Udal hauteskundeetan emaitza txarrak lortu, eta laboristen konfiantza galdu ostean hartu du erabakia. Andy Burnham Manchesterreko alkate ohia da bere ordezkoa izateko hautagai nagusia. Iragarri du karguan jarraituko duela Alderdi Laboristaren primarioak amaitu arte.
Keir Starmerrek dimisioa aurkeztu du Alderdi Laboristako buru eta Britainia Handiko lehen ministro gisa, bere talde parlamentarioaren konfiantza galdu duela onartu ostean. Astelehen honetan eman du erabakiaren berri, Downing Streeteko 10. zenbakiaren aitzinean.
2024ko uztailaren 5ean hartu zuen kargua, parlamenturako hauteskundeetan garaipen garbia lortu ondoren. Maiatzeko udal hauteskundeek, ordea, krisia eragin zuten Alderdi Laboristaren barnean. Ultraeskuinak nabarmen egin zuen gora, laboristen kaltetan, eta alderdikideek lehen ministroaren agintea zalantzan paratu zuten. Orduan, Starmerrek erran zuen ez zuela amore emanen.
Diputatu laboristen gehiengo batek Andy Burnham Manchesterreko (Ingalaterra) alkate ohiari bere babesa adierazi diote orain, The Observer, The Guardian, The Telegraph eta bertze hainbat hedabide britainiarrek igande honetan adierazi dutenez. Gauzak horrela, asteburua etorkizun politikoari buruz hausnartzen eman ondoren, dimititzea erabaki du Starmerrek.
Agintariak azaldu duenez, bere asmoa "trantsizio ordenatu bat" erraztea eta erreleboa "modu egonkorrean" gertatzea da. Alderdi Laboristak primarioak martxan paratu ditu, eta uztailaren 9an irekiko dute hautagaitzak aurkezteko epea. Momentuz, Burnham da aurkeztuko dela iragarri duen bakarra.
Duela bederatzi urtetik da Manchesterreko alkatea, eta hiri horren hazkunde ekonomikoaren arduraduntzat jotzen dute alderdian. Pasa den astean irabazi zituen Makerfield barrutiko (Ingalaterra) bozak, eta, horrenbertzez, Komunen Ganberako parlamentari bihurtu da; ezinbertzeko baldintza laboristen primarioetan lehiatu ahal izateko.
Bigarren baldintza da gutxienez Komunen Ganberan dituzten parlamentarien %20ren babes formala edukitzea; kasu honetan, gutxienez 81 parlamentarirena beharko luke, 405 dituzte eta. Haren aldekoek diote 200dik goiti diputaturen babesa duela.
Uztailaren 9tik aitzin, hautagaitza aurkeztu nahi duenak astebete edukiko du horretarako. Hala ere, Burnhamek babes handia du; beraz, bertze hautagairik aurkezten ez baldin bada, baliteke Burnhamek uztail erdialde inguruan eskuratzea agintea.
Burnhamek lekukoa hartzen badu, Erresuma Batuak azken hamarkadan izan duen zazpigarren lehen ministroa bilakatuko da. Bihar beteko dira hamar urte Brexitaren erreferendumetik, eta Erresuma Batuak Europar Batasuna uztea erabaki zuenetik.
Ordutik egoera egonkortu ezinean dabil herrialdea, eta 2016tik Downing Streeteko 10. etxeko giltzak eduki dituzte, hurrenez hurren, David Cameron, Theresa May, Boris Johnson, Lizz Truss, eta Rishi Sunak kontserbadoreek; eta Keir Starmer laboristak.
Starmerrek akordioa sinatu zuen iazko maiatzean Europar Batasunarekin harremana berrezartzeko, eta, dimisioa eman baino lehen, maiatzaren 11n, ildo horri jarraitzeko asmoa erakutsi zuen.