ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 09a

45.000 kataluniarrek laguntza eskatu diote EBri Bruselatik bertatik

  • Urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak. Egun berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zieten, autonomia Madrildik gidatzeko asmoz. Abenduaren 21ean hauteskunde autonomikoak egingo dira.

ARGIA @argia
2017ko abenduaren 07a
Gakoak
Erakutsi gako guztiak
Hamarnaka mila lagun bildu dira Bruselan, Kataluniako independentziaren alde. (Arg.: ANC)
Puigdemont: "Espainiako Estatuak Kataluniako Gobernua eten du de facto"

Kataluniako presidenteak asteazken goizeko operazioaren ondoren adierazpenak egin ditu Generalitatearen egoitzan. Zenbait esaldi nabarmendu ditugu:

1) "Zuzenbide estatua urratu da, Espainiako Estatuak de facto eten du Kataluniako Gobernua".

2) "Miaketek, atxiloketek, hedabideak izutzen saiatzeak, Generalitatearen kontuak blokeatzeak (...) sortzen dute demokrazian onartezina den egoera bat".

3) "Kondenatzen dugu eta baztertzen dugu Espainiako Estatuaren jarrera totalitario eta antidemokratikoa; eta gure babesa ematen diegu atxilotutako gobernuko kideei".

4) "Defendatuko dugu herritarren eskubidea libreki beren etorkizuna erabakitzeko, hori da beraien aldetik eta Parlamentutik jaso dugun mandatua".

5) "Katalunia gaur bizitzen ari dena ez du Europar Batasuneko ezein herrialdek bizi izan".

6) "Ez dugu onartuko ez iraganera itzultzerik eta ez etorkizunaz geuk erabakitzea inork eragozterik".

7) "Urriaren batean etxetik aterako gara, boto-papera eramango dugu eta erabili egingo dugu. Ez dugu onartuko itzultzea iraganeko garaietara, ez zitzaigunean uzten etorkizuneko garaiak erabakitzen".

Hitzokin amaitu du adierazpen instituzionala Carles Puigdemont presidenteak.

 

Bilboko Gobernu Zibilaren aurrean Kataluniarekin elkartasun-kontzentrazioa

Hainbat lagun elkartu dira Bilboko Moyua plazan, Espainiako Gobernu Zibilaren aurrean Kataluniari elkartasuna adierazteko. Patxi Gaztelumendik zabaldu du irudia Twitter bidez.

Ertzaintzak bertan bildutakoak identifikatu dituela jakinarazi du @EnekoAnder erabiltzaileak eta atxilotzeko mehatxua egin duela.

Generalitatearen aurkako sarekada agindu duen epailea Juan Antonio Ramírez Sunyer da

Bartzelonako Auzitegiaren 13. salako epaile Juan Antonio Ramírez Sunyer da Generalitatean erreferenduma prestatze lanetan ustez buru ari diren goi karguak atxilotzeko agindua eman duena. El Nacional .Cat hedabide digitalak zabaldu du juje polemikoaren kurrikulua. Horren arabera, epaile honek agindu zuen 2014an Can Vies kasu famatuan Sergi Rubia espetxeratzea, 2015ean diligentziak ireki zituen polizia autonomikoaren buruaren kontra futboleko Espainiako Errege kopako finalean txistua jo zutenak ez pertsegitzeagatik eta 2013an Cesicat Kataluniako Informazioaren Segurtasunerako Erakundearen buruak auziperatu nahi izan zituen bertan norbaitek infiltratu zuen langile bati jarraipena egiteagatik.

