Duela urtebete, 80 herrialde baino gehiagotako 4.000 pertsona inguru Egiptora joan ginen helburu argi batekin: Rafahra iristea, Palestinako herriak jasaten duen blokeoa haustea eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren salaketa nazioarteko agendaren erdigunean jartzea. Agintarien erantzuna errepresioa izan zen. Ehunka pertsona deportatu zituzten, beste batzuk atxilotu eta arbitrarioki atxiki zituzten. Erasoak, mehatxuak, larderiak eta oinarrizko eskubideen urraketak jasan genituen nazioarteko elkartasuna gauzatzen saiatze hutsagatik.
Rafahra iristea lortu ez izanak frustrazioa ekarri zuen, baina ez porrota. Esperientzia hark utzi zigun amorrua antolakuntza, konpromiso eta mugimendu bihurtu zen. Erabaki hartatik sortu zen lehen Global Sumud Flotilla, genozidioaren eta blokeoaren aurkako nazioarteko desobedientzia zibileko ekintza.
Azken urte honetan, Palestinarekiko elkartasunak hazten jarraitu du munduko txoko guztietan. Milioika pertsona kalera atera dira sarraskia salatzeko, okupazioaren amaiera eskatzeko eta Palestinako herriarentzat justizia eskatzeko. Baina, aldi berean, antolatzen direnen eta salatzen dutenen aurkako errepresioaren gorakada kezkagarria ere ikusi dugu. Sionismoaren eta okupazioari eusten dioten interesen adarrak Palestinako mugetatik askoz urrunago iristen dira. Solidaritatearen kriminalizazioak, atxiloketa arbitrarioek, poliziaren indarkeriak, eraso fisikoek, torturek eta ekintzaileen aurkako sexu-erasoek agerian uzten dute sistema horri eusten diotenek edozein ahots kritiko isilarazi nahi dutela.
Errepresioaren gorakada kezkagarria ikusi dugu. Sionismoaren adarrak Palestinako mugetatik askoz urrunago iristen dira
Horregatik diogu Palestina gizateriaren kausa dela. Han gertatzen dena ez da gatazka urrun bat, ezta besteren tragedia bat ere. Zuzenean interpelatzen gaitu. Globalki pentsatzera eta tokian jardutera behartzen gaitu. Irabaziak dituzten erakunde konplizeak, beste aldera begiratzen dutenak edo genozidioa zuritzen dutenak seinalatzera behartzen gaitu. CAF, ITP Aero, Sener, SAPA, Aernnova... bezalako enpresak, okupaziotik eta gerra industriatik etekinak lortzen dituzten erakundeak seinalatu behar ditugu. Zentro teknologikoek eta unibertsitateek (EHU barne) sionismoarekin izandako lankidetza eta harremanak ere salatu nahi ditugu. Erantzukizunak eskatzen dizkiegu erakunde publikoei, hala nola Eusko Jaurlaritzari, Osakidetzari edo Ertzaintzari; sionismoarekiko lankidetza oro amai dadila, ez dadila bideratu diru publikorik gerra-industriari eusteko, ezta okupazioaz, apartheidaz eta Palestinako herriaren aurkako genozidioaz onura ateratzen dutenentzako ere.
Era berean, funtsezkoa da guztion eskura dagoen eguneroko borrokarako tresna indartzea: boikota. Oso baliabide indartsua dugu poltsikoan, boikot ekonomikoa, kulturala eta politikoa. Kontsumo erabaki bakoitza, okupazioan inplikatutako enpresekin, erakundeekin edo produktuekin hausten den lotura bakoitza, presio modu zehatz bat da. Boikota ez da sinbolikoa: erresistentzia zibileko estrategia historikoa da, apartheidaren eta genozidioaren erantzuleak isolatzea eta haien botere egiturak ahultzea bilatzen duena.
Oso baliabide indartsua dugu poltsikoan: boikot ekonomikoa, kulturala eta politikoa
Hilabete hauetako gertakariek erakusten dute erakunde sionista noraino iristeko prest dagoen salaketak isilarazteko. Palestinan, biztanleria zibilaren aurkako indarkeria gora egiten ari da, bereizi gabeko bonbardaketekin, azpiegitura sanitario eta zibilen aurkako erasoekin, eta bizirik erretako pertsonen eszena jasanezinekin. Horrek agerian uzten du Palestinako herriari egiten ari zaion zigor kolektiboaren garrantzia. Nazioarteko aktibistak atxilotu, jipoitu, torturatu eta espetxeratzeko gai badira, hauen “delitu” bakarra sionistak egiten ari diren krimenak salatzea denean, kezkaz pentsatu behar dugu zer gertatzen den okupazio eta espetxeratze erregimen baten mende dauden milaka palestinarrekin.
Hori dela eta, preso palestinar guztiak berehala askatzea exijitzen dugu, horietako asko kargurik eta epaiketarik gabe espetxeratu baitituzte atxiloketa administratiboaren erregimenean. Egun hauetan, Hussam Abu Safiya doktorearen irudi ikaragarriak ikusi ditugu. 2024tik atxilotu zuten, setiopean bere lanbideari eutsi ziolako, bonbardaketen erdian biziak salbatu nahian. Irudiek narriadura fisiko nabarmena eta tratu txarren zantzu larriak erakusten dituzte. Haren osasun egoerak eta kartzela baldintzek kezka handia sortzen digute.
Gure erantzukizuna da salatzen jarraitzea, mobilizatzen jarraitzea eta basakeria horri eusten diotenen zigorgabetasunarekin amaitzeko gai den mugimendu zibila eraikitzen jarraitzea
Era berean, Tunisiako Global Sumud Flotillako kideak eta Libiako lurreko konboiko kideak legez kanpo atxilotu izana salatzen dugu. Palestinako herriaren eskubideak defendatzen dituztenen aurkako jazarpenak ez du etenik, baina gure elkartasuna ere ez da etengo.
Genozidioaren, okupazioaren eta apartheidaren aurrean, gure erantzunak antolaketa, presio politikoa eta nazioarteko elkartasun handiagoa izan behar du. Izan ere, Palestinak aurre egiten dion bitartean, gure erantzukizuna da salatzen jarraitzea, mobilizatzen jarraitzea eta basakeria horri eusten diotenen zigorgabetasunarekin amaitzeko gai den mugimendu zibila eraikitzen jarraitzea.
Elkartasuna ez da delitua. Isiltasuna, genozidio baten aurrean, konplizitatea da.