. Txinak, bere nagusitasunaz baliatuz eta hari eusteko, bere eragin-eremuan historian hainbat aldiz ehundutako nola edo halako bakealdiek. Etorkizunean izan omen dezakegun pax sinica berriaren ifrentzua, kontrakoa, izan nahiko luke egungo AEBen pax silica. Hortik aurrera, zaila da definitzen.
Trump administrazio osoarena baino gehiago, haren baitako norbanako txit berezi batena, Jacob Helberg frankotiratzaile politikoaren burutazioa den horren izenak silizioari egiten dion aipamenean goi-teknologiarekin kidetu ohi dugun lehengai hori bakearekin uztartzen bada ere, ez dago sakon arakatu beharrik jabetzeko ez duela apenas zerikusirik ez batarekin eta ez bestearekin.
Iazko abenduan Washingtonen, “aliatu leialenak” (Japonia, Israel, Australia, Singapur eta Hego Korea) lagun zituela sinatu eta otsailean sinatzaile gehiagorekin berretsitako adierazpenarekin Helbergek egitasmoa abiarazi zuenean atzean zuten pankartak silizioa aipatzen bazuen ere, ondorengo sei hilabeteotan egundokoa izan da silica-ren migrazio semantikoa. Berehala agertu da lur arraroetatik eratorritako lehengaien kontrola ere, eta txipena, eta adimen artifizialarena, eta...
Adierazpenetan zuzenean inoiz aipatzen ez den Txinari aurre egiteko zernahiren egitasmoa da Helbergena.
Baina oraingoz behintzat adierazpen jorien mundutik harago joan ez den zerbait da Pax Silica. Nolabaiteko aurrerapauso praktikoa izan zitekeen Takaichik Eviango G7an lur arraroen inguruan mahairatutako proposamena; baina handik ere adierazpena besterik ez zen atera. Eta Helbergen adierazpenaren sinatzaileak ugaritu badira ere, sinatzeari uko egiten ari direnak ez dira nolanahikoak. Europar Batasuna, nola ez, erdibituta dago: Batzordeak, Alemaniak, nordikoek sinatu dute adierazpena; baina Frantziak, Italiak edo Espainiak ez.
Nolanahi ere, endredo bihurriagoa da hasiera batean lortu eta bueltako kanpaiekin ospatu zen Indiaren sinadurarekin gertatzen hasi dena: adimen artifizialeko baliabideak AEBekin partekatuz gero, noiz edo noiz hark salduta uzteko arriskuaren errezeloa. Noski, halakorik ez dela gertatuko esaten diote.
Seguru?