Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat lelopean eginen dituzte elkarretaratzeak, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko campusetan. Euskarazko ikaseredua orokortu behar dela adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak. Bertzalde, euskara azterketan emaitza eskasak atera zituzten ikasleen aldeko auto judiziala kritikatu dute Ikasle Kontseiluak, LABek eta Steilasek.
Euskararen kontrako oldarraldiak bertze esparru bat bereganatu du; hezkuntzarena, hain zuzen. Hala adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta salatu du urrats hori “bereziki larria” dela: “Oldarraldiaren beraren eragin eremua zabaldu duelako, euskararen desofizializazio prozesua indartu duelako, eta euskarari uko egitea pribilegiorako bide bihurtu duelako”.
Erakundearen arabera, unibertsitatera sartzeko probako (USaP) Euskara eta Literatura II azterketan zenbait ikaslek izan dituzten emaitza eskasak euskararen aurka egiteko baliatu dute hainbatek, eta horrek “ondorio larriak” edukiko ditu milaka ikaslerengan: “Euskarari uko egiten dioten ikasleak saritu eta pribilegiatuko ditu unibertsitaterako sarbidean”. Alabaina, Kontseiluaren erranetan, “gutxietsi” eginen ditu “euskarari beste ikasgaien pareko garrantzia eman diotenak, eta ikasteko ahalegina egin dutenak”.
EHUk ikaspostu gehiago sortuko ditu Euskaran jasotako kalifikazio apalengatik auzitara jo duten 25 ikasleetatik EHUn ikasi nahi dutenentzat, epaileak agindutako kautelazko neurria betetzeko. Kontseiluaren irudiko, baina, “kaltea ez da konponduko plazak gehituta”: “Hala balitz, logika bera erabili beharko bailitzateke Matematikan edo Gaztelanian emaitza txarrak izan dituzten eta haiekin konforme ez dauden ikasleekin”.
Kontseiluaren arabera, gertatutakoak agerian utzi du euskara “zenbateraino den bigarren mailako eta meneko hizkuntza”. Hortaz, “aurrekari oso arriskutsua” ezarri dutela nabarmendu du, ebazpenak “mezu argi bat” igortzen baitie etorkizuneko belaunaldiei eta gizarte osoari: “Gaztelaniaren kasuan ez bezala, euskara ez da beharrezkoa”.
Eusko Jaurlaritzak erakutsi duen jarreraz ere mintzatu da erakundea, eta “kezka handiz” hartu duela erran du, “arazoari heldu ordez zuzenketan aritu diren horiek seinalatu dituelako”. Adierazi dute, halaber, egungo hezkuntza sistemari “aspaldi” sumatzen zaizkiola “herrenak”, eta, horregatik, hizkuntza ereduen sistema bertan behera utzi behar dela erran dute: “Euskarazko ikaseredua orokortu behar da, euskara gutxien duenari gehiago ematea izanik iparra”.
Hortaz, mobilizatzera dei egin du erakundeak: elkarretaratzeak eginen dituzte ortzegun eguerdian, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Donostiako Karlos Santamaria zentroan eta Gasteizko Letren Fakultatearen aitzinean, Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat lelopean.
EHUko Ikasle Kontseilua ere kezkatuta agertu da epailearen erabakiak sortzen dituen diskriminazioekin: “Unibertsitatera sartzeko berdintasunaren printzipioa hautsi dezake”. Erabakiak unibertsitate publikoan sartzeko ohiko prozedura bete-betean jarraitu duten ikasleak lekuz alda ditzakeela ohartarazi du: “Ezin da balizko bidegabekeria bat zuzendu beste bat sortuz, ezta pertsona batzuk babestu ere gainerakoak babesgabetzearen kontura”.
Irakaskuntzako sindikatu Steilasek, bere aldetik, salatu du erabaki judizialak euskararen balioa "erlatibizatzeaz gain", "sistema osoaren sinesgarritasuna " zalantzan jar dezakeela. Gainera, kritikatu du administrazioak “probak zuzentzen dituzten irakasleengan” jarri duela fokua, eta “inplizituki zalantzan jarri dutela haien lana eta profesionaltasuna”. Arazoak, ordea, “hezkuntza politikan” du jatorria, sindikatuaren ustez.
LAB sindikatuarentzat "oso larria" da Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Juan Ignacio Perez Iglesias Unibertsitate sailburuak izan duten jarrera, “EHUko egungo errektoretzaren kontrako jarrera politiko argiagatik”. Planteatu dute Lakua EHUrekin elkarlanean aritzea, eta “egiturazko neurriak” eskatu dituzte “ikasle guztiek DBH amaitzean B2 euskara-maila lortzeko”. LABen iritziz, helburu hori lortuko da soilik “hizkuntza ereduak desagertzen badira eta euskararen murgiltze ereduan oinarritutako eredu bat ezartzen baldin bada”.