argia.eus
INPRIMATU
Kontra-gailurreko parte hartzaileen defentsaz arduratu den taldeak eskubide urraketa larriak salatu ditu
  • G7aren goi bilerak iraun bitartean 100 kasu ingururen jarraipena egin du Legal Team-ak, defentsa kolektiborako taldeak. Defentsa eskubideari oztopoak jarri zaizkiola, eta legez kanpoko prozedurak burutu direla salatu dute.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 29a
G7aren kontra-gailurrean atxilotutakoak askatzeko exijituz Bilbon egindako elkarretaratzea (Argazkia: Ecuador Etxea)

Goi bilerak berarekin ekarriko zuen errepresioa aurreikusita, beroni aurre egiteko antolatu zen defentsa kolektiboa, Legal Team izenez ere ezaguna. Militantez eta abokatuz osatutako kolektiboak prebentzioa eta oinarrizko babes juridikoa eskaini die kontra-gailurreko parte hartzaileei. Estatuaren justizian sinisten ez dutenez, autodefentsa juridikoaren eta defentsa kolektiboaren bidetik aritu dira lanean. Kontra-gailurrean bildu diren norbanakoen eskura jarri dute egun osoz martxan mantendu duten telefono zerbitzua.

Asteazkenean adierazi zutenez, 100 kasu inguru jarraitu dituzte. Emandako datuen arabera, 164 interpelazio izan dira, horietatik 100 bat atxiloaldiak izanik. Espetxeratuak, aldiz, sei izan dira, eta kasuetako batean norbanakoa baldintzapean asko utzi dute epaiketa burutu bitartean. Espetxeratuetako hiru gazte alemaniarrak dira, poliziak errepide kontrol batean geratu ostean eraman baitzituzten atxilo, “bortizkeriak egiteko sorturiko talde bateko kide izatea” egotzita, Oihana Teyseyre Koskaratek Berrian jaso duenez. Hiru gazte horiek bi eta hiru hilabete arteko espetxe zigorrari aurre egin beharrean aurkitzen dira.

Azken atxiloketa, defentsa kolektiboak azaldu duenez, astelehenean eman zen. Orain arteko datuen arabera, 23 pertsonak izango dute epaiketa irailaren 9tik abenduaren 3ra arteko epean.

Atxiloketa gehienak era prebentiboan egin dituztela azpimarratu du kolektiboak, atxilotuek protestetan parte hartu gabe.

Defentsa eskubideari oztopoak

Justiziak defentsa eskubideari “traba larriak jarri” izana salatu dute, eta horren zenbait adibide eman dituzte: atxilotu bati baino gehiagori abokatua poliziak ezarri dio, atxilotuari abokatua bere kabuz aukeratzea ukatuz; bestalde, zenbait atxilotuk adierazi dutenez, poliziak esan zien defentsa kolektiboko abokatuek telefonoa ez zutela hartzen, eta hobe zutela ofiziozko abokatu baten aldeko hautua egin. Ez hori bakarrik: Legal Team-eko abokatuek atxilotuen egoera pertsonala frogatzeko ordezkaritza bermeak izan arren, ofiziozko abokatuak hauei uko egin diela salatu dute, bezeroen defentsa horiek gabe eginez.

Berriak jaso duenez, taldeko kideen iritzitan “estatu polizial batera iristeko lehen urratsa” eman da,  defentsaren eskubidea larriki urratuz “abokatuen elkarteko buru lehenak Baionako prokuradorearekin harremanetan lan egin” baitu.

Guzti hau gutxi ez, eta legez kanpoko prozedurak ere jazo direla salatu dute. Adibidez, atxiloketetan polizia agenteak itzultzaile lanetan jartzea.

Bestetik, Hendaiako atxikitze zentroan egindako atxiloaldietan bete beharko liratekeen legezko baldintzak bete ez direla ere azpimarratu dute. Abokatuekin biltzeko gelak aterik ez zeukanez atxilotuen konfidentzialtasun eskubidea urratu dela aipatu dute, adibide gisa.

Legal Team-ak jakinarazi du jazo diren eskubide urraketa guztiei aurre egiteko lanetan jarraituko dutela.