EAJk eta EH Bilduk “albiste oso ontzat” jo dute Konstituzio Auzitegiak hizkuntza eskakizunen gaia tramitera onartu ez izana

  • Hizkuntza eskakizunen auzian helegitea jarri zuten PP eta Vox alderdiek, eta EAEko Justizia Auzitegiari eskaera egin zioten, ebatzi zezan ea enplegu publikoan hizkuntza eskakizunak derrigorrezkoak izateak Espainiako Konstituzioa urratzen duen ala ez. EAEko auzitegiak Konstituzio Auzitegira bideratu zuen eskaera, zeinak ez duen galdera  tramitera onartu eta, beraz, irizpiderik ez duen eman. Hartara, auzia EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren esku geratu da berriro, eta hari dagokio behin betiko erabakia hartzea. Jaurlaritzak, EAJk eta EH Bilduk adierazi dute "albiste oso ona" dela Konstituzioak PP eta Voxen eskaera tramitera ez onartzea.

Kontseiluak deituta Donostian egindako elkarretaratzea, 2024ko irailean. Euskalgintzaren Kontseilua

2026ko uztailaren 9an - 09:33
Azken eguneraketa: 12:38
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Eusko Jaurlaritzarentzat "albiste ona" da: "Euskal administrazio publikoen hizkuntza-ereduaren oinarriak babestuta geratzen dira; eta gainera, onartutako lege aldaketak ekarriko digu segurtasun juridiko handiagoa exijentzia gehiagorik gabe". Gaineratu duenez, autoaren arrazoibide zehatza sakon ezagutu zain dauden arren, "Konstituzio Auzitegiaren erabaki honek euskal administrazioek urte luzez eta adostasun zabalekin eraiki dugun eredua babesten du". "Albiste positiboa da", dio, "eredua bere osotasunean indarrean eta babestuta geratzen baita, PPk eta Voxek aurkeztutako errekurtsoak gorabehera".

Bestalde, Jaurlaritzak azaldu du orain arte jasotako epaiak ez direla "legearen artikulatuari buruzkoak" izan, "deialdi jakin batzuen aplikazioari buruzkoak baizik". Hain justu, berriki Legebiltzarrean onartutako aldaketaren helburua da "deialdien inguruan sortu den segurtasun juridikorik ezari erantzutea", gaineratu duenez. "Izan ere, administrazio batzuek legea garatzen duen dekretuaren interpretazio jakin baten arabera egin duten aplikazioa izan da auzitegietan gatazkak eragin dituena".

Jaurlaritzaren hitzetan, onartutako aldaketak hiru irizpide ezartzen ditu hizkuntza eskakizunak proportzionaltasunez zehazteko: "Irizpide horiek arlo honetan garatutako doktrina eta jurisprudentziatik eratorriak dira: errealitate soziolinguistikoa; lanpostuaren izaera eta eginkizunak, baita administrazioaren planifikazioa eta normalizazio linguistikorako helburuak ere; eta herritar guztientzat berme handiagoak eskaintzen dituen eredua.

Euskararen normalizaziora bidean albiste ona, EH Bilduren iritziz

"Oso berri ona da administrazioan euskararen egiazko berdintasuna defendatu dugunontzat eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko erabakimena dugunontzat", azaldu du Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkide eta Euskararen Normalkuntzarako idazkariak. Dena den, nabarmendu du "oldarraldia" ez dela eten, eta koalizioak lanean jarraituko duela "geure hizkuntza nazionalarentzat estatus juridiko berri baten bila".

Eusko Legebiltzarrak, EAJren botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, Euskal Enplegu Publikoaren erreforma onartu zuen ekainaren 25ean. Erreforma horrek aurrera egin zezan bi alderdiek akordioa sinatu zuten eta agirian argi azpimarratzen da Konstituzio Auzitegiaren ebazpenak eragin zuzena izango zukeela bi alderdiek adostutako lege aldaketan. Aztiriak ARGIAri adierazi dionez, tramitera ez onartuta "oztopo handi bat gainditzen da eta gure estrategiaren funtsa indartzen du".

EAJren iritziz ere "albiste oso ona da" Konstituzio Auzitegiak asteazkenean jakinarazi duena, "administrazio publikoan euskararen normalizazioa bultzatzen duen lege-markoa babesten duelako". Halaber, "euskara babesteko" eta "zarata eta konfrontazioa alde batera uzteko" eskatu du alderdi jeltzaleak.


Euskara kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...