Kelly eta Andrés Kolonbiako ipar-ekialdeko eskualdetik etorri dira Euskal Herrira, Venezuelarekin muga egiten duten Cesar, Norte de Santander eta Santander departamenduetatik. Elkarrizketa egin dugunean Gasteizko Eusko Legebiltzarrean izan berri dira, legebiltzarkideak bortizkeria-egoeraren larritasunaz ohartarazteko, eta areagotu daitezkeen giza eskubideen urraketak salatzeko. Plataforma Popular Tejiendo Luchas eta Congreso de los Pueblos erakundeetako aktibistak dira.
Maiatzaren 31n hauteskunde presidentzialak izango dira Kolonbian, eta ultraeskuinak irabaziz gero, paramilitarren oldarraldi handia etorriko dela uste dute. “Duela 10 urte 2.500 paramilitar zeuden; gaur egun, 11.000 eta 13.000 bitartean”, diote. Bestaldean, gerrilla matxino aktibo gisa, ELN dago. Hirugarren aktore gisa, FARC gerrillaren ondorengoak diren taldeak gehitu behar dira; sei egitura ezberdindu daude Kolonbian zehar. Jakina, aktore armaturik gorena Kolonbiako estatua da, armadarekin, Poliziarekin...
Hauteskundeei begira lehia estua aurreikusi dute inkesta guztiek. Gustavo Petrok irabazi zuen 2022an, baina, salatu dute Kellyk eta Andrések: “2018an ere irabazi zuen, gure ustez, baina Iván Duque jarri zuten presidente. 2022an, ordea, testuingurua ezberdina zen, 2021eko mobilizazio eta borroka handiak izan berri ziren (“eztanda”) eta herria kalean zegoen. Horrek behartu zuen eskuina eta oligarkia Gustavo Petroren gobernu progresista onartzera, lehen aldiz 100 urtean”. Gaur egun, ordea, herria ez dago maila horretan mobilizaturik, eta horrek pentsarazten die hauteskunde-iruzurra egon daitekeela Iván Cepeda hautagai progresistaren kaltean.
Herria ez dago 2021ean bezala mobilizaturik, eta horrek pentsarazten die hauteskunde-iruzurra egon daitekeela Iván Cepeda hautagai progresistaren kaltean
Mehatxu paramilitarra, Venezuela azken helburu
Kolonbiako talde paramilitar handiena,Clan del Golfo-Ejército Gaitanista de Colombia, Catatumbora bidean doa eskualdea bereganatu nahian. Bidean, beste talde paramilitar batekin ari da borrokatzen, Los Pachenca-Autodefensas Conquistadoras de la Sierra Nevada, biek nahi dutelako mugako eskualde hori bereganatu. Kellyk eta Andrések salatzen dutenez, “biei ala biei estatus politikoa eman zaie Gustavo Petroren legealdi honetan, eta euren kideak biderkatu dituzte”. Mugan daude ere, erresistentzia gisa, batetik komunitateak, historikoki herri boterean oinarrituak, eta, bestetik, ELN gerrilla matxinoa.
“Paramilitarren eginkizuna Venezuelara sartzeko lurreko sarbidea garbitzea da”, diote Kelly eta Andrések, eta gehitu: “Venezuelan sartu ziren eta presidentea bahitu, baina Venezuela konkistatzeko lurretik sartu behar dira, eta lurreko sarbidea Kolonbiatik egingo dute. AEB dekadentzian dagoen inperioa da, baina armada handia duena, eta gainbehera horretan bere atzeko patioaren kontrola behar du”. Bien arabera azken helburua Venezuela da: “Ez dute aski hidrokarburoen gaineko legearekin, edo Alex Saab-en estradizioarekin, baina Venezuelan herri antolatu bat dago proiektu iraultzaile bat duena. Horregatik sartu behar dira lurretik. Trumpek berak ildo hau ‘Ameriketako ezkutu’ gisa aurkeztu eta Venezuela, berriz, ‘51. estatua’”. Ziur, daude denbora kontua dela, urte bat-edo, baina espero dute Iván Cepeda presidente egongo bada, giza eskubideak gehiago begiratuko direla.
