Kokainaren metabolitoak izokinen mugimenduan eragiten du

  • Kokainak izokinen mugimenduan nola eragiten duen ikertu dute Australian. Griffitheko Unibertsitateak gidatu du ikerketa, eta frogatu dute gizakion kontsumoaren ondorioz habitat naturalera iristen den kokainaren metabolitoak eragin zuzena duela izokinen mugimenduan, eta, beraz, haien portaeran. 


2026ko apirilaren 28an - 07:00
Izokinak ikertzen, beren habitat naturalean. Michael Bertram / Griffitheko Unibersitatea
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lehendik ere, ikerketa ugarik erakusten zuten kokainak gizakien antzeko ondorioak dituela animalien portaeran, arrainetan barne. Oraingoan, baina, habitat naturalean benetan daukan eragina aztertu nahi izan dute. Horretarako, batetik, kokainaren metabolitoaren (benzoilekgoina) kontzentrazioak neurtu dituzte izokinetan, eta, bestetik, jarraipena egin diete izokinen mugimenduei. 

Benzoilekgoina txizaren bidez kanporatzen da gorputzetik, eta estoldetako uretan iristen da ingurune naturalera. Izan ere, araztegiak ez daude prestatuta konposatu horiek garbitzeko. Bada, metabolitoaren eraginpean zeuden arrainek kontrol-taldekoak baino ia bi aldiz gehiago urrutiratzen ziren igerian. Eragin hori kokainak berak duena baino are nabarmenagoa da.

Gehiago mugitzeak eta urrunago joateak ondorioak ditu elikaduran, predatzaileekin topo egiteko arriskuan, eta kideen arteko elkarrekintzan. Horrez gain, ikertzaileek gogorarazi dute izokinek lehendik ere klima-aldaketaren ondorioak jasaten ari direla, eta, beraz, horrelako estresatzaileek kalte are handiagoa egiten dietela.

Bestalde, argitu dute segurua dela arrain horiek jatea; hau da, haietan neurtutako kontzentrazioek ez dutela ondoriorik gizakietan. Bukatzeko, ohartarazi dute, kokaina ez ezik, ingurunera beste farmako eta substantzia psikoaktibo asko iristen direla, eta estrategia integral baten alde egin dute, kutsadura-mota hori eragozteko. 


Drogak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.