AP-7 eta AP-2 autobideen blokeoek eragin dute nahasmendu handiena. Kalitatezko hezkuntza sistema baten alde dabiltza protestan, besteak beste lan baldintzen hobekuntza aldarrikatuz –batez ere soldaten emendio orokortuan zentraturik negoziazioak–. Ostegun honetan bilduko dira berriro sindikatuen eta gobernuaren ordezkariak, kasik lortuta daukaten akordioa borobiltzeko asmoz.
Mila lagunez gora, demagun, AP-7 autobidea mozten, Torredembarra (Katalunia) hirian. Eta gisa bereko blokeoak Kataluniako beste hainbat errepidetan ere –nagusiki AP-7n Tarragonan, Gironan eta La Roca del Vallèsen, baita AP-2n, Lleida aldean–. Jendetsua izan da Kataluniako hezkuntza sektorean asteazkenean egindako greba, eta blokeoek erabat geldian utzi dute Kataluniako errepideen parte handi bat.
Ikasturteko laugarren hezkuntza greba orokorra zen asteazkenekoa eta ekainaren 5era arte iraun beharko lukeen borroka ziklo baten barruan. Gisa berean, Valentziako hezkuntza sektorean ere badabiltza greba mugagabean. Kalitatezko hezkuntza sistema baten alde dabiltza protestan, besteak beste, soldaten emendio orokor batetik pasako litzatekeen lan baldintzen hobekuntza aldarrikatuz.
Kaleetatik presioa helaraztea zuten xede asteazkenean, negoziazioetan eragiteko asmoz. Hain justu, asteazkenean elkartu dira beste behin Hezkuntza ministerioko ordezkariak eta sindikatuak. Gobernuak soldaten emendioaren alde egin izanak itxaropena sortu die, eta igoera horri buruzko adostasunak negoziatzen dabiltza orain. Hala ere, akordioa ez dute lortu eta ostegun honetan bilduko dira berriz ere.
Bestalde, sei hiritan egin dituzte manifestazioak. USTEC sindikatuaren arabera 15.000 lagun elkartu dira Bartzelonako manifestazioan, baina beste milaka besteetan ere. SEPC ikasle sindikatua ere batu errizaie borrokara: "Lurralde osoan dauden hezkuntza grebekin bat egiten dugu, uste dugulako ikasleek subjektu aktibo izan behar dutela hezkuntza publiko baten aldeko borrokan".