Catacumbo
Kolonbiako ipar-ekialdean FARCen ondorengo Frente 33 aritzen da. Kellyk eta Andresek salatu dutenez, “komunitateen herri boterearen kontra ari dira”. Caucan antzeko egoera deskribatu zuen ARGIArako Marylen Serna aktibistak. ELNren eta Frente 33ren arteko enfrentamendu armatua Tibúko Sarraskiagatik hasi zen. Ehorztetxe bateko gizona, Miguel Ángel López, bere bikotekidea eta umea hil zituzten tirokatuta Frente 33koek. Geroztik, euren arteko gatazkak hainbat sarraski eta ekintza ekarri ditu. Egoera korapilatsua da, gobernua eta FARCen ondorengo taldeak negoziatzen ari dira, eta, ondorioz, Frente 33 ZUT (“Zona de Ubicación Temporal”) batean dago, Kolonbiako armadak babesturik, Catatumbon. Horrek areago korapilatu du, berez, nahasia zen egoera.
Kolonbiako lurra oro har da aberatsa, eta, aldi berean, “bertako herri eta pertsonek pairatzen duten miseria, bortxa eta lekualdatzeen arrazoia”
Catacumbo eskualdea ibaiaren inguruan kokatzen da, oihanean, Kolonbia eta Venezuela arteko mugan. %70 Kolonbiako lurraldea da, eta %30 Venezuelakoa. Eskualde hartan, Kolonbiako beste askotan bezala, jatorrizko herri bat bizi da, Barí herria: “Catatumbo hitzak euren hizkuntzan trumoiaren lurraldea esan nahi du”, dio Kellyk. Izan ere, tximista pila bat lehertzen da bertan, lurra mineral arraroz eta aberastasun hidrikoz beterik baitago. Kellyk eta Andrések nabarmendu dutenez, “estatuak guztiz baztertuta utzi izan du eskualdea, eta horrek eragin du oso komunitarioa, matxinoa eta iraultzailea izatea”. Duela 150 urte, petrolioaren esplotazioarekin batera, eta areago duela 80, bortizkeria egoeragatik, petrolio putzuetako langileak eta nekazari “zuriak” heldu ziren lurraldera. “Azalaren zuri tonua gorabehera, Barí herrikoek kanpotik heldutako guztiei zuri esaten diete” dio Andrések bere besoa seinalatuz, berari ere zuri esaten diotela nabarmenduz: “Barítarrak ez ohi dira zuriekin fio, historikoki asko pairatu dute euren bortizkeria, baina gu saiatzen gara sareak josten eta lurralde inter-etnikoak bultzatzen. Eskualdean, petrolioa, mineral arraroak eta hartxintxar-harrobiak ere badaude”. Finean, Kolonbiako lurra oro har da aberatsa, eta, aldi berean, “bertako herri eta pertsonek pairatzen duten miseria, bortxa eta lekualdatzeen arrazoia”.
Frente 33 eta ELNeren arteko borrokak direla eta, eskualdean dauden komunitateak, boladaka pasatzen dira Frente 33ren ala ELNren mendeko lurralde izatera. Horrez gain, kokaren landaketa dago, gobernuaren nekazaritza-erreforma, eta beste.

Narkotrafikoa, nekazaritza erreforma eta komunitateak
“Kontsumo ez-zilegirako laborantzak” esaten diote Kellyk eta Andrések kokaren landaketari. Narkotrafikoa bortxakeriaren eta lekualdatze masiboen motiboetako bat da. Nekazarien lurrak paramilitarren, gerrillen eta gerrillen ondorengoen mende daude askotan. Orain batena, hurrengoan bestearena. Horrez gain, batzuetan behartuak ere badira koka landatzera. Nekazari zurien eta barítarren kultura eta narkoena guztiz aurkakoak dira: narkoan sartzen diren mutilek janzkera eta estetika aldatzen dute, urrea eta autoak arrandiaz erakutsi, emakumeen gorputzak salerosi eta adin txikikoak armatu eta erabiltzen dituzte. Nekazariek, halakoetan, bi aukera besterik ez dituzte: lekuz aldatu, ala koka landatu.
