Kapitalismo “berde oliba eta digitalari” aurre egiteko agenda ekosozialista aldarrikatu dute Bilbon

  • Duela hamar urteko III. Topaketa Ekosozialistan adostutako manifestua berritu dute Bilbon, Euskal Gune Ekosozialistak eta Omal behategiak larunbatean antolatutako jardunaldietan. "Ikasi dugu garaipen partzialak posible eta beharrezkoak direla eta ez dagoela trantsizio justurik gatazkarik eta herri-mobilizaziorik gabe", azaldu dute.

Sarrikon egin da jardunaldia, gradu aretoan. ESK

2026ko maiatzaren 12an - 11:18
Azken eguneraketa: 12:42
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hamar urte joan dira III. Topaketa Ekosozialistak egin zirenetik, eta efemeride horren kari 2026ko Euskal Herriko manifestu ekosozialista manifestua egin dute publiko larunbatean Bilbon eragile sozial eta sindikatu ugarik, Euskal Gune Ekosozialistak eta Omal behategiak antolatutako jardunaldietan. Sinatzaileen artean daude, bi erakunde horiez gain, Hitz & Hitz eraldaketa sozialaren aldeko fundazioa, eta Etxalde, Steilas, ELA, LAB eta ESK sindikatuak.

EHUko Sarrikoko fakultateko gradu aretoan bilduta, hama urteotan ekosozialismoak Euskal Herrian egindako ibilbidearen balantzea eta aurrera begirakoak landu dituzte, eta amaierako manifestura ekarri dituzte ondorio eta erronka horiek guztiak.

Manifestuak gogorarazi duenez, duela hamarkada bat adosturiko testuan, muga biofisikoaren "urgentzia ekologikoa" eta horrek aldi berean sorturiko "larrialdi soziala" aipatu zituzten; eta ondorioztatu zuten horien jatorria kapitalismoan oinarrituriko "ordena instituzionalizatuetan" zegoela.

Azterketa "ziurra eta premonitorioa"

"10 urte geroago, zoritxarrez, azterketa hori ziurra eta premonitorioa dela ikusten da, eta agerian uzten du premiazko eta sakoneko erronken aurrean nazioarteko komunitatearen gelditasun instituzional nabarmena". Datu bat ere eman dute: 2016an, planetak dituen bederatzi muga biofisikoetatik lau gaindituta genituen, bada 2025ean jadanik zazpi ziren gainditutako muga horiek.

"10 urte geroago, zoritxarrez, azterketa hori ziurra eta premonitorioa dela ikusten da, eta agerian uzten du premiazko eta sakoneko erronken aurrean nazioarteko komunitatearen gelditasun instituzional nabarmena"

Horren aurrean, baliabideak kontrolatzeko borrokek "munduko taula hankaz gora" jarri dutela dio manifestuak eta eskuin muturraren "agenda erreakzionario eta autoritarioen" ondorioz gerra eta eraso inperialistak bizkortu direla. 

Hori horrela, duela hamar urteko "kapitalismo berdea", gaur egun kapitalismo "berde oliba eta digitala" bihurtu da, hazkunde orokortura eta emisio kutsatzaileetatik "desakoplatzera" eramango bagintu bezala. Horren aurrean, manifestuaren sinatzaileek inoiz baino beharrezkoago eta premiazkoago ikusten dute agenda ekosozialista martxan jartzea. "Kapitalismo berde oliba eta digitalak ez du irtenbiderik ematen. Aitzitik, aurre egin behar diogun agenda defendatzen du. (...) Hortaz, indartu egiten dugu ekosozialismoaren aldeko apustua", diote.

"Kapitalismo berde oliba eta digitalak ez du irtenbiderik ematen. Aitzitik, aurre egin behar diogun agenda defendatzen du"

"Ez dago trantsizio justurik gatazkarik eta herri-mobilizaziorik gabe"

Sindikalismoan, feminismoan zein ekologismoan azken urteetan emandako urratsak eta borrokak gogorarazi dituzte, hala nola pentsio eta bizitza duinen aldeko 2020ko greba orokorra, edo zaintza-sistema publiko komunitario baten aldeko 2023ko greba orokor feminista: "Ikasi dugu garaipen partzialak posible eta beharrezkoak direla eta ez dagoela trantsizio justurik gatazkarik eta herri-mobilizaziorik gabe",

Manifestuan, "lau koloreko bandera" aldarrikatzeko (ekologismoaren berdea, justizia sozialaren gorria, feminismoaren bioleta eta herritarren ahalduntzearen beltza) 18 puntuko zerrenda osatu dute (hemen irakurgai). "Diagnostikoa argia da: ekosozialismo feminista edo basakeria", amaitu dute. 


Herri mugimendua kanalean gehiago
2026ko ekainaren 10
Berriketa gutxi
Basatiak

2026ko ekainaren 10
UEUren jardunaldia ekainaren 19an
Politika publikoekin nola bultza elikadura burujabetza?

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.