EH Bilduk mobilizazioak deitu ditu udaletxe guztien aurrean Kataluniarekin elkartasunez

EH Bilduk urgentziazko adierazpena egin du Katalunian asteazkenean Guardia Zibilak egin duen operazioaren aurrean. Arnaldo Otegik egoeraren larritasuna azpimarratu du, Espainiako Gobernua "estatu kolpe" bat ematen ari dela esanez. "Hau da aldebikotasuna", adierazi du Otegik, EAJri erreferentzia eginez, jeltzaleek maiz aldebikotasuna aipatu baitute Espainiako Estatuarekin izan beharreko harreman gisa. "Autonomien Estatua hilda dago eta beraiek akabatu dute", esan du Otegik. "Eusko Alderdi Jeltzaleak bere jarrera zuzendu behar du, bestela konplize izango da". Gertakarien aurrean mobilizazioek duten garrantzia azpimarratu du Otegik eta adierazi du EH Bilduk asteazken gauean elkarretaratzeak egingo dituela herri guztietako udaletxeeen aurrean, burujabetzaren eta demokraziaren alde.

BIDEOA: Bartzelonako erdigunea jendez beteta operazioaren kontra

Axier Lopez ARGIAko kazetariak goiz honetako bideo hau zabaldu du Twitter bidez. Bartzelonako erdigunea jendez lepo dago, goizean hasi den polizia operazioaren aurka protesta egiten.

ARGAZKIA: milaka lagun daude bilduta Ramblan une honetan

Rambla Catalunyan Generalitateko ekonomia sailaren aurrean milaka lagun bildu dira dagoeneko. Via Laietana eta Gran Via ere trafikoari itxita daude jendetzaren ondorioz. Albert Mercadé Catalunya Radió-ko kazetariak Twitterrez zabaldutako argazkia:

 

Puigdemont txaloz hartu dute Generalitateko langileek Gobernu bilerara sartu denean

Atxiloketa andari erantzuteko deitu duen bilerara sartzera joan denean txalo zartarekin hartu dute Generalitateko langileek Carles Puigdemont, Kataluniako Gobernuko lehendakaria. Generalitateak berak zabaldu du bideoa.

 

Dagoeneko hamabi pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak, gehienak Generalitateko goi karguak

Hamabi atxilotu lirateke eta honako hauek orain arte ezagutzen diren izenak:

Josep Maria Jové, Lehendakariordetzako idazkari nagusia, Oriol Junquerasen bigarrena ei da; Juan Manuel Gomez eta Josep M. Salvado Tenesa, Ekonomia eta Ogasun Sailekoak; Francesc Sutrias, Ogasuneko zuzendari nagusia (Lehendakariordetza); Josué Sallent Rivas, David Franco Martos; Xavier Puig Farre, Gai Sozialetako Bulegokoak; Oau Furriol Fornells eta Mercedes Martinez hauteskundeetarako materiala gordetzen ei zuen almazen bateko kudeatzaileak; eta David Palanca Serrano, Generalitetako Atzerri Sailekoa.

Eragindako gobernu sailak hauek dira: Lehendakariordetza, Ekonomia eta Finantzen Saila (Oriol Junqueras da sailburua), Gobernazio Saila (Meritxel Borrás), Atzerri Saila (Raül Romeva), Gai Sozialen Saila (Dolors Bassa) eta Lehendakaritza Saila (Jordi Turull).

Guardia Zibilak miatu dituen instituzio eta enpresak hauek lirateke: Zerga Agentzia, Kataluniako Administrazio Irekiaren Partzuergoa, Kataluniako Finantza Istitutua, Generalitateko Talekomunikazio Zentroa, Herritarren Harretarako Zuzendaritza Nagusia eta T-Systems enpresara sartu da.

Egoitzez gain, etxe partikular batean ere sartu da Guardia Zibila

La Vanguardia-k informatu duenez, asteazken goizeko operazioan Joan Ignasi Sanchez Generalitateko aholkulariaren etxe partikularrean ere sartu da Guardia Zibila. Sanchez-ek Gobernazio sailarentzat egiten du lan eta ERCko zinegotzi ohia da eta lan aipatutako Generalitateko sailak lehiaketa publikoa deitu zuen duela zenbait hilabete erreferendumeko boto-kutxen hornidurarako.