Historikoki, lau miloi pertsonek ‒gehienak nekazariak‒ ihes egin behar izan dute euren lurraldetik. Estatuak eta FARC-EPk Habanan sinatu zuten itunaren ondorioz, estatuak konpromisoa hartu zuen nekazariei hamar miloi hektarea lur emateko. Petroren gobernuak 1,7 miloi hektarea banatu ditu. Baina Kellyk eta Andrések salatzen dutenez, gatazkak bere horretan dirauenez, “nekazariek ez daukate inongo bermerik, batzuetan emandako lurrak kentzen dizkiete, eta gobernuak paramilitarrei erosi behar dizkie berriro ere”.
“Kokaren landaketa bikoiztu egin da azken hamar urtetan, Catatumbon, berriz, laukoiztu”, salatu dute. Horren aurrean, ultraeskuinak ematen duen konponbidea lurrari glisofatoa botatzea da. Horrek, jakina, ez ditu aintzat hartzen nekazariak: “Azkenean, haiek nahi dutena lurra da, ez nekazariak. Berdin da petroliorako, mineraletarako edo kokarako”.
Batzuetan emandako lurrak kentzen dizkiete nezkazariei, eta gobernuak paramilitarrei erosi behar dizkie berriro ere
Kelly eta Andrésen militantzia
Plataforma Popular Tejiendo Luchas oinarritik abiatutako prozesua da, bost ildotan banatuta dagoena: gazte ikasleak UIS-en (Santanderreko Industria Unibertsitatean); sindikalgintza SINTRACAPen (TCC garraio enpresan); giza eskubideen aldeko borrokan REDEDTERen; lan herrikoi zibikoa Bloque Camilistan; eta kulturgintza Ni un paso atrás festibalarekin eta beste.
Hor kokatzen da Kelly eta Andrésen lana. Azken aldian sindikatuan jarduten diren langileak laguntzen dituzte, eta langileen ‒gehien-gehienak gizonezkoak‒ eta euren familien artekoa harremana zaintzen. Izan, ere, Kolonbian historikoki langileen borroka bortizki erreprimitu dute paramilitarrek, enpresariek eta estatuak. Horrek eragin du Kolonbian langile sindikatuen portzentaia %3koa besterik ez izatea. TCCn, esaterako, “700 langile daude zuzenean kontrataturik eta beste 5.000 lan-poltsen bidez lanean, haietariko batzuek hamabost urte eman dute horrela” salatzen dute.
Andrés Congreso de los Pueblos antolakuntzan ere jarduten da, Nekazalgintzako Kordinatzaile Nazionala da eta komunitateetan zein auzoetan egiten du lan. “Kolonbiako hiriak, hiri normalak ez bezala, ez dira osatu lanak eta aukera berriek pertsonak erakarrita, baizik eta behartutako lekualdatzeen ondorioz, eta, heldu ahala, miseria eraztunak sortuz”, azaldu du Andrések.
“Gustavo Petro egiatia izan da”, diote: “Legealdi-hasierako diskurtsoan aitortu zuen bere gobernu-lana kapitalismoa Kolonbia osoan garatzea izango zela”
Progresismoa eta herri boterea: Gustavo Petro
Solasaldia, ezinbestean, hauteskundeen osteko panoramaren inguruan hizketan bukatu dugu. “Gustavo Petro egiatia izan da”, diote: “Legealdi-hasierako diskurtsoan aitortu zuen bere gobernu-lana kapitalismoa Kolonbia osoan garatzea izango zela”. Alegia, ezin zuten iraultza bat espero. Lehen mobilizatuak zeuden herritar gehienek, ordea, mobilizatzeari utzi zioten. Emaitza, herrialdeak dituen arazo nagusiak konponbidean jartzeko ezintasuna da: nekazari edo industria erreformarik ez, oligarkiaren boterea, transnazionalak, paramilitarismoa, estatuak bake itunak ez betetzea... eta baita balizko hauteskunde-iruzur baten aurrean, kalean kontrako jarrerarik ez egotea ere.
Biek aitortzen dute Petrorena ez dela ardura osoa eta lau urtetan ezin direla egiturazkoak diren arazo handi horiek denak konpondu, baina une kritiko honetan ohartarazi nahi gaituzte Kolonbian ‒eta Venezuelan‒ gerta daitekeen odol jarioaz.