Gutxi dira AEBetan propio sortutako ospakizunak. Horietako bat da Superbowla, NFL futbol amerikarreko ligaren finala. Seattle Seahawks eta New England Patriots taldeek jokatu dute aurtengoa, zeina, partidagatik baino, atsedenaldiko ikuskizunagatik gogoratuko den, Bad Bunnyk ez baitzuen inor epel utzi. "Futbol partida bat baino ez, futbol partida bat baino askoz gehiago", idatzi dute NFL Euskaraz elkarteko lagunek, ARGIAn plazaratutako bigarren artikulu honetan.
Gutxi dira estatubatuarrek amankomunean dituzten jaiak. Eta logikoa da oso. Azken batean, migratzaileek eratutako mosaiko erraldoi bat da AEBetako kultura. Ozeanoa zeharkatzea egun baino askoz ere zailagoa zen garaietan, nork bere herriaren kulturaren hazi ñimiño bat motxilan sartzen zuen, gero lurralde berrian ereiteko. Irlandatik, San Patrizio eguna. Frantziatik, New Orleansen egiten den Mardi Gras eguna. Eta horrela hamaika, mosaiko koloretsu bat osatu arte.
Gutxi dira, bai, Estatu Batuetan propio sortutako ospakizunak. Eta horietako bat Super Bowla da, NFL ligaren finala. Aurtengoa hirurogeigarrena izan da eta San Franciscon jokatu da, Golden Gate zubiaren itzalpean eta Silicon Valleyren bihotz teknologikotik gertu. Bertan denboraldiko bi talde onenak aurrez aurre, Seattle Seahawks eta New England Patriots. Futbol partida bat baino ez. Futbol partida bat baino askoz gehiago.
Erritu kolektibo bat da Superbowla. Urteko hitzordurik desiratuena. AEBetako kirol-egutegiko egunik garrantzitsuena. Milioika lagun telebistaren aurrean, estadioa lepo, sarreren prezioak geroz eta garestiago eta sare sozialak segundoz segundo lehertzen. Familiak elkartzeko unea izan ohi da, publizitate kanpaina erraldoiak egitekoa. Mundu mailako fenomeno kulturala.
Ligako onena zein den erabakitzetik haratago doan zerbait. Aurtengoa, atsedenaldiko ikuskizunagatik gogoratuko da, partidagatik baino gehiago. Bad Bunnyk egin zuenak ez zuen inor epel utzi. Bere presentziak eta mezuek kirol finala kultur eta gatazka sozialaren agertoki bihurtu dute, eta zelai berdeko yardak baino haratago doan eztabaida piztu dute.
Polemika
Bad Bunnyk eman zuen mezua izan da eztabaidaren erdigunean. Komunitate latinoari keinu zuzenak, AEBetako migrazio politikek eragindako egoerari erreferentziak eta ICEren jardunaren inguruko irudi eta esaldi esplizituak agertu ziren pantailan. Batzuek ausardia eta errealitate sozialaren isla gisa hartu dute; beste askok, aldiz, kirol ekitaldi "neutrala" politizatu izana egotzi diote.
Polarizazioa berehala iritsi da. Sare sozialetan bi bloke nabarmen sortu dira, eta eztabaidak eztanda egin du. Donald Trumpek berak ere adierazpen zorrotzak egin ditu, showa "desegokia" eta "amerikar balioetatik urrun" dagoela esanez. Jatorri latindarra duten herritarren eta migrazio politikaren inguruko tentsioa, berriro ere, NFLren agertoki handienean agertu da. Agerian geratu da, beste behin, Super Bowla kirola baino askoz gehiago dela.
Final bat baino gehiago
Super Bowla 1967an jokatu zen lehen aldiz, AFL eta NFL ligak bateratzeko prozesuaren baitan. Ordutik, etengabe hazi da. Gaur egun, mundu mailan ikusle gehien dituen kirol ekitaldietako bat da, eta AEBetan urteko telebista saiorik ikusiena ia urtero. 100 milioitik gora ikusle batu ohi dira igande gau horretan, eta streaming plataformek are gehiago handitu dute inpaktua azken urteotan.
Benetako erregina, ordea, publizitatea da. 30 segundoko iragarki batek aurten 7 milioi dolarreko prezioa izan du. Spot bakar batek denboraldiko aurrekontu osoa irents dezake marka askorentzat. Markek hilabeteak —batzuetan urte osoa— ematen dituzte kanpaina bakar bat prestatzen: teaser-ak sare sozialetan, celebrity-en kontratazioak, eta big game iganderako azken kolpea.
Aurten, gehien ordaindu duen enpresa Amazon izan da. 60 segundoko iragarki nagusi bat erosi du, eta guztira 14 milioi dolar inguruko inbertsioa egin du emisio eskubideetan soilik, produkzio kostuak kontuan hartu gabe. Spot horrek Prime zerbitzuaren eta adimen artifizialeko produktu berrien promozioa uztartu ditu, Silicon Valleyko eszenatoki sinbolikoarekin bat eginez. Beste marka handiek ere —PepsiCo, Apple, Budweiser edo Google bezalakoek— 7 eta 10 milioi dolar arteko inbertsioak egin dituzte.
Super Bowl igandea fenomenoa kulturala da: kirola, publizitatea, musika eta politika nahasten dituen ispilu erraldoia. Touchdown bat bezain garestia izan daiteke segundo erdiko publizitate tarte bat.