Urgentziazko bilera deitu du Puigdemontek Generalitatearen egoitzan

Asteazken goizeko polizia operazioaren aurrean, Kataluniako Gobernuak urgentziazko bilera egingo du Generalitatearen egoitzan.

Operazioaren kontra jendea biltzen ari da kalean

Josep Catà El País egunkariko kazetariak bideo hau zabaldu du, operazioaren aurka kalean bildu den jendea erakutsiz.

Ekonomia sailaz gain, Atzerri sailean, Gobernazioan eta Enplegu sailean ere operazioa

Guardia Zibilaren Generalitateko hainbat sailetan ari da egiten operazioa: ElDiario.es-ek dioenez, Ekonomia sailaz gain –han egiten dute lan momentuz atxilotu dituzten hiru goi karguek–, Generalitatearen Atzerri sailean, Gobernaziokoan eta Enplegu eta Gizarte gaietako sailetan ere sartu dira urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako informazioa bilatzeko xedez.

Rajoyren errepresioak Kongresuaren sostengua galdu du

Ciudadanosek aurkeztu zuen mozioa astearte arratsaldean, Kataluniako gatazkan Kongresuak eman ziezaion erabateko sostengua Espainiako Gobernuari, baina ez zen aurrera atera. Mozioak, funtsean, lau puntutan adierazten zuen sostengu hori, baina PSOEk eskatu zuen beste bi gehitzea: bata, erreferendumarekin bat ez datozen Kataluniako alkateei sostengua ematea; bestea, elkarrizketa bide bat irekitzea Generalitatearekin. Ciudadanosek ez zuen onartu aldaketarik bere mozioan. Ondorioz  PSOEk ez zuen bat egin mozioarekin eta ezetz bozkatu zuen. Berdin egin zuten Podemosek, ERCk, PDeCATek, EAJk eta EH Bilduk. Mariano Rajoyrentzat inportanteena den unean ez da aurrera atera Katalunian daraman errepresioarekiko Kongresuaren sostengua. Gertatutakoaren kronika osoa jarraitu daiteke El Nacional-el albiste honetan.

Operazio polizialaren aurrean lasaitasunera dei egin du Jordi Turullek
Guardia Zibila Generalitateko hainbat sailetan sartu da: Josep Maria Jové atxilotuen artean

Asteazken goizean atxilotutakoak dira Kataluniako Generalitateko Ekonomia Saileko idazkaria, Pere Aragonès; Ogasuneko idazkaria, Lluís Salvador; eta departamentu horretako idazkari nagusia den Josep Maria Jové. Vilaweb-ek nabarmendu du Jovék lotura estua daukala Oriol Junquerasekin. Hain zuzen, RAC-1 irrati kateari egindako adierazpenetan, Junquerasek esan du Guardia Zibilaren operazioak kataluniar guztiak kaltetzen dituela, erreferendumean "bai" ala "ez" bozkatu, agenteek Generalitateko departamentuaren lanean esku hartu dutelako.

Fiskaltzak Sabadell eta Cerdanyolako alkateak deitu ditu, ez dira deklaratzera joango

Espainiako fiskaltzak Sabadellgo alkate Maties Serracant eta Cerdanyola del Vallèseko Carles Escolà deitu ditu bihar irailaren 25erako deklaratzera, erreferendumaren antolaketan kolaboratzea egotzita ikertuak. Biek adierazi dute ez direla joango. Fiskaltzak deklaratzera joango ez diren alkateak atxilotzeko eskatu zuen. Arran mugimenduak herri harresiak egiteko deia egina du.

Herri harresia enpresa baten ateetan, idazkari judizialak ezin sartu

Lurrean eseri diren dozenaka lagunek Terrassako Unipost enpresaren egoitzara sartzea eragozten ari dira, non Guardia Zibilak dioen erreferendumeko mahaietako notifikazioak topatu dituen.

Vilawebek dioenez, Generalitateak enpresa hau kontratu zuen erreferendumeko mahaietako kideen notifikazioak egiteko, baina Correos-ek erreferendumarekin lotutako materialik ez zuela iragarri zuen.

