Kataluniako Gobernuak katalana kontuan hartzea eskatu du migratzaileen Espainiako erregularizazio ezohikoan

  • Kataluniako Gobernuak proposatu du Espainiako Gobernuak erregularizatuko dituen herritarrek urtebete izatea katalana ikasten hasteko, hain zuzen, hurrengo bizileku baimena berritu arteko tartean. Dekretuaren zuzenketa onartuz gero, Espainiako Estatuko beste hizkuntza ofizialei ere eragingo lieke.

Migrazioa eta katalana lotzen dituen ekitaldi bat, Plataforma per la Llengua-ren eskutik. Plataforma per la Llengua.

2026ko otsailaren 20an - 11:54
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Espainiako Gobernuak duela gutxi aditzera eman du 500.000 migratzaileri egoera administratiboa erregularizatzeko aukera emango diela. Testuinguru horretan jakinarazi du Kataluniako Gobernuak Espainiako Gobernuari eskatu diola dekretuari zuzenketa bat egitea. Hizkuntzaren aldeko Hitzarmen Nazionalaren jarraipen batzarrean eman dute erabakiaren berri. Generalitateak parlamentuan ordezkaritza duten alderdiekin eta hitzarmenaren sinatzaile nagusiekin egin du batzarra. Sinatzaileen artean daude Institut d’Estudis Catalans, Òmnium Cultural, Plataforma per la Llengua, alderdi politikoak eta sindikatuak.

Francesc Xavier Vila Generalitateko Hizkuntza Politikako kontseilariak adierazi duenez, helburua da erregularizatuko diren herritarrek, urtebete barru baimena berritzea eskatzen dutenean, “katalana ikasten ari direla kontuan hartzea”. Kontseilariaren aburuz, katalanaren ezagutza ziurtagiri baten bidez jaso beharko litzateke, eta berdin balioko luke herritarrek Generalitateak antolatutako ikastaroak egiteak ala nork bere kabuz ikasi izana hizkuntza.Vilak Kataluniako Berri Agentziari azaldu dionez, “azpimarratu nahi dugu hizkuntza ikastea kohesio sozialerako eta inklusiorako, baita parte-hartze erabatekorako ere, tresna erreala dela”. Kontseilariak agindu du “baliabide guztiak” jarriko dituela katalana ikasi nahi duen orok aukera eduki dezan. Erregularizatutako herritarrei katalan maila oinarrizkoa eskatuko liekete.

Generalitateak, gaur egun ere, kontuan hartzen du katalana errotze sozialaren espedientea egiterakoan. Txostenak idazterakoan, kontuan hartzen dute, besteak beste, ea elkarte sozialetan parte hartzen duten, haurrak izan dituzten Katalunian eta katalana ezagutzen duten. Katalana dakiten ala ez frogatzeko, gutxienez 45 orduko ikastaro bat egitea eskatzen zaie edo bestela teknikariek elkarrizketa baten bidez baloratzen dute hizkuntzaren ezagutza maila.

Eusko Jaurlaritzak, euskara bezala, gaztelania ere balioetsiko du

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak EITBri adierazi dio “begi onez” hartu duela Generalitatearen proposamena eta “antzeko” zuzenketa aurkeztu diola Espainiako Gobernuari. Gehitu du euskaraz egiten jakitea migratzaileen "integrazio prozesua indartzeko kohesio tresna izatea" nahi duela Eusko Jaurlaritzak. 

Generalitateak ez bezala, Jaurlaritzak euskal autonomia erkidegoko bi hizkuntza ofizialak aipatzen ditu. EITBk jaso duenez, Eusko Jaurlaritzaren ekarpenak proposatzen du, “salbuespenezko inguruabarrak direla-eta bizileku baimena lehen aldiz berritzeko prozeduran, positiboki balioestea ohiko bizilekua duen lurraldeko hizkuntza ofiziala edo ofizialak ikasten hasi izanaren egiaztapena”. Hala, euskara eta gaztelania maila berean kokatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Hizkuntzak ikasteko eskaintza “nahikoa, eskuragarria eta egokia” bermatuko dutela jakinarazi dute.


Katalana kanalean gehiago
2024ko otsailaren 14
Júlia Ojeda, literatura-kritikaria eta UOC-eko ikertzailea
"Globalizazioaren oldarraldi handiei aurre egiteko diskurtsoak falta zaizkigu"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.