Kanakyko independentisten kezka areagotu du Frantziako Legebiltzarra hautesle errolda zabaltzearen alde agertu izanak

  • Orain arte bozketatik bazterturiko 10.500 bat "natibo" hauteskunde-zerrendetan sartzearen alde agertu da Frantziako Legebiltzarra. 1998an izenpeturiko Noumeako Akordioei begira aldaketak dakartza bozketak, eta dekolonizazioari buruzko "akordio globalik" gabe bideratu izana ez du begi onez ikusten FLNKS alderdi independentistak.

Frantziaren menpe izaten segitzen du Kanaky herriak, eta hauteslee errolda zabaldu izana bada independentisten kezka iturri. Tve.es

2026ko maiatzaren 22an - 11:57
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Duda gabe, asteazkenean Frantziako Legebiltzarrean iragandako bozketak ondorioak izanen ditu Kanaky herrian bideraturiko hauteskundeen emaitzetan. Hain justu, hautesle errolda zabaltzearen aldeko lehen urrats bat onartu dute Paristik, orain arte bozketatik bazterturiko 10.500 bat "natibo" hauteskunde-zerrendetan sartzearen alde agertuta. Haatik, hautesleen ezkontideei bozkatzeko aukera zabaltzeko urratsa doi doietarik baztertu da, 164k kontra eginik eta 163k alde.

Inportantzia handiko bozketa izan da, hain justu, badelako loialisten eta independentisten arteko desadostasun nagusietarikoa. 1998ko Noumeako Akordioei segi, orain arte hautesle errolda "izoztuta" zegoen: 1998an hamar urtez bertan bizi zeudenek eta beraien ondorengoek bakarrik dute irlako hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea. Independentistek bake akordio horren zangopilatze bat ikusten dute hautesleriaren zabaltze horretan, besteak beste, lekukoen ahotsaren itotzea ekarriko lukeelako. Funtsean, Parisek adierazitako hautesle errolda zabaltzeko asmoak piztu zituen 2024ko udaberriko matxinadak.

"Gero eta distortsio handiagoa" zuzentzeko beharrezkoa den aldaketa horren alde hitz egin du Sébastien Lecornu Frantziako Lehen ministroak, hautesle erroldatik bazterturikoen kopurua %8 baino gutxiago izatetik %17 izatera pasa delako 1998az geroztik.

FLNKS alderdi independentista berez ez dira zabaltze horren aurka, baina dioenez, dekolonizazioari buruzko "akordio global baten barruan" sartu beharra dago. Kanaky herriarentzako estatutuari buruzko aurreko adostasunik gabe hautesle erroldari aldaketak bideratu izana "prezipitatua eta arriskutsua" dela dio FLNKSk.

Kolonizazio historia luze eta odoltsua du Kanakyk, eta oraindik ere segitzen du Frantziako Estatuaren menpe.


Kanaky herria kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.