Trumpen boladari aurre egiteko estrategia propioa –probokaziorik ez; baina mirabekeriarik ere ez– darabilela dirudien Mark Carney Kanadako lehen ministroa, antza denez, jabetu da jada Groenlandiaren inguruko zalaparta guztiaren benetako harrapakina Kanada dela.
Kasualitate hutsa izango zen, baina Trump Groenlandiako izotzak urtzeko eta europar aliatuekiko goxotasunak kiskaltzeko adinako beroaldiarekin dabilenean, Mark Carney Kanadako lehen ministroa Txinara joan da, askok mugarritzat jo duten bisitaldian. Izatez, bigarrenez solastatu da Xirekin oraingoan Carney, agintean daramatzan hamar hilabeteetan; baina aurrekoan Hego Koreako goi-bileraren testuinguru zabalagoan izan zen topaketa. Beraz, funts gutxiagokoa.
Komeniko da, hala ere, edukia eta edukiontzia bereiztea. Eta, ondoren, testuingurua arakatzea, benetako mamia hor nonbait dabilelako.
Ontzia bikaina izan da, txinatar usadiorako ere: estatuburu-tratamendua eman diote Carneyri. Adiskideei eman ohi zaiena. Goi-arduradun nagusiekin bildu da, eta ez du propaganda-kutsuko betelaneko agerraldirik ere egin behar izan Pekinen eman dituen hiru egunetan. Esan liteke Justin Trudeauren agintaldiko azken urteetako mikaztasunak –batez ere Meng Wanzhou kasuaren ondorengoak– ezabatu nahi izan direla deliberatuki. Agidanez, ez zaie gustatu hori batzuei Mendebalde kolektiboan.
Eduki praktikoa, ordea, oso mugatua izan dela aitortu behar. Erretorika diplomatikoan ohikoak diren adierazpenez harago, merkataritza-tratu apal batzuk lirateke bisitaldiaren emaitza praktikoa. Batik bat, Txinak muga-zergak kenduko dizkiela salgai kanadar batzuei (koltza, itsaskiak, zura), eta Kanadak urtean 49.000 auto elektriko txinatar inportatzeko baimena emango duela. Huskeria baino asko gehiago ez. Baina, hala ere, kopeta zimurtu egin dute batzuek gure artean. Zergatik ote?
Hor agertzen zaigu testuingurua. Txina ez da Kanadarentzat bazkide komertzial aparta: kanadar esportazioen %4 doa Txinara, eta inportazioen %12 datorkio handik. Merkataritza-defizita du Txinarekin, bai, beste askok bezala... eta Kanadak berak orokorrean duen bezala. Zenbatekoak, ordea, oso urruti daude auzoko Estatu Batuekin duen tratuaren mailatik: esportazioen %77 doa AEBetara, eta inportazioen %49 datorkio handik. Non dago, orduan, errezeloaren koska?
Trumpen boladari aurre egiteko estrategia propioa –probokaziorik ez; baina mirabekeriarik ere ez– darabilela dirudien Carney, antza denez, jabetu da jada Groenlandiaren inguruko zalaparta guztiaren benetako harrapakina Kanada dela. Ez noski berehalakoan, irlatzar izoztua bezala; baina bai epe ertain batera, hiru aldetatik inguratuta geratzen denetik aurrera.
Osaba Sam-en espantsionismo biziberritua (honezkero ez baita Trumpen ateraldi zoroa; Estatu Batuetako elite politiko, militar eta ideologikoaren kontsentsu bilakatzen ari da anexionismoa eta “Monroe doktrinaren Trump korolarioa”) iparraldera begira jarri da. Bere buruhauste militar, ekonomiko eta sozial askoren “konponbidea”, mega-Alaska batean ikusten hasi da Sam.
Kanadaren merkataritza-buruhausteak testuinguru horren guztiaren atal bat baino ez dira. Izatea du jokoan.