Behin-behinean etenda geratu da Kataluniako kontu publikoei Espainiako Gobernuak egindako interbentzioa

Gaurtik hasi behar zuen Espainiako Gobernuak Kataluniako diru publikoa zuzenean kudeatzen, baina Auzitegi Gorenak behin-behinean eten du Ministro Kontseiluak ostiralean adostutako neurria, Generalitateak aurkeztutako helegitea aintzat harturik. Hala jakinarazi du Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordeak prentsaurreko bidez.

Guardia Zibilak operazioa abiatu du Gironan, Puigdemont alkate zenean izandako ustezko diru desbideratzeengatik
Argazkia: Josep Lago / AFP

2015ean CUPek salaketa jarri zuen Gironako uraren kudeaketa egiten zuen enpresaren irregulartasunak zirela eta. Ustezko iruzurra 90eko hamarkada amaieratik zetorren arren, 2011. eta 2016. urteen artean jarraitu omen zuen, Puigdemont alkate zela, hain zuzen.

Aquarium operazioa deitu diote eta lau herritan hamabost miaketa egingo ditu Guardia Zibilak.

Guardia Zibila Unipost posta enpresaren egoitza miatzen ari da Terrassan
(Argazkia: Norma Vidal / ACN)

Guardia Zibila urriaren 1eko erreferendumerako materialen bila sartu da Unipost posta zerbitzu pribatuak Terrassan duen bulegoan. Aurretik, L´Hospitalet de Llobregateko ordezkaritza ere arakatua zuten. Hautes-paperak edota errolda-txartelak atzematea da operazioaren helburua, adierazi dutenez.

Hamabost agente inguru ari da operazioan parte hartzen. Kanpoko aldean protestak izan dira.

Censura10ct: ziber-ekintzaileak Espainiaren zentsura salatu eta nola gainditu erakusten

Ekintzaile talde batek hartu bere gain erreferendumaren oihartzunak zentsuratzeko Espainiako Gobernuak interneteko hornitzaile nagusiekin nola egiten duen azaltzeko lana. Censura10oct guneak herritarrei erakusten dizkie Madrilek Movistar, Vodafone, Orange, Euskaltel eta abarrekin antolatutako sabotajea gainditzeko moduak. Katalanez eta erantzunez funtzionatzen du eta Twitterren ere badauka kontua.

 

Ernaik Sansomendiko (Gasteiz) guardia zibilaren kuartelean ekimena egin du Kataluniarekin elkartasunez

"Baimenik Ez" kanpainaren barruan 'Urna, grande y libre' margoketa egin dute Gasteizko hainbat gaztek, Espainiako Gobernuak Kataluniako erreferendumaren kontra darabilen errepresioa salatzeko. Irailaren 28an mobilizazioak deitu dituzte hiriburu guztietan.

 

 

Kataluniako gastu publikoa Madrilen esku da jada; Generalitateak helegitea aurkeztu du Espainiako Gorenean

Espainiako Ogasun Ministerioak bere gain du honezkero Kataluniako kontu publikoen kontrola. Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordeak zuzentzen duen Ekonomia Sailak Madrilek hartutako neurriaren aurkako helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Gorenean. Estatuari 155. artikulua aplikatu izana leporatu dio Junquerasek.

Kataluniako Ogasun idazkariak, Pere Aragonèsek, eskutitza bidali dio Espainiako Gobernuan ardura bera duen José Enrique Fernández de Moyari, adieraziz Kataluniako Gobernuak etentzat ematen duela kontuen eskumena Generalitateari kentzeko Madrilek hartutako erabakia, Gorenak erabaki bat hartu arte. Agintari katalanen ustez, Espainiako Gobernuak modu makurrean erabili du Aurrekontuen Egonkortasun Legea.

Auzitegi Gorenak hamar egun ditu Generalitatearen errekurtsoari erantzunez interbentzio finantzarioa eten dadila agindu edo jarrai dezan baimentzeko.

