Le otto montagne (Zortzi mendiak)
Felix van Groeningen eta Charlotte Vandermeersch
2022
Zer: Filma
Herrialdea: Italia
Iraupena: 147 minutu
Non ikusi: Amazon Prime
------------------------------
Gutxiegitan ikusten dudan unibertsitateko lagun batek, Juanek, gomendatu zidan Le otto montagne pelikula ikusteko. Denbora nahi baino gutxiago, baina, bestela, iritziak, musika zaletasunak eta mundu ikuskera asko konpartitu ohi ditut Juanekin. Nolabait, antzeko kontuei ematen diegu garrantzia Juanek eta biok, eta hark emandako gomendioa jarraitzea denbora kontua besterik ez da izan: unea iritsi zenean, ia errituala balitz bezala jarri nintzen pantailaren aurrean.
Eta, kasualitatez, Le otto montagne laguntasunari egindako oda eder askoa dela konturatu nintzen. Bertan, Pietro (Luca Marinelli) eta Bruno (Alessandro Borghi) dira protagonistak: lehenengoa Turinetik Alpeetako herri txiki batera udan oporretan joaten den mutikoa da, eta bigarrena, herri horretan bizi den haur bakarra. Jakina, bien arteko interesa berehalakoa izango da, eta haurren moduan, hasieran lotsaz bada ere, lagun min egingo dira segituan. Filmaren lehen zatian, laguntasunaren hasiera ikusiko dugu, umetatik hasi eta helduarora iritsi arte.
Adiskidetasun horren garapena da lanaren funtsa, tartean beste gai batzuk lantzen dituen arren; hala nola familia arteko harremanak, errealitate material desberdinen arteko alderaketak, mundu ikuskera kontrajarriak eta bizitzari zentzua bilatzeko nahia, esaterako. Egia esanda, tramako gertakariak, orokorrean, ez dira berritzaileak; nahikoa arketipikoak baizik: seme baten eta bere aitaren arteko erlazio malkartsua, azkarregi haztera behartu duten umea, faltan dauden gurasoak, edo arazo ekonomikoak, besteak beste.
Horiek horrela, gertakarien eboluzioa aurreikustekoa bada ere, benetan natural eta berez kontatuta dago guztia. Gidoi korapilatsu eta ulergaitzak baztertu, eta linealki eta sorpresarik gabe kontatzen da istorioa, erritmo motelean. Pietro eta Brunoren arteko harremana su txikian kozinatuta dago, eta, akaso, horregatik, bene-benetakoa ematen du. Horrek pelikulan zehar momentu sentikorrak eta funts handikoak eraikitzen dituela esango nuke; hunkigarriak, oso. Eta, ezin ahaztu: Alpeak ederrak dira; ederrak, baina baita gogorrak eta errukigabeak ere. Momentuak behar duenaren arabera, iruditeriak eta musikak alpeen malkarrak era askotan erakustea lortzen dute.
Filma ikusten amaitu dudanean Juani idatzi diot. Azken finean, hori baita produktu artistiko batek sortu beharko lukeen erraietako erantzuna: bikaintasun formaletik harago, gidoiko hitzen aukeraketa perfektua baino garrantzitsuagoa, ikusleari barrenak mugitze hori, hitza bost-hamar minutuz lapurtzeko gaitasuna. Eta kaña batzuk hartu eta ramena jateko geratu gara, hori baita gure betiko plana.