Komiki animatuak


2026ko irailaren 22an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Eskolako urtekarirako argazkia ateratzen ari zaizkie ikasle batzuei. Umeak dira, eta, bata bestea baino xelebreagoak, harik eta lepoa okertzen duen ume bat agertu den arte. Argazkilariak geldi egoteko eskatu dio, behin eta berriz, baina umeak lepoa okertu eta okertu; nahita ari ote da? Azkenean, argazkian aurpegi erdia soilik atera zaio, eta lurrean bukatu du mutikoak. Christophe (Gary Clichy) du izena Louis Clichyk zuzendutako animazio film honetako protagonistak.

Pelikula samurra da, eta Christophe hazten ikusi dugu bertan. Coming-of-age pelikuletan ohikoa den bezala, ikusi ditugu gurasoekin –bereziki, aitarekin– duen erlazioa, baserriko bizitza eta familiaren arazo ekonomikoak, Christopheren amodio interesak eta bestelakoak. Hala ere, kortsea da hazkunde hori baldintzatuko duena, izan ere, lehen eszenan, Christophe ez zen ergelkerietan ari: bizkarreko arazo baten ondorioz kortsea jarri behar izan diote zuzen egon eta bizkarra indartzen joateko.

Marrazki oso-oso ederrak eta arte zuzendaritza paregabea ditu Le corset-ek: hiruzpalau koloreko paleta sinple eta efektiboari esker, ikusteko iruditeria atsegina eta beroa erabili du zuzendariak. Gainera, paleta murriztu horri esker, zerbait garrantzitsua azpimarratu nahi zuenean, baliabide estilistiko gisa erabili ahal izan du kolore berriren bat. Animazioak badu abantailarik kamera arruntekiko, efektu berezi garestirik gabe eszena oso original eta konplexuak egin daitezkeelako, marrazkilaria ona bada. Film honek asko aprobetxatu du hori, elementu magiko eta fantastikoak sartu dituelako, istorioari freskotasuna eta originaltasuna emateko.

Ni oso animazio zalea naiz, eta, agian, zaletasunetik hitz egiten dut, baina benetan pelikula atsegina da, helduek eta gaztetxoek ikusteko modukoa. Gainera, bereziki gustatu zait duen ikuspuntu optimista; oso ohituta gaude zineman dramak, arazoak eta bizitzaren zailtasunak ikusten, eta noizean behin haize freskoa aurpegian sentitzea oso gustukoa da. Honek ez du esan nahi zoriontasunaren mundu naif batean kokatzen denik lana, baina, behintzat, bertako arazoei baikor egiten die aurre, munduari argitasun pixka batez begiratuz. Pozik atera naiz zinematik.


Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.