Arantza kenduta
Eta bai, futbol amerikar partida bat ere jokatu da. Seattle Seahawks nagusitu da, duela hamaika urte erraietaraino sartu zitzaien arantza behingoz kentzeko moduko garaipena lortuta. 2011ko final hartan, garaipena esku-eskura zutenean, erabaki tekniko batek katilutzarra eskuratzeko ametsa zapuztu zien. Oraingoan, ordea, hotz eta eraginkor aritu dira momentu erabakigarrietan.
Patriotsek neurketa lehiatua planteatu zuen, defentsan sendo eta erasoan pazientziaz. Baina Seahawksen defentsak presioa jarri zion aurkariaren quarterback-ari, eta erasoan big play batek hautsi zuen neurketa. Tantaka-tantaka aldea handitzen joan ziren eta azken laurdenerako erabakita utzi zuten norgehiagoka. Bigarrenez, Seattle hiriko taldeak katilutzarra lortu zuen, bere historiako beste orri garrantzitsu bat idatziz.
Zaleen oihuek eta zelai gaineko tentsioak uneoro gogorarazi zuten final handi baten aurrean zeudela. Jokalarien aurpegietan nabari zen presioa, baina baita aukera historiko baten usaina ere. Eraso bakoitzak eta defentsako jokaldi bakoitzak balio sinbolikoa hartu zuen, denboraldi osoko lanaren epilogo bihurtuta. Azkenean, sirenaren azken hotsak askatu zuen tentsioa, eta garaipenaren irudia betiko geratu zen gau hartako memoria kolektiboan, Super Bowlak eman dizkigun beste hamaika momentu ahaztezin bezala, 2008 eta 2017koek erakusten dutenez:
2008koa partida oso itxia ari zen izaten, Patriots 10-7 ari zitzaion Giants taldeari irabazten. Minutu bat gelditzen zen markagailuan eta segundoek hegan egiten zuten. Zelai erdian zeudela, Patriots-eko defentsak Eli Manning quarterback-aren bila atera ziren arrapaladan. Eli zanbuluka ari zen bere kideen artetik defentsak saihesten. Harrapatua zirudienean pase luze bat bota zuen Tyree harrapatzailea zegoen lekura. Tyreek beso bakarra altxa ahal izan zuen, baloia eskuarekin hartu eta bere kaskoaren kontra eutsi zuen, bizkarrez erortzen ari zela. Catch izugarria. Jokali horri esker lortu zuten Giants-ek Superbowla eskuratzea.
2017koan, hirugarren laurdenean Atlanta Falcons 28-3 ari zitzaion irabazten Patriots taldeari. Alde ikaragarri handia da, denek uste zuten partida erabakita zegoela. Baina, Tom Bradyk gidatutako Patriots taldeak pentsaezina zen irauli historikoa eman zion norgehiagokari: bi touchdown eta beste bi two-point conversion, luzapenera eraman zuen partida. Azkenean, Patriots garaile, 34-28. Super Bowl bateko historiako comeback handiena izan zen.
Agertoki sinbolikoa
Urtero, halftime show-ak tentsio bera berritzen du: Kirola ala kultura? Entretenimendua ala mezua? Super Bowla bera fenomeno kultural eta ekonomiko erraldoia bada, zaila da atsedenaldieak neutralak izatea. Batzuetan touchdown batek idazten du historia; beste batzuetan, mikrofono batek, keinu batek edo esaldi batek. Eta askotan, polemikak berak handitzen du Super Bowlaren tamaina mitikoa.
Testuinguru horretan ulertu behar da aurtengo ekaitza. Bad Bunny ez da agertoki huts batera igo; aurretik historia luzea duen eszenatoki sinboliko batera igo da. Janet Jacksonek transmisio arauak aldatu zituen, Shakirak identitate aldarria erdigunera eraman zuen. Orain, 60. Super Bowlean, mezu sozial eta politiko zuzena plazaratu duen artista batek beste kapitulu bat gehitu dio kate horri.
Halftime show-a ez da, beraz, atsedenaldi hutsa. NFLren finalaren bihotzean txertatutako megafono bat da. Eta megafono horrek zarata egiten duenean, zarata hori ezin da zelaiko marratik kanpo utzi. Hor hasten da polemika. Hor hasten da Super Bowlaren benetako eztabaida.
------------------------------
NFL EUSKARAZ
NFL Euskaraz taldea 2022an sortu zen, "futbol amerikarrak sortzen duen zaletasuna euskaraz bizi, sentitu eta komunikatzeko espazio zabal bezala", Egoitz Etxeandiak azaldu digun moduan. Taldeak gaur egun dauzkan 58 kideetako bat da bera. Euskal Herrian bizi edo munduan zehar dabiltzan euskaldunek osatzen dute, eta antolatzen dituzte bazkariak, partidak ikusteko topaketak edota NFL partida ofizialetara irteerak. Futbol amerikarra gustuko duen edo kirol horri buruz gehiago jakin nahi duen oro sar daiteke Telegrameko NFLEuskaraz taldean. Hau da ARGIAn plazaratu duten lehenbiziko artikulua; lehenbizikoak izenburua zuen: Nola bihurtu zen futbol amerikarra, Esker Ematearen eguneko tradizio.