Kanpotarrak eta lehentasunak


2026ko apirilaren 15ean - 15:52
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Ba egia da: telebistan handiagoa dirudi”, entzun diet turista batzuei Iruñeko Udaletxe plazan. Topiko hura hamaika aldiz aipatzen da hor, baina harritzekoa izan da pertsona horrek aurikularra kendu, buelta eman, burua altxatu eta enparantzan gertatzen ari zenaren inguruan hori nabarmendu izana.

Bitxia ez ezik, sortu den irudia bidegabekeria baten isla ere izan da. Goizeko 06:00etan hasi da dena, Udaltzaingoa aurrez abisatu gabe Aranzadiko Agustindarren komentu zaharrean agertu eta barruan lo egiten zeuden etxegabeak kanporatu dituenean.

Haserre biziz eta, ziurrenik ere, bere bizi-egoerak eragiten dien ezegonkortasun mentalak bultzatuta, bi gazte haiek beren burua zauritzen hasi dira kuter batez. Haietako bat bere besoak mozten hasi da eta odoletan zituela, udaltzainek eskuburdinekin lotu dute komentuko hesira. Etorkinei elkartasuna erakustera bertaratu diren gazteetako bat izan da 112ra deitu duena eta, kontatu duenaren arabera, erantzun diote ez zela anbulantziarik behar “udaltzainak hor zeudelako”. Odola darion bitartean lotzeko, nonbait.

Bitxia ez ezik, sortu den irudia bidegabekeria baten isla ere izan da. 06:00etan hasi da dena, Udaltzaingoa aurrez abisatu gabe Aranzadiko Agustindarren komentu zaharrean agertu eta barruan lo egiten zeuden etxegabeak kanporatu dituenean

Iruñeko etxegabeei laguntza ematen dien Negu Gorriak plataformaren esanetan, 140 pertsona dira guztira hondakin horietan gaua pasatzen edo bertan haien gauzak gordetzen dituztenak. Sarekadaren momentuan, 75 identifikatu ditu Poliziak. Haietako batzuek salatu dute udaltzainek dokumentazioa konfiskatu dietela, laguntza jasotzeko zerrenda batean izena ematearen truke. Zerrenda horretatik 51 lagun soilik udalaren ‘On Egin’ jantokira eta bazterkeriaren aurkako bulegora bideratu dituzte. Han, toki jakin batean hiru gau pasatzeko aukera eskaini diete –eta baten bati autobus txartel bat eman ere bai–. 

Tartean gazteak Udaletxe plazatik pasa dira eta udalari begira geratu dira, turisten taldearen atzean, erdi protestaka, erdi etsita. Barruan Joxe Abaurrea (EH Bildu) eta Txema Mauleón (Contigo-Zurekin) zinegotziak prentsaurreko bat ematen ari ziren. Bertan azaldu dute goizean “obren berehalako hasieraren inguruan informatzera” gerturatu direla poliziak. Indarrez hustera, alegia.

Politikariek “beste udalen edo Nafarroako Gobernuaren inplikazioa” eskatu dute fenomeno honi heltzeko. Gainera, “etxegabetasun kontu bat baino gehiago, atzerritartasunarekin zerikusia duen afera” dela esan dute; hau da, Azterritartasun Legearekin. Gogora ekarri dute ere Udal Gobernuak orain arte egindako esfortzua: aurreko legealdiarekin alderatuz, bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako etxebizitza eta aterpeen plaza egonkorrak hirukoiztu egin dira, esate baterako. 

Onartu beharra dago hori guztia horrela dela, baina hortik aurrera Iruñeko Udalaren lehentasunak bere ardura dira. Adibidez, zahar etxe berri bat eraikiko da. Non eta magrebtar pila batentzako sabaia den hondakinetan. Noiz eta espazioa duintzeko auzolanen deialdiak egiten ari zirenean. Desalojo masiboak desalojo masibo dira Badalonatik Iruñera, lehenengoaren kasuan ageriko arrazakeriaren bidez eta, bigarrenean, eufemismoekin aurkezten baditugu ere.

Asteleheneko Udaletxe plazaren irudiak ez dio onurarik egiten Iruñeko Udalari gentrifikazioaren garaiotan: turista talde handi bat –handiegia, akaso– udaletxearen aurrean. Haien atzetik, bigarren lerroan, hamarnaka etorkin beste hainbeste maleta, motxila eta poltsarekin. Turistak plazari begira, baina plazan gertatzen ari denaz jabetu gabe. Etorkinak udaletxeari begira, erantzun baten esperoan.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.