Bilboko udaltzainak mantero bati oldartu zitzaizkion astelehenean, Alde Zaharrean. Hori salatzeko, eta azal kolorearen araberako identifikazioak amaitzea eskatzeko, elkarretaratzea egin dute Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole taldeek deituta, Manteroen aurkako jazarpenik ez. Bizirautea ez da delitua lelopean.
Inor ez da ilegala, eta “bizirautea ez da delitua”. Horixe aldarrikatu dute ortzegun arratsaldean Bilboko Zamudio Atean. Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole kolektiboek deituta, elkarretaratzea egin dute, Manteroen aurkako jazarpenik ez. Bizirautea ez da delitua lelopean, eta kaleko saltzaileek pairatzen duten errepresio polizialaren bertze kapitulu bat salatu dute.
Izan ere, Bilboko Udaltzaingoak astelehenean mantero bat "bortizki" atxilotu zuen Somera kalean, Adaxka kultur elkartearen parean. Hain zuzen, elkarte horrek atxiloketaren uneko bideo bat zabaldu zuen: hiru udaltzain ageri dira egoitzako atarian, lurrean dagoen gizon bat mendean hartzen. Inguruan bertze polizia batzuk daude, eta horietako bat kaleko saltzaileak salgai zuen materiala erretiratzen ikus daiteke.
“Polizia dispositiboa eta agenteen esku-hartze bortitza ulergaitza izan zen, eta, argi eta garbi, arrazista”, adierazi dute manteroen bozeramaileek. Gainera, ez da kasu isolatua, haien hitzetan, “egunero” jasaten baitituzte horrelako jokabide bortitzak udaltzainen aldetik: “Etengabe, gure gorputzen eta gure bizitzen kontrako bortizkeria eta arrazakeria instituzional eta polizial larria pairatzen ditugu”.
“Etengabe, gure gorputzen eta gure bizitzen kontrako bortizkeria eta arrazakeria instituzional eta polizial larria pairatzen ditugu”
Gainera, azpimarratu dute uda ailegatzean eta Aste Nagusia hurbiltzen ari denean, udaltzainen operazio horiek ugaritu egiten direla Bilboko Kale Nagusian, Areatzan eta Alde Zaharrean.
Kale saltzaileen ustez, “ezerk ez du justifikatzen Poliziak horrela jokatzea, gure kontra indarkeria erabiltzea eta gure gauzak eta salgaiak kentzea”. Haien arabera, sarekada eta atxiloketa horiek “arrazakeria instituzionala eta poliziala” dute oinarrian.
Era berean, Bilboko Udalari aurpegiratu diote “inoiz inolako asmorik agertu ez izana” Poliziaren "eraso arrazista etengabe horiei” amaiera emateko. Arrazaren araberako jazarpena eta mota guztietako abusuak amaitzeko exijitu diete agintariei, baita eraso horiek ikertzeko ere.
Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole taldeek ohartarazi dute horrelako jokabideek "oso ondorio kaltegarriak" dituztela; hala nola isunak, prozesu judizial amaigabeak eta ondorio penal larriak, ARGIAko erreportaje honetan kontatu genuenez.
Bide batez, kaleko saltzaileek aldarrikatu dute beraiek ere, "herritar guztiek bezalaxe", Bilbon bizitzeko eskubidea dutela: "Instituzioei axola dien bakarra turistak eta hiriaren irudia badira, jakin dezatela gu ere hiri honen parte garela".
Amaieran eskerrak eman dizkiete haien alde egiten duten auzokide guztiei; bereziki, Adaxka kultur elkarteko kideei, haiek izan baitziren asteleheneko erasoa salatu zuten lehenengoak.