Lehenbizikoz, diskriminazioa egotzita higiezinen agentzia bat zigortu du Kataluniako Generalitateak. 10.000 euroko isuna jarri dio, jatorri marokoarreko gizon bati eta haren familiari Matarón (Bartzelona) etxebizitza bat alokatzeko eskaerari uko egiteagatik, baldintzak betetzen zituen arren.
Hamidek –horrela deitzen da gizona– hamahiru higiezin-agentziaren kontra jarri zituen salaketak, baina bere garaian administrazioek ez zuten esku hartu. Ostean, baina, Desca giza eskubideen behatokiak salaketa horiei bide eman zien eta, Generalitatearen menpeko Tratu Berdintasunaren eta Diskriminaziorik Ezaren Bulegoak (OITND) ikusi zuen agentzia horiek arrazakeriaz jokatu zutela. Zehapen-espediente administratiboak ireki zituen orduan, eta kasuetako batek zigorra jaso du. Gainerako salaketei dagokienez, gehienak epez kanpo geratu dira.
Hainbat gertaera jaso du Hamidek salaketa horietan. Esaterako, 2024an etxebizitza bati buruzko informazioa eskatu zuen Hamidek, baina higiezinen agentziak dagoeneko alokatuta zegoela erantzun zion. Ondoren, ordea, Hamiden lankide batek eskaera bera egin zuen eta hari etxebizitza eskuragarri zegoela erantzun zioten.
Higiezinen arrazakeriaren inpunitatearen akabera: Generalitatearen lehenbiziko isuna higiezinen agentzia bati, diskriminazioagatik, du goiburu Desca behatokiak plazaratutako oharrak: "Erakundeok positibotzat jotzen dugu OITNDren erabakia, Hamidek jasandako kaltea konpontzeko eta higiezinen arrazakeriaren zigorgabetasuna amaitzeko lehen urrats gisa", dio. "Zehapena mezu argia da Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargoentzat eta sektoreko profesionalentzat; izan ere, higiezinen eskaintzaren zati handi batean bitartekariak dira, eta legez eta etikoki behartuta daude tratu-berdintasuna defendatzera".
Behatokiak jakinarazi du Provivienda enpresaren azken txostenaren arabera, higiezinen agentzien % 99k bezeroen –etxebizitzen jabeen– diskriminazio-jarraibideak onartzen dituztela, eta, gainera, higiezinen arloko diskriminazio-kasuak % 30 areagotu direla 2020tik. "Higiezin-agentzien arrazakeriaren gorakadaren eta normalizazioaren aurrean, funtsezkoa da zehapenen zenbatekoak legezko mugaraino (40.000 €) handitzea, bizitegi-diskriminazioaren aurkako ikuskapen- eta detekzio-planak aktibatzea, eta higiezinen agentzientzat gai horretan nahitaezkoak diren prestakuntzak aktibatzea", irakurri daiteke oharrean.