Kanporatze agindua duen ikasle senegaldar baten aldeko mobilizazioak egingo dituzte Bokalen

  • Marie-Thérèse Gomis 2016tik dago Frantziako Estatuan, eta 2023an iritsi zen Baionara, ikasketak medio. “Integrazio eta errotze falta” argudiatuta, estatutik kanporatzeko agindua eta bertara berriz sartzeko debekua ezarri dizkio, ordea, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. Bokaleko (Lapurdi) herritarrena ez ezik, Ipar Euskal Herriko ezkerreko diputatuen babes publikoa ere jaso izan du.


2026ko uztailaren 10ean - 12:11
Azken eguneraketa: 15:41
Marie-Thérèse Gomis, Manue Herrero irakaslearekin. France 3 Euskal Herri Pays Basque / N. Pressigout
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Edozein momentutan kanporatu dezakete Marie-Thérèse Gomis: hori erabaki zuen iaz Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, eta erabakia berretsi du Paueko Auzitegiak (Okzitania) aurtengo maiatzean. Emakume senegaldarrak hamar urte daramatza Frantziako Estatuan, 2016an ikasle bisarekin sartu zenetik; orduz geroztik, lana eta ikasketak uztartu ditu, eta Baionako Talis Business School-eko ikasle da egun. “Integrazioa eta errotzea” falta zitzaizkiola argudiatu du, ordea, prefeturak; bere abokatuak ukatu egin ditu hitzok, lanak eta ikasketek Euskal Herrian bizimodu egonkorra eman diotela argudiatuta.

Abokatuaren hitzak berretsiko dituzte ostiraleko 14:00etan Bokaleko herriko etxean “adiskidetasuna eta elkartasuna” helburu; horren ondoren, 15:00etan, "adiskidetasun eta elkartasunezko zintzur bustitzea" egingo dute, udaletxe kanpoaldean. Bertan izango dira, besteak beste, Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapeza eta Fabiene Hirigoyen, Mugerreko alkate eta Euskal Hirigune Elkargoko Kohesio Sozial, Osasun eta Haurtzaroko lehendakariordea. Jarrera bera hartu dute Fronte Herritar Berriko Ipar Euskal Herriko hiru diputatuek, Colette Capdevielle-k, Peio Dufauk eta Iñaki Echanizek, iazko uztailean eskutitza bidali baitzioten Jean-Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetari, kasua berriz aztertu zezan eskatzeko.

Berria egunkariak iaz egindako elkarrizketan, Gomisek jasotako babesa eskertu du, eta eraginik izan duela baieztatu du: bere kasua salatu dutenen presioak eragin du, bere hitzetan, kanporatzearen prozesua atzeratzea; ez, ordea, bertan behera uztea. Izan ere, hirugarren kanporatze agindua du aurtengo maiatzean berretsi dutena; lehena pandemia garaian jaso zuen, ikasle baimena zuen, baina pandemiak bertan behera utzi zuen formakuntza, baita baimena ere. Parisen zegoen garai horretan, eta aginduaren ostean Rodez hirira egin zuen salto, Okzitaniara. Ikasketei lotutako egonaldi baimena eman zion prefeturak, lanpostua eskuratu zuen eta erregularizazio eskaera egin zuen; orduan jaso zuen bigarren kanporatze agindua. Hirugarrena, jakina da, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak emana da.

 


Emakume migratuak kanalean gehiago
2026ko martxoaren 4
Etxeko langile egoiliarrak
Ez atsedenik, ez soldata duinik

2024ko abuztuaren 26
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

2024ko otsailaren 7
Erika Gonzalez. Australian ere zakurrak hanka-hutsik
"Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...