Egia Kermanentzat elkartea aurkeztu dute asteartean Gasteizen, 2025eko otsailean Mitika diskotekan atezain batek bapatean emandako ukabilkada gogor baten ondorioz hil zen Kerman Villate Beitia, eta bere kasuaren "egia argitu" eta aitortua izan dadin eskatzeko helburuz sortu dute elkartea. Justiziak "zuhurtziagabekeriaz" egindako hilketa izan zela ebatzi zuen, baina familiak kontraesanak eta akatsak salatu ditu prozesu osoan.
Kerman Villateren hilketari buruzko "egia osoa argitzeko eta gizarteratzeko" elkartea sortu dute bere familia eta ingurukoek, bai justizia sistematik bai erakunde publikoen aldetik izandako "erantzun desegokiaren" aurrean. Egia Kermanentzat izeneko elkartea Gasteizen aurkeztu dute astearte honetan, Izaskun Arrue Kulturgunean.
Aurkezpenean, elkartearen lan ildoak aurkeztu dituzte, eta Villateren heriotzaren gertaeren ingurukoak eta ibilbide judiziala zertan dagoen ere azaldu dute.
Familiaren esanetan "akats larrien kate bat" egon da prozesu judizial osoan, sumarioko txostenekin kontraesanean dauden baieztapenak eta omisio judizialak barne, beti ere erasotzailearen mesedetan
2025eko otsailaren 23an Gasteizko Mitika dantzalekuaren inguruan Villatek eraso bortitza jasan zuen ustekabean atezain baten partetik. Ukabilkadaren ondorioz hil zen gaztea. Gasteizko instrukzio epaitegiak, Ertzaintzaren txostenetan oinarrituta "azpikeriaz" egindako hilketa izan zela ebatzi arren –ukabilkada hiltzeko intentzioz eman ziola, alegia–, fiskalak helegitea jarri zuen. Hala, Arabako Probintzia Auzitegiak "zuhurgabekeria" baizik ez zuen ikusi hilketa hartan, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ez du azken ebazpen hori berrikusi nahi izan.
Familiaren esanetan "akats larrien kate bat" egon da prozesu judizial osoan, sumarioko txostenekin kontraesanean dauden baieztapenak eta omisio judizialak barne, beti ere erasotzailearen mesedetan.
Kermanen guraso diren Arantzazu Beitia eta Roberto Villatek ARGIAri oso argi hitz egin zioten, Miel A. Elustontodorekin izandako elkarrizketa luzean: "Gauza asko dira bata bestearen atzetik: erasotzailearen prestaketa-lanak, itxaronaldia, basakeria, erasotzailearen aitortza, autopsia… Horiek denak frogatuta daude, instrukzio epaitegiko lehen epaile hark ondo bete zuen lana. Alabaina, atzetik beste batzuk etorri dira, kargu handiagokoak, eta epaile haren lana ukatu dute".
Gasteizko Udala jakitun zen
Segurtasun zaindariek kontrolgunean zuten jarrera biolentoaren ondorioz Gasteizko Udaltzaingoak aurretik hainbatetan esku hartu behar izan zuen Mitika dantzalekuan, eta udalak bazuen gertatzen ari zenaren berri, udaltzain batek idatziz hala adierazi zuelako. Gainera, segurtasunaz arduratzen zen enpresa ez zegoen halako zerbitzuak emateko gaitua, eta atezainak ere ez zuen akreditaziorik. Erasoaren ondoren, bederatzi hilabete egin zituen espetxean horrek, eta 6.000 euro ordainduta aske utzi zuten behin behinean.
Egia Kermanentzat, elkarteak egia eta aitortza bilatzeaz gain, erakunde publikoek kasuaren aurrean emandako erantzunak "berrikustea eta zuzentzea" du helburu, eta antzeko egoerak berriro ez gertatzeko prebentzio eta sentsibilizazio lanak egin nahi ditu; horretarako, hainbat jarduera eta ekimen bultzatuko ditu aurrerantzean.