Kolpistak Irun bonbardatzen hasi zirenetik 90 urtera, egia historikoa berrezartzearen lana egiteke da oraindik

  • 1936ko abuztuaren 9an hasi zen lau astez luzatuko zen Irungo hiriaren suntsiketa kanpaina, Francoren agintepeko matxinoen eskutik. Abiazio alemaniar eta italiarraren lana ezinbestekoa izan zen, adituek gaur egun "gerla totalaren laborategi goiztiarra" deitzen duten sarraskia egiteko.


2026ko abuztuaren 12an - 11:42
Irungo hiria, sute ugarik eragindako ke zutabez beterik, 1936ko iraileko lehen egunetan, Hendaiatik ikusirik. Irungo udal artxiboa
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Igandean 90 urte lehen aldiz Irungo zerua zulatu zuten hegazkinek, de Havilland Dragon Rapide batek hain zuzen, Irungo erdigunea lehen aldiz bonbardatuz. 2021ean Xabier Irujok argitaratutako Gerra Zibilaren Atlasa Euskadin lanean zehazten denez, kalte txikiak eragin zituen, baina ondorengo hilabetean zehar, hogei bonbardaketa egun jasan zituen hiriak, eta matxinoek airez eta urez mila bonba inguru bota zituztela kalkulatzen da.

Irailaren 4rako, bonbardaketa eta lurreko eraso ugariren ondotik, eta matxinoak Irun inbaditzekotan zirela, hamarkadatan Irungo sutea edo erretzea bezala ezagutzen dena gertatu zen. 90 urtez garaileen kontakizuna nagusitu da, tropa errepublikanoei leporatuz hiriaren suntsiketa irailaren 4 eta 5ean probokaturiko suteengatik. Bonbardaketak ordea abuztuaren 9an hasi ziren. Inposatutako kontakizun horrek ezkutatu egin du Irungo suntsiketaren benetako erantzukizuna; dozenaka suzko bonba erori ziren azken egunetan Irun gainera, eta lurrezko inbasioa hastean, granadak erabili zituzten ere matxinoek.

Urteurrena probestuz, egia historikoaren inguruan hausnarketa sustatu nahi du Antxeta Irratiak. Hala, Aranzadi zientzia elkarteak, Antxeta Irratiaren enkarguz eta Irungo Udalaren laguntzaz, airetik eta itsasotik egindako bonbardaketak zehazten dituen txosten zabala egin du. Irailaren 2an aurkeztuko dugu Irungo Udalan bertan.

Lan honekin batera, Gipuzkoan Antxeta Irratia hedabide komunitario euskaldunaren editorea den PausuMedia entitateak, historikoa den gertakari hau hedatzen segitu nahi du, eta bide batez duela hamar urtetik hona memoria historikoaren arloan egiten ari diren lanari jarraipena eman.

Iaz, Irun eta Hondarribiko herritarrek, garaian Hendaiara egiten duten exodo masiboari buruzko erakusketa bat antolatu genuen Avenida Zubian, geroztik oroimen-leku izendatua izan denean. Bertatik igarotako hainbat erbesteraturen lekukotasunez bidez, egia sozial horrek iruditeria kolektiboan oso errotuta jarraitzen duela egiaztatu genuen. Hori dela eta, ikerketa hau abian jartzea erabaki genuen. 

Ideia totalitarioak bueltan datozen garai aztoratu hauetan, ez errepikatzeko bermerik onena gertatutakoaren memoria eta egia zabaltzea da, eta hori bera  belaunaldi berriei helaraztea.


Oroimen historikoa kanalean gehiago
2026ko irailaren 2
Olatu herritarra Trantsizioko errepresioaren gainetik
1976ko irail gorria

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...