Kaleko saltzaileak “erakunde kriminal baten parte” direla erran du Aburto Bilboko alkateak

  • Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Euskadi Irratian azpimarratu du manteroen jarduera "ez dela legezkoa", eta bere asmoa "haritik tira egitea dela, iturrira iristeko". Poliziaren jarduna, berriz, defendatu egin du, eta ziurtatu du ez dagoela kale saltzaileen aurkako "tratu txarrik". Manteroek, ordea, ohartarazi dute "arrazakeria instituzional eta polizialak" ez duela etenik, eta Bilboko Aste Nagusian jazarpen polizialak okerrera egiten duela. 

Kale saltzaileak Bilbon, artxiboko irudia. Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

2026ko abuztuaren 24an - 11:53
Azken eguneraketa: 2026-08-25 01:02
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Aste Nagusiko pregoilari Onintza Enbeitaren hitz hauekin lehertu da larunbatean jaia Bilbon: “Jaia denona da. Hemen jaio zirenena, Arratiako tranbian etorri zirenena, labe garaietan bizimodu berri bat aurkitu zutenena, Mediterraneoa gurutzatuta etortzen direnena, denona, manteroena ere bai!”. Hiriko alkate Juan Mari Aburtorentzat (EAJ), ordea, azken horiek ez dute merezi. Izan ere, Aburtok Euskadi Irratian eskaini duen elkarrizketa batean manteroen aurka egitea defendatu du, “erakunde kriminal baten parte” direlako.

Poliziaren jarduna, ordea, babestu egin du, eta nabarmendu du ez dagoela kaleko saltzaileen aurka “tratu txarrik”. Alabaina, abuztuaren 10ean, Aste Nagusia hasteko bederatzi egunen faltan, Bilboko Udaltzaingoak mantero bat "bortizki" atxilotu zuen Somera kalean, Adaxka kultur elkartearen parean.

Kaleko saltzaileen aldeko elkarretaratzea abuztuaren 13an, Bilbon. Adaxka kultur elkartea

Hain zuzen, elkarte horrek atxiloketaren uneko bideo bat zabaldu zuen, eta sare sozialetan hautsak harrotzea eragin zuen. “Arrazakeria instituzionala eta poliziala” salatzeko, elkarretaratze bat egin zuten abuztuaren 13an Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole taldeek deituta, Manteroen aurkako jazarpenik ez. Bizirautea ez da delitua lelopean.

 Arrazakeriaren ondorioak

Elkarretaratzean, “manteroen aurkako jazarpen polizialak ez duela etenik Bilbon” salatu zuten. Izenburu hori bera jarri zion ARGIAk uztailaren 22an argitaratutako erreportajeari, eta jada bertan Bilboko kale saltzaileek ohartarazi zuten Aste Nagusia “puntu beroa” izaten dela: “Jaiak hasi baino astebete lehenago jada Polizia manteroekin arazoak bilatzen aritzen da Bilboko Kale Nagusian, Areatzan eta Alde Zaharrean, eta festak iraun bitartean egoera txarra izaten da”.

Elkarrizketatuak zuzen zebiltzan, polizia ez ezik, alkatea ere kontra baitute Aste Nagusi betean. Aburtok Euskadi Irratian azpimarratu du manteroen jarduera “ez dela legezkoa”, eta bere asmoa “haritik tira egitea dela, iturrira iristeko”. Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole taldeek ARGIAk egindako erreportajean ohartarazi zuten horrelako jokabideek "oso ondorio kaltegarriak" dituztela; hala nola isunak, prozesu judizial amaigabeak eta ondorio penal larriak.

Bide batez, kaleko saltzaileek aldarrikatu zuten beraiek ere, "herritar guztiek bezalaxe", Bilbon bizitzeko eskubidea dutela: "Instituzioei axola dien bakarra turistak eta hiriaren irudia badira, jakin dezatela gu ere hiri honen parte garela". Izan ere, Mbolo Moye Doodle eta ARGIAk bultzatutako egitasmoaren lemak dioen bezala, Inor ez da ilegala; eta Enbeita bertsolariak txupinazoan aldarrikatu duen bezala, hiria eta jaia “denonak” dira.


Inor ez da ilegala kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...