Sergei Karaganov irakaslea Kanpo Politikako eta Defentsako Kontseiluko presidentea da eta atzerri politikan eragin handiena duen akademiko errusiarretako bat. Brezhnev, Gorbatxov, Jeltsin eta Vladimir Putinen aholkularia izana da. Errusiako doktrina nuklearra aldatzearen defendatzaile nagusietako bat izan zen eta Putin presidenteak bere proposamen asko onartu zuen. Jarraian irakurriko dituzuenak Glenn Diesen akademiko norvegiarrak egin zion elkarrizketa batean plazaratutakoak dira.
"Denbora luzez aritu naiz gobernuan dauden nire kideak kritikatzen Mendebaldearen erasoak toleratzeagatik, irtenbide bat aurkitu ahal izanen genuelakoan. Baina irtenbide hori ez da inoiz agertu. Beraz, 2023tik proposatzen ari naizenera itzuliko naiz. Errusia erabateko gerra pairatzen ari da eta gerra hau irabazi egin behar dugu.
Gerra honek onura asko ekarri dio Errusiari. Geldotasunetik atera gara, geure arima eta ohorea berreskuratu ditugu eta geure gizartean benetan baliotsuak diren elite meritokratikoak baloratzen hasi gara, akademikoak, medikuak, ofizialak… Herrialdea indartsuago eta osasuntsuago bihurtzen ari da. Baina bizitza gehiegi ordaintzen ari gara. Beraz, nire gobernuari Europako gerra honi amaiera eman diezaion aholkatzen diot, koska bat gora eginez. Lehenik eta behin, Europako zenbait puntu sinboliko eta logistikori arma konbentzionalekin erasoz. Eta amore ematen ez badute, eraso nuklearrekin jarraituz.
Amore ematen ez badute, Europako herrialde batzuk hil egin beharko dira. Hori da nire iradokizuna, nahiz eta Jainkoari eskatzen diodan –ni fededuna naiz– horrelakorik ez gertatzea. Duela hiru urte ni gutxiengo baten ahotsa nintzen. Orain gehiengo ikaragarri baten ahotsa naiz, bai arlo militarrean bai zirkulu politikoetan eta gizartean ere.
Elkarrekiko jokabidearen zenbait arauren inguruan estatubatuarrak eta errusiarrak ados jar daitezen espero dut. Hori bai, europarrak ez dira joko horren parte izanen".
"Europan gauzak muturreraino eramaten ari dira. Gure etsaiak eskala handian zigortzen hasi beharko dugun puntura iristen ari gara. Nahiago nuke erabateko gerra nuklearra piztu gabe. Baina aurretik, egin dituzten krimenak zigortu egin behar dira. Egiteko modu asko daude eta prestatzen ari gara. Lehenik eta behin, Europan bertan garrantzitsuak diren helburuei eraso eginez. Baina hori baino lehen, Kieveko erregimena suntsitu beharko dugu, eskalada nuklearrera igo gabe. Nire herrikideei ematen diedan aholkua eskalatzea da, lehenik arma konbentzionalekin helburu sinboliko, logistiko edo militarrak erasoz. Eta gero, gelditzen ez badira, bonba nuklearrak erabiliz. Nekatuta gaude gure gizonik onenak Europa horretan galduta.
Ahalmen ekonomiko, teknologiko eta demografikoan gure gainetik dauden herrialde-talde batek eraso egiten badigu, eskubidea ez ezik beharra ere badugu arma nuklearrak erabiltzeko. Planteatu dut, halaber, komandante-buruak bere boterearen zati bat Europa eremuko komandante-buruarengan delegatzea. Jeneral horrek eskarmentu handiko ofizialen babesa du, eta berak hartuko luke bere gain erantzukizuna eta baloratuko luke baliabide guztiak erabiltzeko aukera edo beharra, baita arma nuklearrak ere, Errusiaren aurkako gerra oldarkorra piztu duten Europako herrialdeen aurka. Neure herrikideei gogorarazten diet Europa dela gerra guztien, genozidio guztien, giza historiako gauzarik txarrenen iturria. Espero dut, guztion onerako, gai izanen garela hori saihesteko. Baina europarrek beren herrialdeak amildegira eramaten ari direla ulertu behar dute".
"Orain garrantzitsuena Europako eliteek erasorako duten borondatea haustea da. Eraso bat egiten ari dira eta horregatik zigortuak izan behar dute. Gure barne eztabaidetan nire gobernua kritikatzen ari naiz pirateria ekintzekin bigunegia izateagatik. Behar izanez gero, Danimarkako kanalak itxiko balira, adibidez, ez litzateke Danimarkarik geratuko. Serio hartu behar dugu ergel horiek zentzutasuna berreskura dezaten.
Eraso nuklear mugatu batek zakur amorratu horiei zentzua itzuliko balie, gizateriaren salbatzailea izanen litzateke. Kapitalismo modernoa gizakiari gizatasuna kentzen ari zaio. Munduan izan zuen nagusitasuna berreskuratu nahian dihardu bera arpilatzea ahalbidetu zion Mendebaldeak. Baina hori ez da berriro gertatuko. Nahiago nuke bideko punturen batean elkarren arteko errespetuan oinarritutako mundu multipolarra eraiki ahal izatea, mundu askoz baketsuagoa. Baina gutxienez hogei urteko gerrak ditugu zain".
Joan Mari Beloki Kortexarena
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.