Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak egitasmoa debekatu zuenetik, herritarrak "erakundeak iristen ez diren tokietara iristen jarraitzeko" antolatu dira. Bada, KASek adierazi du ordutik erosketako orgatxo bat eramatea "jazarria izateko aitzakia" izan daitekeela, eta auzitan jarri du udala sustatzen ari den hiri eredua.
Donostian bada gauza arriskutsuagorik Zurriolako hondartza hartu duten karabela portugesak baino; Alde Zaharreko apartamentu turistikoen inbasioa baino; edo ezkongabeen agurrak ospatzeko datozen turisten uholdeak baino: erosketako orgatxo bat. Izan ere, KAS Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak salatu du erosketako orgatxo bat “susmagarri” bihurtu dela Donostiako Udalarentzat, eta “jazarria izateko aitzakia” izan daitekeela: “Ez ezer arriskutsurik daramazulako. Ez inori min egiten ari zarelako. Goseak dagoen pertsona bati janaria eramaten egon zaitezkeelako baizik”.
Donostiako Udalak uztailaren 27an Kaleko Afari Solidarioen jarduna debekatu zuen; hau da, kalean bizi diren eta baliabiderik ez duten herritarrei egunero otordu bero bat eskaintzeko egitasmoa. Elkartasuna, ordea, ez da desagertu, eta herritarrak “erakundeak iristen ez diren tokietara iristen jarraitzeko” antolatu dira. Donostiako Udalak ez du hori begi onez ikusi, eta KASek adierazi du ordutik udaltzainek ogitartekoak borondatez banatzen dituztenak “identifikatu, zelatatu eta zigorrekin mehatxatu” dituztela.
Erraterako, Donostiako Harrera Sareak ortziralean salatu du Poliziak lau kide identifikatu dituela “klaseetara etortzen diren pertsonekin janaria partekatzeagatik". Harrera Sareko hainbat boluntariok gaztelania ikasteko doako ikastaroak ematen dizkiete kale egoeran dauden pertsona anitzi, eta ohartarazi dute KASen afariak debekatu dituztenetik “elikatzeko inolako aukerarik gabe” geratu direla: "Horregatik, boluntarioek janaria eramaten dute klaseetara, izan ere, sabela hutsik izanda ezinezkoa da ikastea”.
Donostiako Harrera Sarea: "Boluntarioek janaria eramaten dute klaseetara, izan ere, sabela hutsik izanda ezinezkoa da ikastea"
KASek komunikatu bidez halako neurriak kritikatu ditu, eta azaldu du pertsona horiek ez direla “ezer arriskutsurik” egiten ari, “gosea duenari jaten ematen” baizik. Egitasmoaren ordezkariek azpimarratu dute gaur egun ez dagoela “afari solidarioen pareko alternatibarik”, haien hitzetan, udalak jarritako baliabideak ez baitira nahikoak.
Haratago ere joan dira KASeko kideak, eta auzitan paratu dute Donostiako Udalak sustatu eta eraiki nahi duen hiri eredua: “Kaleak terrazaz, turismoz eta kontsumoz lepo daude, baina, antza, gosea duen norbaiti janaria ematen dion herritarra da arazoa”. Kontrara, KASek argi utzi nahi izan du ogitarteko bat ez dela arazoa: "Pertsona batzuk gosez egotea da arazoa, eta beren eskubideak bermatu beharrean, laguntzen saiatzen direnak jazartzea”.
Halere, KASeko kideek irmo erran dute ez dutela onartuko “elkartasuna kriminalizatzea”, eta eskerrak eman dizkiete borondatez halako ekintzetan parte hartzen duten bizilagunei.