Igandean Iñaki Kijera omendu zuten bere hilketaren 40. urteurrenean, eta astelehenean urte bat bete du honen abizena daraman gaztetxeak.
Kontxako Banderaren lehen jardunaldia zen 2018ko irailaren 2an; festa giroan, zarata sortu zen bat-batean Orixe eskola zaharrean, Kanpandegi kaleko bigarren zenbakian. Gazte talde bat eskola zaharrean sartu zen, auzoan gaztetxe baten beharra ikusi ostean.
Geroztik, auzoko eta Donostiako hainbat eragile eta mugimenduren egoitza izan da. Azken urteetan Gipuzkoako hiriburuan gaztetxeen kopurua jaisten joan da, eta Donostia turistifikatuenean gaztetxea edukitzeak asko indartu ditu hainbat eragile eta aldarrikapen.
Kijera gaztetxearen lehen urteurrena dela eta, gaztetxeko kideek hilabete osoko egitaraua antolatu dute, urtea ospatu eta indarrak biltzen jarraitzeko. Asteazkenean hasiko da, irailaren 4an, eta hilaren 28ra arte hainbat ekintza antolatu dituzte. Zirko tailer irekia izango da lehenengo eskaintza, arratsaldeko 18:00etan. Datorren igandean, estropaden azken jardunaldian, barra irekiko dute gaztetxean bertan, eta irailaren 14an, larunbata, Desjabetuon Memoria hitzaldia izango da goizeko 11:00etan.
Hilaren 19an kalejira egingo dute auzotik, eta 22an, igandea, auzolana antolatu dute gaztetxea txukundu eta hobetzeko. Azkenik, irailaren 28an herri bazkaria eta egun osoko egitarau oparoa antolatuko dute urteurrena ixteko. Aipatutako gauzez gain, kapoeira tailerra, konpresa berrerabilgarrien tailerra, mus txapelketa eta beste hainbat tailer eta ekitaldi antolatu dituzte.
Kijera gaztetxearen urteurrena ospatzeari begira, egitarau oparoa antolatu dugu hilabete honetan zehar!
Urte batez auzoa berpiztuz! pic.twitter.com/Tiwd3UTqmf
— Kijera Gaztetxea (@AZgaztetxea) September 2, 2019
Estropadetan ere kijera gaztetxearen lehen urteurrenaren aldarria presente!
Urte batez auzoa berpiztuz! pic.twitter.com/ZqOa9Z8uR7
— Kijera Gaztetxea (@AZgaztetxea) September 1, 2019