Gizarte antropologoa da Andrés Ruggeri (Buenos Aires, Argentina, 1967), eta 2002tik Facultad Abierta programa zuzentzen du, langileek berreskuratutako enpresak laguntzen, aholkatzen eta ikertzen dituen UBAko Filosofiako eta Letren Fakultateko talde bat. Gaian espezializatutako hainbat libururen egilea izateaz gain, hitzaldiak eta ikastaroak ematen ditu Hego Amerikako, Europako eta Asiako hainbat herrialdetan. 2007tik La Economía de los Trabajadores nazioarteko erakundea koordinatzen du. Berriki Euskal Herrian izan dugu EHUgunek ekarrita, Autogestioa eta birjabetze publikoa jardunaldien eskutik.
Argentinan langileek berreskuratutako enpresekin lan egiten duzu. Nola definituko zenituzke?
Enpresa berreskuratu bat kapitalismo tradizionaleko enpresa bat da, arazo ekonomikoengatik edo dena delakoagatik itxi zutena, eta berriro martxan jarridena modu autogestionatuan langileen eskutik, normalean kooperatiba formarekin. Halako kasuak Argentinan gehien bat 2001eko krisiaren garaian gertatu ziren. Aurretik ere baziren, eta ondoren ere egon dira. Funtsean, langileek beren lana mantentzeko modu bat da, baina nagusirik gabe.
Zer berezitasun historiko izan zituen 2001eko krisiak Argentinan?
Latinoamerikako herrialdeetan, bereziki 1990eko hamarkadan, politika neoliberalak ezarri ziren oso modu gordinean. Politika horren helburua Argentinaren egitura ekonomikoa eta matrize produktiboa eraldatzea izan zen, eta neurri handi batean lortu zuen. Latinoamerikako testuinguruan industrializazio maila nahiko handia zuen herrialdea zen Argentina, eta lehengaien esportatzaile bilakatu zen. Enplegua zuen langile klasearen zati handi bat enplegu formaletik kanpo geratzera ekarri zuen krisiak, eta langile informalen klase erraldoi bat sortu zen.
Langileek nola erantzun zuten?
Enpresa berreskuratuak prozesu horren aurkako erresistentziaren adierazpena dira. Herrialdean milaka enpresa itxi ziren, eta batzuk berreskuratu dira. Guztiak ez, noski. Askok ez dute inoiz berreskuratzeko saiakerarik egin. Enpresa berreskuratu dutenek lan formalaren barruan jarraitu nahi dute, nahiz eta ez den lehengo forma berean, alegia, jada ez dute nagusirik.
"Autogestioa lan harreman kapitalista gainditu dezakeen forma ekonomiko potentziala da"
Beraz, helburua biziraupena da.
Bai, helburu nagusia biziraupena bermatzea da. Eta horrek lan kolektibo horren barruan zenbait eraldaketa sortzen ditu, ez baita gauza bera kaleko saltzaile batek bizirauteko borrokatzea edo lehen patronalarena zen fabrika bat berreskuratu eta enpresa autogestionatu bihurtzea. Enpresa berreskuratuetan prozesu sozial berriak sortzen dira: lanaren demokratizazioak langileen kontzientzia eta subjektibitatea eraldatzen ditu. Beraz, hasieran sarritan biziraupena zenak, lan egiteko modu kapitalista arruntetik oso desberdina den lan-forma sor dezake.
