EHU

EHUko hauteskundeak galdu zituztenek kargu altuak eskuratu dituzte orain, EAJren bueltan

  • Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hauteskundeak galdu zituen Eva Ferreira errektore ohiaren taldeak, eta zerrendako bederatzi kidek gutxienez kargu altuak eskuratu dituzte, Naiz-ek jaso duenez.

Eva Ferreiraren errektore taldeko bederatzi kide kargu altutan dabiltza EAJren laguntzarekin. EHU. Photocampus

2026ko apirilaren 8an - 09:25
Azken eguneraketa: 14:32
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

2024ko azaroaren 26an egin ziren hauteskundeak EHUn. Orduko errektore Eva Ferreiraren taldeak botoen %36,3 eskuratu zituen, eta Joxerramon Bengoetxearen hautagaitzak %63,6. Orain, talde galtzaileko bederatzi kidek gutxienez kargu altuak eskuratu dituzte, denak ere EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren ingurumarian. Naiz agerkariak argitaratu du informazioa.

Eva Ferreiraren taldekideen kargu berrien izendapenak

Lore Bilbao, EHUn 2023-2024 urteetan gerentea izandakoa, Osasun Administrazio eta Finantzaketa kontseilari izendatu zuten EHUn hauteskundeak egin eta gutxira. Orain, Ingeniaritza Industriala ikasi eta Kudeaketa industrialean espezializatu bada ere, Osakidetzako zuzendari orokorra da. Lehen aldia da osasun arloa jorratzen duena.

Begoña Loza, EHUn pertsonaleko gerenteorde kargua uztetik ia hilabetera, 2025eko otsailaren 21ean, OSI Barrualde-Galdakakoko Pertsonen zuzendari izendatu zuten. 

Héctor Hernando, EHUko Bizkaiko Campuseko gerenteorde izatetik, Osatek-eko (Osasun Sailaren menpe dagoen Lakuako elkarte publikoa) zuzendari gerentea izatera igaro zen EHUko erreleboa egin eta lau egunetara, 2025eko urtarrilaren 31n. 

Miren Mateo, Arabako Campuseko gerenteorde izandakoak, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pèrez Iglesiasen kabineteburu izendatu zuten 2025eko urtarrilaren 11n. Euskal filologian lizentziatua da. Pérez Iglesiasen kabinetean, egun, EHUko Ferreiraren gobernuko beste hiru kidek jarduten dute.

Gorane Agirre, EHun Ferreiraren kabinete burua izandakoa, Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko komunikazio instituzionaleko aholkulari izendatu zuten 2025eko uztailaren 3an.

Juanjo Untzilla, Eraldaketa Digitaleko eta Komunikazioko errektoreordea izandakoa, 2025eko martxoaren 20tik aipaturiko saileko Politika eta Programetako aholkularia da.

Federico Recart, 2021etik Irakasle eta Ikertzaileen errektorea izandakoak, eta 2012tik urte horretara arte Plangintza eta Plantillako zuzendaria izan zenak, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendari kargua eskuratu zuen iragan azaroan.

Juncal Gutiérrez, Euskara, Kultura eta Nazioartekotzako errektoreorde izandakoa, abenduaren 22an unibertsitatez kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Institutuko zuzendari izendatu zuten. 

Agustin Erkiziak, Gipuzkoako Campuseko errektoreorde izandakoak, 2025eko uztailean Eneko Goia Donostiako alkate ohiak sortu zuen Udaleko Zientzia eta Ezagutzaren koordinatzaile postua eskuratu zuen. Alkateak postu berriaren sorrera erretiro batek bultzatutako aldaketa estrukturalarengatik egin zela azaldu zuen.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

EHU kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.