Bina urteko kartzela zigorra eta 2.700 euroko isunak jarri dizkie Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 2021ean 23 urteko gazte baten aurkako eraso “homofobo” eta “diskriminatzaileak” egin zituzten pertsonei.
2021eko ekainaren 6an Basauriko parke batean eraso “homofoboak” egin zituzten hamar lagunek, taldean. Orain auzitegiak hamar erasotzaile horiei bi urteko kartzela zigorra eta 2.700 euroko isuna ezarri dizkie. Beste bati, desgaitasun intelektual baxua eragiten dion anomalia psikologikoa duenez, 14 hilabeteko kartzela zigorra eta 1.710 euroko isuna jarri dizkiote. Horrekin batera, ezingo dira biktimarekin komunikatu eta harengana gerturatu. Guztira 6.000 euroko indemnizazioa emango diote min moralengatik eta 350 euro erantzukizun zibilarengatik.
Martxoan egindako epaiketan Bizkaiko Probintzia Auzitegiko tribunalak eraso “homofobo” eta “diskriminatzaileak” izan zirela onartu du, biktima orientazio sexualarengatik baztertzeko egin zirenak. Hala ere, akusatuek defentsan adierazi dute “marikoia deitzea ez dela gorroto delitua”. Errekurtsoa aurkezteko aukera izango dute.
Biktimak 23 urte zituela gertatu zen erasoa . ”Goizeko ordu biak aldera parke batean nengoen nire bikotekidearekin eta lagunekin. Erasotzaileetako bat gerturatu zitzaidan eta esan zidan lekuz kanpo nengoela, kutsatuko nuela eta nazka ematen niola. Erantzun nion nire presentziak molestatzen bazuen bera joateko. Handik gutxira bizkarretik eraso egin zidaten, lurrera bota eta gainera bota ziren denak. Konorterik gabe geratu nintzen eta 'puto maricón' eta ¡esto te pasa por maricón de mierda' oihu artean", adierazi zuen biktimak orduan.
Biktimak adierazi du gertakariek ondorio psikologikoak eragin dizkiotela: antsietatea eta depresioa. “Behin baino gehiagotan egon naiz zentro psikiatrikoetan, psikologora joaten naiz astero eta tratamenduan jarraitzen dut. Jarraitzen dut beldurra izaten herriko jendearekin topatzen naizenean. Bost urte igaro badira ere gertatutakok animoan eragiten dit”.