 

Puigdemontek eta Junquerasek espetxera joan nahi dute PPko Albiolen ustez, horrela martiriak izango direlako
Xavier García Albiol, Kataluniako PPko lehendakaria

Xavier García Albiol Kataluniako PPko lehendakariaren esanetan, "Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras inhabilitazioa bilatzen ari dira, horrela espetxean egun batzuk pasatu eta martiri bihurtzeko", Ara egunkariak jakinarazi duenez. Albiolen esanetan, lehendakari eta lehendakariordea inhabilitatzeak ez du esan nahi neurriak Generalitate osoari eragingo liokeenik.

%60 inguruko parte-hartzea aurreikusten dute inkestek U1eko erreferendumerako

Celeste-tel barometroak Eldiario.es egunkariarentzat egindako inkestaren arabera, galdekatutako katalanen %59,9ak parte hartuko luke urriaren 1eko erreferendumean. Horietatik, %59,5ak independentziaren alde bozkatuko luke, %30,7ak kontra, %5,4ak zuri edo baliogabe, eta %4,4ak oraindik ez du erabaki. Ara.cat egunkariaren inkestaren arabera berriz, %60,2ak erantzun du parte hartuko duela edo ziurrenik parte hartuko duela. Horietatik, %44,1ak baietz erantzungo lioke erreferendumaren galderari, %38,1ak ezetz, %3,9ak zuri bozkatuko luke eta %13,9ak ez du bere botoa adierazi.

 

Eskoziako gobernuaren agiria Kataluniaz

Eskoziako Gobernuak agiri instituzional batean dio Kataluniako herritarren eskubidea daukatela beren etorkizunaz erabakitzeko. Nicola Sturgeon lehen ministroak berak zabaldu du agiria Twitterrez:

Honela dio "Statement on Catalonia" agiriak hitzez hitz:

Eskoziako gobernuaren agiria Kataluniaz

Kataluniaren kokapen konstituzionalari buruzko erreferendum proposamenaz  Espainiako eta Kataluniako gobernuen artean dagoen eztabaidari dagokionez, go Kanpo harremanetarako Idazkari Fiona Hyslopek esan du:

“Kataluniaren etorkizunaren norabideaz erabakitzea bertan bizi den jendeari dagokio, eta Kataluniako eta Espainiako Gobernuek eskubide osoa daukate independentziaren aldeko eta kontrako jarrerak hartzeko.

Hala ere, herri guztiek daukate eskubidea autodeterminatzeko eta beren beharrei egokien zaien gobernu mota hautatzeko, Nazio Batuen [sorrerako] Agiriak nabarmentzen duen printzipioa.

Edinburgoko Ituna izan zen adibide on bat erakusten duena nola bi gobernuk, Eskoziak independente bihurtzeaz ikuspegi erabat kontrajarriak zituztenak, gai izan ziren elkarrekin adosteko herritarrei erabakia ahalbideratzeko prozesu bat. Oinarrizkoa da herrialde guztietan errespetatuak izan daitezen demokrazia eta eskubide zibilak.

Twitter kontu ofizial bat ireki dute Espainiako Estatuak zentsuratu nahi duen informazioa zabaltzeko

Governak, bertatik zabalduko den informazioa ofiziala izango dela jakinarazi du eta erabiltzaileei laguntza eskatu die kontua zabaltzeko. @ref1oct da kontuaren izena.

 

48 ordu pasa dira Espainiako Gobernuak Generalitatea ekonomikoki interbenitzeko agindua eman zuenetik

Junquerasek adierazi du helegitea aurkeztuko duela Governak, Kataluniako Generalitatea ekonomikoki interbenitzeko Montorok onartutako ordainketak kontrolatzeko sistemaren aurrean. “Administrazioaren kolapsoa” bilatzen dutela salatu du, “langileen soldatak ordaintzea zenbat atzeratu daitekeen ezin da jakin”.

