Klase elkartasunetik begiratuta...


2026ko uztailaren 8an - 10:37
AFP
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Munduko zazpi estatu aberatsenak elkartu berri dira, ekainaren 15etik 17ra G7 gailurraren kari, Mont-Blanc mendiaren magalean. Hainbat gai aipatu dituzte. Ingurumena ere ukan dute solasgai, baina “klima” eta “beroketa klimatikoa” hitzak ez dira agertu G7ko txostenean. Ez dira agertu, ez direlako aipatu. Nahitara ez da hitz egin hortaz: “Gaia ateraz arriskua hartzen genuen bazkide batzuk negoziazio mahaitik ateratzeko eta, beraz, ezertxo ere ez lortzeko”; Frantziako ministro baten azalpena da hau. Nahiago izan dute Trump ez gaitzitu. Ekainaren 17an abiatzen zen, hain justu, aurtengo bigarren berote handia. Ederra sinkronia.

“Engaiamenduarena bada betebehar moral eta etikoa. Aldaketa klimatikoa ez da arazo fisiko edota tekniko bat, jendarte-arazo bat da”, dio Christophe Cassou klimatologoak. Hala da. Alta, jendarte klasista eta kolonialista batean izanik, jendarte arazoa ez da sekulan jendarte osoaren arazo bihurtuko. Eta horrela pasa zaigu aldi honetako berotea. Hasi eta aste batera, ahoz aho, sare sozialetan zein komunikabideetan zabaldu da truko merkea: biziraupenerako estalkiak berinetan jarri eta etxebizitzako tenperatura ederki arintzen du. Halakorik ez du jakin beharrik Trumpek. Milaka jendek eskertu dute gomendioa.

Truko hori zabaltzen hasten zen egunean jarri zuten Pariseko nazioarteko unibertsitate-hirian zortzi metroko ur-jauzi artifizial bat, kanporako aire girotuak sorturiko tenperatura freskoan, gainera. Louis Vuitton luxuzko jostunaren desfilearen kari jarrita zuten, Fashion Week ekimenaren baitan. Halako zerbait nahiko luke Trumpek. Milaka jenderen ezinegona sortu du gehiegikeriak.

“Klase borrokarik gabeko ekologismoa lorezaintza da”, zioen, aspaldi, Chico Mendes laborari eta borrokalari brasildarrak. Hala da, sekulan baino gehiago. Berote handiak politiza ditzagun, horrela baizik lortu daitekeelako trantsizio ekologiko bat. Baina ez badugu nahi lorezaintza izatea, trantsizioak guztientzako izan beharko du, hau da, mundu osoarentzat.

Beroteari egokitu nahian genbiltzala, 30 graduz gorako tenperaturak zituzten Gazan ere –egunean pertsonaka hiru litro ur ukanda eta oihalezko etxola ziztrinen azpian metatuta–. Eta uholdeengatik, dozenaka hildako eta ehunka etxegabetu daude Ghanan, Nigerian, Beninen, Boli Kostan... Ez, horren berri ez dugu. Europar termometroen dantzek betetzen dituzte mainstream komunikabideen titularrak. Eskerrak beste kontinenteetan baino bi aldiz lasterrago berotuz doala Europa. Eskerrak, bestela klima aldaketak ez gintuen kezkatuko. Kezka piztu zaigun honetan, klase elkartasunetik begiratu diezaiogun arazoari.


Irakurri gehiago: Larrialdi klimatikoa Ingurumena
Larrialdi klimatikoa kanalean gehiago
2026ko uztailaren 13
Goizean argi
Beroari aiene

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...