Biziraupena bermatzeaz harago, autogobernantza ere badago, ezta? Espazio eta subjektu berriak ekoizten dira…
Nik uste dut bi dimentsio horiek bereizi behar direla. Enpresa berreskuratuak ez badu biziraupena bermatzen, porrota da. Eta hori gertatu izan da. Kooperatibak balio du langileei jaten ematen badie eta diru-sarrera duinak sortzen baditu, familiei eusteko modukoak. Hori da oinarria. Ez dago subjektu berri, subjektibitate berri edo lan forma berrien bilaketarik gutxieneko hori bermatzen ez bada. Eta hori konplexua da, enpresak makroekonomikoki hondatuta zeudelako, baina askotan enpresarien maniobren ondorioz ere bai: batzuetan ez dago makinariarik, edo egoera tamalgarrian dago eraikina, hondatuta; bezeroak galduta; hornitzaileek ez dute konfiantzarik, nagusiak engainatu zituelako, eta orain langileei krediturik ez dietelako eman nahi, baina bai nagusien zorra kobratu. Beraz, berreskuratze prozesuak oso konplexuak dira. Ezin da alderatu sektore bereko kapitalismo arrunteko enpresa arrakastatsu batekin, kooperatiba direnak aurretik hondatu egin zituztelako. Abiapuntua ez da maila berekoa, askoz beheragotik hasten dira, hondamendira gidatu zituztelako.
Lehen porrot egin zuen enpresa batek langileen eskuetan funtzionatu dezake beraz...
Hori da, bai. 2002an Roberto Alemann, diktadurako Ekonomia ministro ohia eta neoliberalismoaren ideologoa zenak, Buenos Aireseko egunkari batean enpresa berreskuratuei buruzko artikulu bat idatzi zuen. Honela zioen: “Nola izango dira arrakastatsuak langileak, negozioetarako formatuak diren enpresariak porrot egin duten lekuan? Langileak lanerako baino ez daude prestatuta, ez negoziorako. Enpresa berreskuratuek ez dute funtzionatuko, alferren paradisua besterik ez dira”. Hitz horien aurrean, nik esaten diot “alferrak” nahiko ondo moldatu zirela, nahiko ondo.
Zer dakar kooperatiba forma hautatzeak enpresa berreskuratuak kudeatzeko?
Kooperatiba enpresa berreskuratuetan tresna juridiko gisa ulertzen da: legalitatea ematen du, eta aldi berean enpresa berreskuratu batek bere burua antolatzeko duen moduari egokitzen zaio. Orokorrean, asanblada da organo gorena, eta langileen arteko berdintasuna dago. Laneko kooperatiba ereduak antzekotasun handiak ditu horrekin. Beraz, forma juridiko hori hartzen da, borroka legalizatzen duelako, eta aldi berean, autogestio prozesuaren adierazpen juridiko eta legala ahalbidetzen duelako.
Zer harreman dute enpresa berreskuratuek estatuarekin?
Oso harreman konplexua da, eta egonkortasun politikoak baldintzatzen du, estatuarekin harremana gobernu zehatz batekin egiten delako beti. Estatua, lehenik eta behin, botere judizialaren bidez harremantzen da enpresa berreskuratuekin. Fabrikak porrot egin ostean langileek okupatzen dutenean, eta enpresari ohiak salaketak jartzen hasten direnean, lehenak baitira azaltzen. Baina gobernuaren arabera, botere legegilea eta exekutiboa ere agertzen dira, politika jakin batzuekin. Langileek, orokorrean, estatuari eskaerak egiten dizkiote, izan ere, fabrikak okupa
tzen dituztenean beren arazoa konponduko duen norbaiten arreta deitu nahi dute. Inork ez duela ezer konpontzen ikusten dutenean, esaten dute: “Bueno, kooperatiba sortu beharko dugu”. Hori da prozesua. Eta hor sartzen dira desjabetzeak, lortutako edo lortu gabeko legeak, eta laguntza programak. Argentinan Cristina Kirchnerren eta Alberto Fernándezen gobernuek laguntza programak ezarri zituzten, baina gaur egungo gobernu liberalek dena ezabatu dute. Beraz, enpresa berreskuratuek estatuari aurre egin behar diote lehenik. Batzuetan badago lankidetza pixka bat, baina askotan estatua lagun izan gabe biziraun behar dute, behintzat ekonomikoki.
