Kanboko Marienian landaturiko garia produktu kimikoekin pozoituta izan dela salatu dute

  • Kanboko Marienia eremuan joan den larrazkenean ogia egiteko landaturiko garia produktu kimikoekin pozoitua izan dela salatu dute. ELB, Lurzaindia, Ostia, Le Cade eta Nahi Dugun Herria kolektiboek.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2026ko martxoaren 9an - 09:26
Azken eguneraketa: 13:36
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Jakinarazi dutenez, ekintza hori "bandalismoa" da eta Marieniako lurretan etxebizitza proiektuaren alde diren aktoreen jarrera agerian uzten du.

Eragileek azaldu dutenez, Marieniako dosierra oraindik justiziaren eskuetan da, eta, hala ere, garia legalki ereina izan zen joan den larrazkenean alokairu kontratua zuen lur batean. Haien ustez, gertakari honek erakusten du interes orokorra eta herritarren ongizatea bigarren mailan uzten dituztela, jende gutxi batzuen interes ekonomikoak lehenetsiz.

Gainera, aste honetan bertan ardiak bazkatzera eraman behar zituzten gari eremu horretara. "Zorionez, berantagatik laborariak ez zituen oraindik ezarri; bestenaz, ardiak pozoitutako ziren", ohartarazi dute. Horrenbestez, ekintza horrek laborarien jarduera ez ezik, animalien osasuna eta elikadura kate osoa ere arriskuan jar zitzakeela nabarmendu dute.

Eragileen arabera, gertatutakoa ez da laborari baten aurkako erasoa soilik, baizik eta herritar guztien aurkakoa. Izan ere, tokiko eta kalitatezko elikadura sortzeko lanari kalte egiteaz gain, biodibertsitatearen kontrako eraso gisa ere ulertu behar dela adierazi dute.

Testuinguru zabalago batean kokatu dute auzia: gogorarazi dute Duplomb II legeak produktu toxiko batzuk berriz erabiltzeko bidea ireki nahi duela laborantzan, eta aldi berean Europar Batasunak merkataritza libreko akordioak sinatzen jarraitzen duela. Horrek guztiak, haien iritziz, tokiko elikaduraren deslokalizazioa eta laborantza iraunkorraren ahultzea dakar.

Horregatik, Marieniako lurra defendatzeko borrokan segituko dutela adierazi dute. Haien erranetan, promotore eta interes ekonomiko jakin batzuen mesedetan eginen litzatekeen urbanizazio proiektuaren aitzinean, laborantza balio handiko lurra babestea eta tokiko elikadura bermatzea dira lehentasuna.


Lurraren espekulazioa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.