“Kalteak konpontzen laguntzeko” duen ardura oroitarazi dio Espainiako Estatuari Nafarroako Torturatuen Sareak

  • Iker Aristu Etxeberria zena ukan dute gogoan prentsaurrekoa antolatzerakoan, eta luze eta zabal aritu dira torturak eragiten dituen "puska, zauri eta orbainei" buruz. Zaintzaren garrantzia azpimarraturik, laguntza behar ukanez gero sarearengana jotzeko gomendioa luzatu diete torturatuei eta beraien senideei. Erreparazioaren bidean beraien ardurak hartzeko deia luzatu diete instituzioei ere.


2026ko urriaren 8a - 16:48
Nafarroako Torturatuen Sareak urriaren 8an egindako prentsaurrekoa. Nafarroako Torturatuen Sarea
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Irailaren 6an zendu zen Iker Aristu Etxeberria, 2008an "kale borrokaren" aurkako operazio batean atxilotu eta torturatu zuten gaztea. Iruindarra torturak hil duela salatu zuten berehala haren ingurukoek. Heriotza horrek "hunkituta eta ukituta" antolatu du prentsaurrekoa Nafarroako Torturatuen Sareak ostegun honetan, ondoan ukan dituztela sareko psikologoak.

Nafarroako Torturatuen Sarea sortu dutenetik zaintza izan dute ardatz nagusitzat: "Gure jardueraren elementu nagusietako bat zainketak, autozainketak eta elkarren zainketak izan zitezen saiatu gara. Arretaz lan egin izan dugu beti, elkarri lagunduz keinu sinpleekin, hala nola mezu edo deiekin, edo tresna ahaltsuagoekin, hala nola bizipen-tailerrekin eta zaintza taldeekin". Hain justu, prentsaurrekoan oroitarazi duten bezala, torturaren funtsa badelako pertsonen puskatzea eta pusketa horiek biltzen eta direna berregiten saiatu arren, "puskak, zauriak eta orbainak" beti hor segitzen dutelako. 

Torturatuei eta beraien senideei luzatu diete prentsaurrekotik mezua: "Zuetako baten batek urgentziazko laguntza behar badu, edo zaintza-taldetik kanpo ere, jar zaitezte gurekin harremanetan. (...) Zailtasun pertsonalak, ekonomikoak edo bestelakoak badituzue, elkarrekin aurkituko dugu konponbidea". Bide beretik, zaintza taldeak jarriko dituzte martxan ostiral honetatik aitzina Plazara! izeneko zentroan, beti ere "elkarrizketa librea, irekia, segurua, konfidentziala eta konfiantzazkoa ardatz" harturik.

Sarearen parte diren psikologoek hitza hartu dute agerraldian, eta azaldu nahi izan dute tortura badela esperientzia traumatiko bat eta hortik pertsona bakoitzak duela bere ondorengo propioa: "Esperientzia traumatiko horren menpe egon izanak eragin dezake pertsona askok diagnostiko klinikoren bat izatea (trauma ondoko estresaren nahasmendua, antsietate-nahasmenduak, depresioa, etab.), baina gehienek, denborarekin, beren bizitzan integratzeko eta bizirauten jarraitzeko trebetasunak garatu dituzte". Hala ere, argi utzi dute kasu guztietan torturak eragina duela "pertsonak bere buruaz, besteez, munduaz eta etorkizunaz duen pertzepzioan". 

"Identitatea, intimitatea, gorpuztasuna eta borondatea urratzen ditu torturak", eta hortik sufrikario hori jasan duenak "berrikaskuntza" bat beharrezkoa dutela ere argitu dute, dolua egin behar dutelako, traumatizazio-esperientzia ibilbide biografikoan integratzeko gaitasuna lortu behar dutelako, norberak bere ibilbidea sabotatu gabe... Prozesu dorpe horretan "komenigarritzat eta beharrezkotzat" jotzen dituzte terapia eta laguntza-harremana.

Ondoko gomendioa luzatuz bukatu dute hitzartzea psikologoek: "Esperientzia horretatik igaro diren pertsonak psikologiako edo psikiatriako profesionalengana jotzera animatzen ditugu. Iraganera begiratzeko gai sentitzen ez badira, utz dezatela beldur hori alde batera eta laguntza eskatu dezatela, egoera hori maila kolektiboan eta indibidualean gaindi daitekeelako".

Polizia gehiegikerien Legeari so

Datorren uztailean amaituko da polizia gehiegikerien legera aurkezteko epea, eta, hortik aitzina Balorazio Batzordeak azken txostena egingo du. Segur aski gaiari helduko diote eta horri begira dago Nafarroako Torturatuen Sarea: "Zalantzarik gabe, arazo hau konpontzeko bidean hori izango da mugarrietako bat, eta, hemendik, berriz ere, Batzordearen lanean dugun esperantza eta konfiantza erakutsi nahi dugu".

Hain zuzen, nahiz eta jakin "erreparazioa ez dela jasandako kaltearen baliokidea, eta ezin dela inola ere izan", urrats horren garrantzia azpimarratu dute, jendarteari eta instituzioei dei zuzena eginez: "Torturatuok osasunean hain oinarrizko premiak ditugula argi dagoenean, akats izugarria litzateke erreparazioa maila sinbolikoan edo ekonomikoan bakarrik eman behar dela pentsatzea". Arduradun nagusia Espainiako Estatua dela erranda, "kalte hori konpontzen laguntzeko erantzukizuna" duela argi utzi diote.

 

 


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.