Kaleratzeei prezioa jarri nahi izatea leporatu diote enpresari Tubos Reunidoseko langileek

  • Zuzendaritzak eta sindikatuek astelehenean egindako bileran ez zen akordiorik izan, eta ostiralera arteko epea dute orain erabaki bat hartzeko. Amurrioko (Araba) lantegia itxi eta 301 lagun kaleratzeko asmoari eusten dio enpresak. Langileek Bilboko kaleetara eraman dute euren protesta.

Tubos Reunidoseko langileek Bilboko kaleetara eraman dute euren protesta. Gure Bideoak

2026ko martxoaren 10ean - 10:58
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Tubos Reunidoseko lan-gatazkak irteera gabeko kalean jarraitzen du oraingoz eta enpresak mahai gainean duen alternatiba bakarrak azkenaldian Euskal Herrian izandako kaleratze kolektibo masiboena egin etarik Amurrion duen lantegia ixtea izaten jarraitzen du.

Astelehenean bildu dira azkeneko aldiz enpresako zuzendaritza eta sindikatuetako ordezkariak. Bertan, zuzendaritzak eskaintza berria egin du, ustez aurrekoa hobetuko lukeena: lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko soldata –azkeneko eskaintza 38 egunekoa zen–, gehienez ere 24 soldatarekin; eta erretiro aurreratua hartzeko adina 59 urtetik 57 urtera jaistea. Horrez gain, 1.500 euroko gehigarri bat izango lukete urtero, hamar urte bete arte.

Sindikatuak, besteak beste, Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) atzera botatzeko eskariarekin joan dira negoziazio mahaira. Baina enpresak ez du mahaitik kendu Amurrioko altzairutegia ixteko aukera. Bere aurreikuspenen arabera, EEEak Amurrioko 274 langileri eta Trapagarango beste 27ri eragingo lieke.

LABen esanetan, Amurrioko fabrika “pieza estrategikoa” da enpresarentzat eta hura ixteak kolokan jarriko lituzke beste lanpostu guztiak

Zuzendaritzaren eskaintza berriak sindikatuen artean askoariko iritziak sortu ditu bileran, eta bozketa garaian berdinketa egon da; bozka ordezkatu batek hautsi du oreka hori azkenean. Hala, CCOO eta UGT sindikatuen eta Trapagarango (Bizkaia) ELAko ordezkariaren eskariz, zuzendaritzak ostiralera arteko epea onartu du erabakia hartu ahal izateko, orduan elkartuko dira berriz ere.

LABek salatu du: “Argi geratu da enpresa ez dela gai izan altzairutegiaren itxiera eta EEE hau alternatiba posible bakarra direla frogatzeko”. Sindikatu abertzaleak ohar bidez nabarmendu du Amurrioko fabrika “pieza estrategikoa” dela enpresarentzat eta hura ixteak kolokan jarriko lituzkeela lanpostu guztiak.

ESK ere irmo azaldu da zuzendaritzaren jarreraren aurrean. Bere esanetan, azken eskaintzarekin kaleratzeen “prezioa garestitu” baino ez du egin, benetako alternatibarik eskaini gabe, hala kontsulta-aldia “amaitutzat” eman du: “Argi dugu Tubos Reunidos enpresaren etorkizuna altzairutegia mantentzean datzala”, azaldu du, eta “borrokan fase berri bat” ireki dela azpimarratu du.

Langileen oihua Bilbon: “TRn inor ez dago soberan”

Bulego barruan bilerek eta negoziazioek jarraitu bitartean, kanpoan langileek kaleak hartu dituzte beste behin. Oraingoan Bilboko karriketan entzun da haien oihua.

Eserialdiak egin dituzte errepidean. Tubos Reunidos Borrokan

Astelehen goizean Euskalduna Jauregiaren aurrean elkarretaratu dira dozenaka lagun, eta Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitza aurrera egin dute, administrazioaren inplikazio handiagoa eskatzeko; ondoren SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren egoitza pareraino iritsi dira.

Tubos Reunidos borrokan pankartaren atzean egin dute ibilbidea, eta, “TRn inor ez dago soberan”, “Altzairutegi gabe, ez dago etorkizunik” eta antzeko leloak oihukatu dituzte; eserialdiak ere egin dituzte errepidean hainbatetan, eta horrek hiriaren erdiguneko trafikoan eragin nabarmena izan du.


Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.