Directa-ren arabera, CaixaBank hasi da Generalitatearen kontuak blokeatzeko kudeaketa egiten. Ordea, VilaWeb-ek jasotzen duenaren arabera, Europako legediak ez dio baimentzen Espainiako Gobernuari kontuak blokeatzea.

155. artikulua indarrean da

!Pasatu dugu hainbat hilabete miatzen ea Madrilek nola jarriko zuen indarrean 155. artikulua eta errepresioaren dantza hasi denerako, ohartu gara indarrean dela...".

(Xabier Letonaren analisia)

 

Sortu: "Kalean erantzun sendoa emateko unea iritsi da"

Sortuk irakurketa plazaratu du goizean Gasteizko udaltzainek, epailearen aginduz, Anna Gabrielen hitzaldia eten ostean. Alderdi independentistaren ustez, "78ko erregimena erridikulu galanta egiten ari da". Erreferenduma debekatu eta kanpainako ekitaldiak galarazten dituena "zer nolako demokrazia da?" galdetzen dute.

"Dena galarazteko tematuta dago. Estatu demokratiko batek eskubideak eta askatasunak bermatu beharko lituzke. Kataluniako auziarekin, baina, salbuespeneko egoeraren gero eta antz handiagoa du Espainiako Erresumaren jazarpenak: adierazpen askatasunaren, manifestazio askatasunaren, erabakitzeko eskubidearen eta prentsa askatasunaren aurka ari da buru-belarri".

Kataluniako herriari babesa adierazi nahi izan diete, eta "Espainiako botere judiziala Gobernuaren meneko" dela irakurtzen dute.

Horrez gain, herritarrak kalera ateratzeko deia egin, eta zehazki, bihar Bilbon Gure Esku Dagok deitutako manifestaziora joateko animatu dituzte.

Irakurri hemen ohar osoa.

Erreferendumak beharrezko berme guztiak dituela diote 130 euskal legelarik

Euskal Herriko abokatu eta legelariak dira eta Kataluniako urriaren 1eko erreferendumak legezko berme konstituzionalak jasotzen dituela diote, ezagutzera emandako agiriaren bidez. Legelarien esanetan, Espainiak sinatutako nazioarteko itunetan oinarritua dago erreferenduma eta, beraz, Espainiako Gobernuak ez luke bera oztopatu behar. Gogor kritikatu dituzte kontsultaren aurka Espainiako agintariek hartu dituzten neurriak eta kezka agertu dute eskubideetan ematen ari diren murrizketengatik. Larunbatean Gure Esku Dagok Bilbon antolatu duen manifestaziora joateko deia ere egin dute.

 

Guardia Zibila Llobregateko bi inprentatan sartu da
Argazkia: Europa Press.

La Vanguardiako albistearen arabera, Sant Feliu de Llobregat-eko Artyplan inprentan eta L’Hospitalet de Llobregat-eko Marc Martí inprentan sartu da Guardia Zibila. 14:00ak aldera sartu dira Artyplanen. Marc Martíren kasuan, Guardia Zibilak orden judizialaren zain daude.

Guardia zibilak urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako materiala bilatzen ari dira, aurreko astean Constantí-ko inprentan egin zuten bezala.

Espainiako Fiskaltzak erreferendumagatik mehatxatutako lehen bost alkateak deitu ditu

Tortosa, Mollerussa, la Seo de Urgel, Valles eta Vilanova y la Geltrú herrietako alkateak dira eta "erreferendum ilegala bultzatzea" egozten zaie. Fiskaltzak alkate aforatuak lehenetsi ditu, hau da, Espainiako Kongresuko diputatuak da Ferran Bel (Tortosako alkatea). Kataluniako Parlamentuko kideak dira, berriz, Marc Solsona (Mollerussako alkatea), Albert Batalla (Seu d’Urgell), Albert Batet (Valls) eta Neus Lloveras (Vilanova i la Geltrú). Lloverasen kasuan, independentziaren aldeko udalerrien AMI elkarteko presidente ere bada.

