argia.eus
INPRIMATU
CUPek iragarri du bere alkateak ez direla Espainiako fiskaltzaren aurrean deklaratzera joango
  • Espainiako Estatuko fiskal nagusiak deklaratzera deitu ditu urriaren 1eko erreferenduma babesteko dekretua sinatu duten alkate guztiak. 700 baino gehiago dira. CUPek berehala erantzun du bere alkateak ez direla joango eta gainontzeko alkateei gauza bera egiteko gonbidapena egin die.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 13a
Jose Manuel Maza, Espainiako Estatuko fiskal nagusia (argazkia: Espainiako Kongresua).

Jose Manuel Maza Espainiako Estatuko fiskal nagusiak, Esquadra Mossoei agindu die atxilotzeko deklaratzera agertzen ez diren alkateak. Erreferendumaren Aldeko Udalerrien ordezkariak arratsaldean bildu dira eta agerraldia egingo dute erabakitzen dutena jakinarazteko.

Agindutakoaren arabera, Bartzelona, Tarragona, Lleida eta Gironako fiskalei diligentziak hasteko eskatu zaie alkateen zerrenda bat oinarri hartuta, urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumaren prestaketan laguntzen ari direlakoan.

CUPek salatu du Estatuko Fiskaltza Orokorrak ezin duela alkateen atxiloketa agindu, bere konpetentzietatik harago joatea litzatekela. "Espainiako estatuaren ekinbide demofobikoa eta oinarrizko eskubideen aurkako erasoak salatu nahi ditugu, kargu publikoak eta herritarrak beldutzea beste helbururik ez dute".

Estatuaren estrategiaren aurrean erantzun kolektiboak emango dituztela iragarri dute.

Fiskaltzak erabaki hori justifikatzeko dioenez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du joan den astean Kataluniako parlamentuak onartutako Erreferendumerako Legea eta, horrenbestez, delitua da ordezkari publikoek autodeterminazio erreferenduma antolatzeko ekintzetan parte hartzea. Desobedientzia, prebarikazio eta funts publikoen erabilera bidegabea dira fiskaltzak aipaten dituen delituak.

Mazak igorri duen oharrean Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartea aipatzen da, han baitago momentuz erreferendumarekin bat egin duten herrien zerrenda.

Populazio handiena duten udalerrietako alkateak izan beharko dira deklaratzen lehenbizikoak aginduaren arabera.

Udalen %71k babestu du erreferenduma, Kataluniako erroldaren %35 baino gehiago.