Apirilaren 29ko asteazken gauean drone ugari zebiltzan gure barkuen gainean atzera eta aurrera. 00:30ak (UTC) aldera, argi txuri handi bat ikusi genuen beste barku bati jarraika eta orduan hasi ginen kezkatzen. Flotillako barku horrek norabidea aldatu eta ihes egitea lortu zuen; orduan, argi txuri hori gureganantz hurbildu zen. Israeldar armadako txalupa azkar bat zen. Ezkerreko aldetik hurbildu ziren, guk jadanik protokoloa aktibatua genuen, txalekoak jarrita genituen eta pasaporteak bilduta. Bost militarrek barkua abordatu zuten, aurpegiak estalita zituzten eta ingelesez aginduak ematen hasi ziren: barkuko aurreko aldean etzateko agindu ziguten, buruz behera. Miaketak egin zizkiguten armaz apuntatzen gintuzten bitartean, gu ahoz behera geundela. Dena bustita zegoen, eta barkua asko mugitzen zen. Behin eta berriz galdetu ziguten barkuko kapitaina nor zen, guk ez genuen ezer esan. Orduan, pasaporte guztiak hartu eta haien txalupara igoarazi gintuzten.
Txalupatik ontzi militarrera igoarazi gintuztenean, txalekoa eta berokia kendu zizkiguten eta buru makur eta belauniko egotera behartu gintuzten, ordu betez. Arrastaka eraman ninduten erabat bustita zegoen lurretik. Gero, berriz ere miatu, identifikatu eta belauniko egonarazi gintuzten. Altxatu eta Israelgo banderaren aurrean jarri ninduten.
Kontainer batera sartzeko agindu zidaten; hori zen barkuko kartzelarako sarbidea. Bertan elkartu nintzen gainerako flotillako bahituekin. 180 kide inguru ginen. Lehenengo momentutik hasi ginen gure artean antolatzen, orduan konturatu ginen ez zegoela kontainerretan denok etzanda lo egiteko tokirik. Batzuk hasiera batetik erabaki genuen gose greban hastea.
Etengabeko beldur eta ziurgabetasun egoeran egon gara, ez genekien non geunden, ez nora eramango gintuzten
Itsasoko espetxean jipoiak, ziurgabetasuna, erresistentzia
40 ordu horietan etengabeko beldur eta ziurgabetasun egoeran egon gara, ez genekien non geunden, ez nora eramango gintuzten. Sionistek esaten ziguten lau egun egongo ginela barkuan, Askelonerako bidean.
Gaua eta eguna bereizten genituen soilik. Egunez bero handia egiten zuen eta gauez hotza, mangerarekin bustitzen baitzuten lurra.
Noizean behin ekintzaileren bat eramaten zuten, eta ez genuen haien berririk. Thiagok [Thiago de Ávila, Israelgo armadak Israelera preso eraman zuen bi ekintzaileetako bat, egun oraindik preso jarraitzen duena] egiten zuen ekintzaileen bozeramaile lana eta gure eskaerak helarazten zizkien sionistei: gure kideak ikustea (eramaten zituzten kideen berri izatea), behar ziren botikak, janaria, mantak eta ur gehiago. Gure eskaerei uko egin zieten Sionistek. Orduan horren aurka hasi ginen antolatzen eta protesta egiten.
Tentsio handiko uneak ziren errekuentoak…
Errekuentoetako batean militar sionista batek tiroa bota zuen gugandik oso gertu. Horren ostean, Saif deitu eta eraman zuten [Saif Abukeshek, Israelgo armadak Thiago de Ávilarekin baera Israelera preso eraman zuen bigarren ekintzaile, egun oraindik preso jarraitzen duena. Bi ekintzaileak gose greban daude apirilaren 29az geroztik, eta Abukeshek egarri greban ere maiatzaren 6tik]. Beste kontainer batera sartu zuten eta garrasi izugarria entzun genuen. Momentu horretatik aurrera ez genuen berriro ikusi, eta tentsioak gora egin zuen. Orduan hasi ginen pentsatzen erresistentzia nola antolatu. Gau hartan gure kidearen aldeko oihuak, sionisten aurkakoak, Palestinaren aldekoak… bota genituen eta gure eskaerak indartu genituen.
Gau hartan gure kidearen aldeko oihuak, sionisten aurkakoak, Palestinaren aldekoak… bota genituen eta gure eskaerak indartu genituen
Hurrengo goizean, bortizki eta armaturik sartu ziren barkuko espetxera eta hamarreko taldeetan banatzeko agindu ziguten, beste barku batera eramango baikintuzten. Planto egin genuen gure eskaerekin aurrera jarraitzeko, hau da, gure kideak ikusi ahal izateko. Indarrez atera gintuzten, banan-banan. Ostikoak, ukabilkadak, tiradizoak, ekintzaileetako bati tiro egin zioten hanka inguruan. Guk ez genekien oraindik, baina momentu horretan Thiago bahitu zuten. Greziako kostaldera ekarri ez zutenean ulertu genuen Thiago barkuan utzi zutela.
Berriz ere belauniko eta burumakur izan gintuzten denbora luzez, eta jendea jipoitzen jarraitu zuten.
Greziako Gobernua eta sionistak elkarlanean
Azkenean greziar kosta zainen eskuetan utzi gintuzten, eta taldeka eraman gintuzten kostaldera. Orduan ikusi ahal izan genuen barkuaren tamaina erraldoia, baita aurpegia estalita zuten laurogei bat militar ere, guri begira.
Ez zizkiguten pasaporteak ematen, larriki zaurituak zeuden kideak ez zituzten ospitalera eramaten.
Greziako kostaldera heldu ginetik argi ikusi genuen gure askapena atzeratzen zebiltzala. Istiluen aurkako poliziez inguratuta egon ginen denbora guztian, pasaporteak ez zizkiguten ematen eta autobusek nahita ibilbidea luzatzen zuten. Zaurituak ez zituzten berehalakoan ospitalera eraman. Ez genekien atxilotuak geunden, deportatuak izango ginen edo…
Argi geratu da sionisten eta Greziako Gobernuaren arteko elkarlana. Bahiketa ur internazionaletan gertatu zen, guztiz modu ilegalean. Barku batzuek laguntza eskatu zuten eta Greziak ez zuen ezer egin.
Badira oraindik itsasotik zein lurretik Gazako setioa hausteko antolatuta dauden Flotillako ekintzaileak, gure babesa behar dutenak
Palestinarrak gogoan
Bidaia osoan zehar gogoan izan ditut haur palestinarrak, espetxe sionistetan torturapean dauden bahituak, eta Mediterraneoa zeharkatzen saiatzen diren migratzaileak; itsasoan haiengandik gertuago nengoen. Horregatik, orain, herio-makinaria horren aurka zer egin dezakegun pentsatzen dudanean, herriak hitza hartu eta ekintzak indartu behar dituela uste dut, Euskal Herri antisionista eta antiarrazista eraiki dezagun.
Bozgorailu hau erabili nahiko nuke gogora ekartzeko badirela oraindik itsasotik zein lurretik Gazako setioa hausteko antolatuta dauden Flotillako ekintzaileak, gure babesa behar dutenak. Bide batez, besarkadarik estuena bidali nahiko nieke Saif, Thiago eta espetxe sionistetan dauden preso guztiei, gure bihotzetan zaudete. Gora palestinar erresistentzia! Jarrai dezagun borrokan!
Ibaitik itsasora Palestina izango da.