argia.eus
INPRIMATU
Katalunian “errepresioa” gelditzea eskatu dute Frantziako Estatuko hainbat politikarik
  • Asanblea Nazionaleko 52 diputatuk sinatu dute idatzia. Kataluniako preso eta iheslari politikoen egoera salatu dute. “Oinarrizko eskubideen urraketaren” aurrean kezka agertu, eta “tentsioa baretzea” eskatu dute.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 02a
Frantziako Asanblea Nazionala. Irudia: wikipedia.org

Hainbat alderditako 52 diputatuk sinatu dute Kataluniako gatazkaren inguruko idatzi laburra. Le Journal du Dimanche komunikabideak argitaratu du asteburuan. Sinatzaileek “Kataluniako egoeraren eta Espainiaren etorkizunaren” inguruan eztabaida bizia dela nabarmendu dute. Eztabaida horretan ez dutela eragin nahi diote, eta horregatik publikatu dutela adierazpena hauteskundeen ostean. Hauteskundeak atzean utzita, “oinarrizko eskubideen eta jardun demokratikoaren urraketaren” aurrean, “kezka eta gaitzespena” adierazten dute sinatzaileek.

Hautetsi katalan “espetxeratu eta erbesteratuak” espetxe zigorrak jasotzeko arriskuan daudela salatzen dute politikari frantsesek, “haien hautu politikoen ondorioz, bozketa bat antolatu nahi izanagatik”. “Uste dugu eztabaida politikoa ezin dela errepresio bidez erabaki, pertsonen eskubideak erasotuz, iritzi delitutzat hartuz”. Amaitzeko, “tentsioa baretzea eta sufragio unibertsalaren hautetsiei eragiten dieten neurri arbitrarioak amaitzea” eskatzen dituzte sinatzaileek.

Sinatzaile esanguratsuak

Sinatzaileen artean ezkerreko zein zentro eskuineko ordezkariak daude, besteak beste: UDI alderdi liberaleko presidente Jean-Christophe Lagarde, Alderdi Komunistako idazkari nagusi Fabien Roussel, edo Frantzia Intsumisoko buru Jean-Luc Mélenchon.

Martxoan Frantziako 41 senatarik sinatu zuten “Kataluniako oinarrizko eskubide eta askatasunen alde” manifestua. Orduan, hautsak harrotu zituen idatziak Espainiako Estatuan.