Kobre meatzeak zabaltzeko lehen urratsak Lizarraldean eta Zangotzan

  • Sorladako Udalak (Nafarroa) baimena eman dio Iberian Copper S.L.U. enpresari lur komunaletan meatzaritzarako egokia den jakiteko ikerketa lanak egin ditzan. Ekologistak Martxan eta Lurgorri Lizarraldeko meatzaritzaren aurkako plataformak salatu dute udalak lanak egiteko emandako baimena legez kanpokoa dela.

Sorlada herrian uztailaren 3an elkarretaratzea egin dute kobre meatzearen aurka. 40 biztanle inguru bizi dira Sorladan.

2026ko uztailaren 6an - 10:25
Azken eguneraketa: 13:48
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Uztailaren 3 arratsaldean elkarretaratzea egin dute Sorlada herrian, Lurgorrik eta Ekologistak Martxan taldeek deituta eta ikeketa lanak legez kanpo hasi dituztela salatu dute bertan. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren Enpresa Garapenerako Zuzendaritza Nagusiak 2026ko otsailaren 4an eman zituen Nafarroako lau eremutan ikerketak egiteko baimenak eta bertan adierazten da proiektuaren jarduerak landutako eremuetan bakarrik egin daitezkeela: “Proiektuaren jarduerak aurkeztutako dokumentazioan zehaztutako kokapenera eta ezaugarrietara mugatu behar dira, landutako eremuetara mugatuz, dauden sarbiderako bideak erabilita, eta kaltetutako eremuak berehala leheneratuta”. Eta gauza bera zioen 2025eko maiatzaren 28an Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Ebaluazio Atalak egindako txosten teknikoak.

Aldiz, ikerketa lanak egiteko baliatu nahi dituzten hainbat lursail komunal baso lurrak dira, ez laborantza lurrak, beraz, Ekologistak Martxan eta Lurgorri taldeen hitzetan, "inolako kasutan ezin da baimendu bertan lanak egitea". Horrez gain, nabarmendu dute lursail horiek ez direla ageri enpresak ikerketa proiekturako atxikitutako dokumentazioan, eta beraz, hori ere legez kanpokoa dela.

Jarduera guztiak berehala etetea eskatu dute

Lurgorrik eta Ekologistak Martxan taldeek nabarmendu dute baimena jaso duten jarduerak Interes Komunitarioko Habitat Naturaletan kokatzen direla, zehazki, Europar Batasuneko Habitat Zuzendaritzak Lehentasunezko gisa izendatutako habitatetan. Horregatik, "jarduera guztiak berehala etetea" eskatu dute eta salaketa aurkeztu dute Guardia Zibilaren Natura Babesteko Zerbitzua den Sepronan, Ingurumen Babeserako Zerbitzuan eta jakinarazpena igorri dute Nafarroako Gobernuko Meatze, Lurralde Komun eta Biodibertsitate Zerbitzura, dagozkien prozedurak abiarazteko.

Kobre meatzaritzarako Nafarroako 264 km koadro baliatu nahi ditu enpresa honek Lizarraldean eta Zangotzan eta 31 udalerri dira kaltetuko lituzkeenak. Horiei eta lur jabeei dei egin diete Ekologistak Martxan eta Lurgorri taldeek, lizentziarik edo baimenik ez emateko eskatuz.

Salatu dute informazio falta eta parte-hartzerik eza ari direla izaten nagusi prozesu osoan zehar, eta irregulartasunez betetako prozesua dela. Mezu mingotsa utzi dute historiaren orrietarako idatzita: "Guztiei gogorarazten diegu ikerketa baimenekin lotutako lanen hasiera dela kobre meatzaritza Lizarraldea eta Zangotzara heldu izanaren lehen urratsa".

Iberian Copper enpresa

Iberian Copper da lau eremu ikertzeko Nafarroako Gobernuaren baimenak eskuratu dituen enpresa, baina 2024an Megado Minerals enpresak erosi zuen Iberiar Copperren %80. Megado Mineralsek Australiako Burtsan kotizatzen du eta Megado Mineralsen kudeatzailea Espainian Gonzalo Mayoral da, Iberian Copperren zuendari exekutiboa eta administrari bakarra ere badena.


Irakurri gehiago: Ingurumena meatzaritza Ekonomia
Ingurumena kanalean gehiago
2026ko uztailaren 13
Goizean argi
Beroari aiene

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...