Espainiako Gobernuak iragarri du Generalitatea ekonomikoki interbenitu nahi duela

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak iragarri du ordainketak kontrolatzeko sistema bat onartu dutela ministroen kointseiluan, Kataluniako Generalitatea ekonomikoki interbenitzeko. Urriaren 1eko erreferenduma finantzatzeko diru publikorik ez dela egon da helburua, Vilaweb-ek jaso duenez.

Sistema hori baliatuz Espainiako Estatuak ordezkatuko du Generalitatea ordainketa gehienetan. Moncloaren iragarpena dator, ostegunean Oriol Junqueras Kataluniako presidente-ordeak adierazi ondoren ez diotela Espainiari bidaliko euren finantzen inguruko informazio gehiago.

Hitzaldia debekatu duen epailea: Manuel Castro Calvo

 Manuel Castro Calvo epailea bera udaltzainekin batera joan da Anna Gabrielen hitzaldira, eteten zutela baieztatzera.

Hitzaldia debekatu duen epaileak, Manuel Castro Calvok, uztailean isuna ezarri zion Laudioko alkateari Espainiako bandera udaletxeko balkoian ipini bai baina nahikoa leku nabarmenean ez jartzeagatik.

Gasteizko udaltzainek Anna Gabrielen hitzaldia eten dute

CUPeko parlamentariak ordubetez hitz egin ostean, Gasteizko udaltzainak udal aretora sartu dira. Gabrielek berak eman du amaitutzat hitzaldia eta independentziaren aldeko oihu artean utzi dute aretoa. Gabriel eta hitzaldian parte hartzen ari ziren bi kazetariak identifikatu dituzte udaltzainek.

Kanpoan, boto-papera eskuan dutela, dozenaka lagunek elkartasuna adierazi diete parlamentariari eta independentzia prozesuari.

Hala Bedik sareratu ditu udaltzainak aretoan sartu direnean Anna Gabrielek esan dituen hitzak.

Catalunya en Comú-ko oinarriek erreferendumean parte hartzea erabaki dute

Kontsultan parte hartu dutenen %60k erreferendumean parte hartzearen alde bozkatu du. Alderdiko aurpegi ezagunenek botoa emango dute, baina mobilizazio egun gisa planteatuko dute, ez erreferendum gisa eldiario.es-en irakur daitekeenez.

Gasteizko administrazio auzietako salak debekatu egin dio Gasteizko Udalari Anna Gabrielek udal-aretoan hitz egitea
Puigdemont, Junqueras, Forcadell eta Colauren gutuna Felipe VI eta Rajoyri U1a negoziatzera

Generalitateko presidente Carles Puigdemont, Bartzelonako alkate Ada Colau, Generalitateko presidenteorde Oriol Junqueras eta Parlamentuko presidente Carme Forcadellek gutuna bidali diote Espainiako presidenteari eta Erregeari adieraziz Katalunia eta Espainiaren arteko gatazkari irtenbidea emateko borondatea dutela, eta Estatuaren partetik jasotzen ari diren errepresioa salatzeko. Financial Times egunkariak argitaratuko du gutuna, hainbat hedabidek jaso dutenez.

"Elkarrizketarako beste dei bat egiten dugu, aztertzeko ea nola jartzen garen ados kataluniarrok erreferenduma egin dezagun", idatzi dute.

Hemen irakur daiteke osorik.

 

Hainbat lagun indentifikatu dituzte gauean baietzaren aldeko kanpaina egiteagatik

Gauerdian hasi da urriaren 1eko erreferendumeko kanpaina. Hainbat herritan Poliziarekin arazoak izan dituzte, eta hainbat identifikatu dituzte herri ugaritan, azpiko txioetan irakur daitekeenez. Udaltzainek hainbat herritan kartelak kendu dituzte.

Figueresko Udaltzaingoak kartelak kendu ditu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Katalunia independentziarantz kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude