80ko hamarkadan, Europar Batasunean sartu aurretik, Europarekiko atzerapen teknologikoaren sentimendua nabari zen estatuan; izan ere, nire ustez, diktadura frankistan, Europako herrialde aurreratuenekiko distantzia ez zen murriztu, nahiz eta industria handia sortu. Garai hartan, lanbide heziketak ez zuen hurbiletik ere gaur egun duen errekonozimendu soziala. Baina hori, batez ere 90eko hamarkadan, hezkuntza erreformen ondorioz, aldatuz joan zen eta lanbide heziketa hobetuz joan zen. Ikuspegi horretatik, logikoa zen pentsatzea sektore batzuetan behintzat lehen mailako enpresak izango genituela, gertatu den bezala. Enpresa horien artean badago puntu beltz bat giza eskubideen urraketarekin bat datorrena. Esate baterako, CAFek, Eusko Jaurlaritza akzioduna izanik, irabaziak handitzea lortu du, Jerusalem ekialdeko tren arinaren eraikuntzan eta mantentze-lanetan parte hartzeagatik, kolono israeldarrek okupatutako eremuetan eraikitako asentamenduak elkartzen baititu. Horregatik, Nazio Batuek eta gobernuz kanpoko erakundeek egindako txostenetan salatu da tren horren eraikuntzak giza eskubideak urratzen dituela. Horri gehitu behar zaio enpresa horrek lortu duen kontratua Europako tren-enpresa nagusiek, hala nola Alstomek edo Siemensek, tren hori egiteari uko egin ondoren etorri dela. Ondorioztatzen dut lehen nabaritzen zen konplexua teknologikoa ote zen orain, behintzat batzuentzat, etikoa dela esan daiteke.
Patxi Aznar Bellido
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.