Nola bizirauten dute enpresa hauek Mileiren gobernupean?
Gaia korapilatuta dago. Mileiren gobernuak oraindik ez du eraso zuzenik egin enpresa berreskuratuen aurka. Beste sektore askori eraso egin die, etsaitzat hartu dituelako: sindikatuak, irakasleak, etabar. Enpresa berreskuratuak oraindik ez ditu etsai gisa hartu, seguruenik gutxi direlako eta ez direlako hain eragin handikoak. Baina funtsean badira etsai ideologikoa, kolektiboa den oro okerra delako Milei eta bere taldearentzat. Diskurtso indibidualista eta askatasun ekonomikoari gorazarre egin dute. Beraz, funtsean etsai dira, enpresa berreskuratuek kolektiboa mekanismo ekonomiko gisa aldarrikatzen dutelako.
Testuinguru zaila dute.
Testuinguru ekonomikoa guztiz kontrakoa da edozein industria produkziorentzat: inportazioak ireki eta prezio guztiak liberalizatu dituzte, industriarentzat berebizikoak diren energia zerbitzuak barne. Ekoizpenaren barne kostu guztiak igo dira, eta inportazioak industria suntsitzen ari dira. Gainera, soldaten erosahalmena asko jaitsi da. Ondorioz, enpresa berreskuratuetako langile askok kanpoko lanak bilatu behar dituzte, lan informaletan. Ordu kopuru izugarria egiten dute lan, eta goera oso konplexua da: presioa dago enpresen gain eta langileen gain. Nik adibidez, unibertsitateko irakaslea izanik, nire soldataren erosahalmenaren %40 galdu dut presidente hori dagoenetik. Are, gaur greban gaude. Ni Euskal Herrian nago baina unibertsitatea greban dago [azaroak 12,13 eta 14].
"Unibertsitateko irakaslea izanik, soldataren erosahalmenaren %40 galdu dut presidente hori dagoenetik"
Lanaren etika eskuin neoliberaletik aldarrikatzen da?
Mileiren gobernuak ez du lanaren etika bultzatzen, mugarik gabeko merkatuaren etika bultzatzen du. Bere ustez, garrantzitsuena dirua irabaztea da, eta horretarako lan egitea ez da beharrezkoa. Lan eginda irabazten baduzu dirua, tonto samarra zarela esango luke, negozioak egin behar zenituzkeelako. Lan egitea tontoentzat omen da, eta dirua egitea azkarrentzat. Hori da gobernuak sustatzen duen mezua, eskuin mutur liberalaren diskurtsoa. Egia da eskuin tradizionalak lanaren, familiaren eta ordenaren balioak aldarrikatzen dituela. Aldiz, piketean dauden, kaleak mozten dituzten edo Poliziarekin borrokan ari diren langileak desordena eragiten dutela uste dute. Enpresa berreskuratuek nolabait ordenaren aldarrikapena egiten zuten sektore horientzat.
Badute babes sozialik auzoetan, herrietan, hirietan?
Babesa tokian tokiko errealitatearen araberakoa da, batzuek auzoarekin harreman txarra dute, eta beste batzuek handiagoa. Oso handiak diren metropolietan edo hiri txikietan egotea desberdina da. Adibidez, Pigüé izeneko leku batean fabrika berreskuratu bat dago. Herriak 15.000 biztanle inguru ditu, eta fabrika da herriko enpresa nagusia. Hasieran, jende askok aurreiritzi sendoak zituen, baina denborarekin onartu zuten, fabrikak jende askori lana ematen diolako.
Garaien arabera ere aldatu da. Mobilizazio sozial handiko garaietan, lana aldarrikatzeko hainbeste mugimendu zegoen garaietan, enpresa berreskuratuak ongi ikusiak ziren. Lan egiten jarraitu nahi zuten langileak zirelako. Batez ere klase ertain eta eskuinaren hedabideetatik oso aurreiritzi gogorrak zabaltzen dituzte langileen aldarrikapenen aurka. Diote bideak mozten dituztenak eta lan egin nahi ez dutenak alferrak direla, eta lanerako arduratsuak direnak molestatzen dituztela. Baina enpresa berreskuratuen aurka ez zituzten aurreiritziak zabaldu. Ondo ikusiak ziren, lan egin nahi zuten pertsonak zirelako, eta beraien fabrikan jarraitu nahi zutelako.
Industria enpresa tradizionaletatik harago, administrazio publikoko eta hirugarren sektoreko enpresak berreskuratzen dira?
Ez. Badago kasuren bat, estatuarena zen inprenta bat pribatizatua izan zena eta horren kontra borrokatu eta kooperatiba bihurtu zena. Baina sektore publikoa desberdina da. Ez da beste kasuetan bezala, enpresa itxi dutela, denak kaleratu dituztela, eta kooperatiba bihurtzen dutela. Sektore publikoan ahulenak kaleratu dituzte, kontratu prekarioak zituztenak: hemendik hamar pertsona, handik bat, beste handik beste bi... Hala ere, langile horietako batzuk kooperatibak sortzen saiatzen hasi dira, jarduera ekonomiko ezberdinak izateko, lanik gabe geratu direlako. Baina oraindik ez dago antolaketa sendorik.
Enpresa berreskuratuak euren artean saretuta daude?
Bai. Argentinan badaude hainbat sare. Ez dago mugimendu bakar bat, baina badaude kooperatiben hainbat federazio. Horietan gehienak berreskuratutako enpresak dira. Nik, adibidez, FEDECARA Argentinako Errepublikako Kooperatiba Autogestionatuen Federazioan hartzen dut parte. Bertan 50 enpresa berreskuratu inguru gaude, hainbat probintziatakoak eta sektore askotarikoak: metalurgiak, grafikoak, ehungintzakoak, elikagaien sektorekoak...
Nazioartean ere antolatuta zaudete, ezta?
Bai. Badago La Economía de los Trabajadores sare globala. Bertan, nazioarteko elkartasun komite bat antolatzen ari gara autogestioaren alde, Argentinako esperientziatik abiatuta. Nahiz eta aspalditik antolatzen saiatu garen, oraindik hasierako fasean gaude. Helburua da mundu mailan lan autogestionatuaren esperientzia indartsuenetako bat ahalik eta gehien babestea. Herrialde askotako erakundeak ari gara hori zabaltzen eta kanpainak egiten. Esaterako, orain berreskuratutako inprenta baten produkzioa abiarazten laguntzen saiatzen ari gara.
Mundu osoan daude enpresa berreskuratuak?
Bai, badaude hainbat herrialdetan. Europan asko daude, Grezian, Italian, Frantzian, Espainian… Okupazioaren ideiarekin lotuta daude askotan, baina ez dute hainbeste “enpresa berreskuratu” terminoa erabiltzen, “kooperatiba” baizik. Azken finean, berreskuratutako enpresen fenomenoa beti existitu izan da kapitalismoan. Aspalditik izan dira itxi zituzten enpresetatik sortzen diren kooperatibak. Kapitala liburuan ere Marxek pare bat kasu aipatzen ditu oin-oharretan. Baina enpresa berreskuratuen fenomeno konkretu hori identifikatzearen ideia Argentinan sortu zen, 2001eko krisiaren testuinguruan.
Nola proiektatzen da hori guztia etorkizunean?
Argentinako egoera oso kritikoa da gaur egun etorkizunera begira. Antolaketa oraindik hasieran dago, baina atzean dagoen ideia da autogestioa lan harreman kapitalista gainditu dezakeen forma ekonomiko potentzial bat dela. Ez du zertan modu bakarra izan, ez dira enpresa guztiak autogestionatuak izan behar, baina esperientzia horietatik gauza asko ikas daitezke.