Kaleak betetzeko deia egin dute sindikatuek, gutxieneko soldata duinaren alde

  • Goizean goizetik pikete informatiboak lantokietan barrena ibiliko dira eta eguerdian espero dira manifestazio jendetsuenak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Eibarren eta Tuteran. Arratsaldean mobilizazioak herrietara zabalduko dira berriz ere. Sindikatuek jakinarazi dute 1.700 enpresa batzorde baino gehiagok egin dutela bat grebarekin: “Arrakastatsua izango da”.

LAB

2026ko martxoaren 16an - 17:53
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Astearte honetarako greba “arrakastatsua” eta “indartsua” espero dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek; hala adierazi dute deialdiaren bezperetan.

Denera 1.700 enpresa batzordek baino gehiagok egin dute bat grebarekin, tartean CAF, Arcelor, Fagor elektronika, Irizar, Torrasapel eta antzeko enpresa handietako langileek. Administrazio publikoan udal eta egoitza asko itxita izango dira, hezkuntza zentro gehienak ere bai, eta zaintzaren sektoreko langile ugarik ere bat egin du deialdiarekin, greba egiteko dituzten zailtasunak azaleratzearekin batera.

Bestetik, eragile sozialen atxikimendu zabala jaso du gutxieneko soldata duinaren aldeko ekimenak: ehun elkarte eta erakunde baino gehiagok sinatu dute greba babesteko manifestua. Tartean daude talde antiarrazistak eta feministak, gazte erakundeak, ikasleak eta pentsiodunak. Hain zuzen, grebaren deitzaileek sarritan azpimarratu dute 1.500 euroko gutxieneko soldata jendartean dauden arrakalei aurre egiteko tresna dela.

Piketeak eta manifestazioak: noiz, non eta nola

Goizeko 5:00etatik hasita pikete informatiboak industrialde eta lantokietan barrena ibiliko dira. Deialdi batzuk aipatzearren: Gernikan, Astratik irtengo dira 6:15ean; Lasarte-Orian Michelingo lantokia izango dute abiapuntu 5:00etan; Gasteizen Jundizko eta Gamarrako industriaguneetan elkartuko dira ordu berean, eta Ameri Latinako errotondatik martxa bateratua egingo dute, 7:00etatik aurrera; Iruñeko Arrotxapean 7:15ean auto-karabana antolatu dute; Sestaon manifestazio “motela” 8:00etan; eta Laudion Latiorroko aparkalekuan dute hitzordua 5:00etan.

Eguerdian mobilizazioak hiriburuetara igaroko dira, eta orduan espero da jende gehien biltzea. Hauek dira deialdiak:

  • Bilbo: Lau zutabe aterako dira 11:30ean Zabalburutik, Deustutik, Rekalde zumarkaletik eta Bilboko udaletxetik. Zutabeak Moyua plazan elkartuko dira eta handik abiatuko da manifestazio nagusia, 12:30ean.
  • Donostia: Hiru zutabe aterako dira 11:30ean Tabakaleratik, Anoetatik eta Antiguatik. Zutabeak Pio XII.ean plazan elkartuko dira eta handik abiatuko da manifestazio nagusia, 12:30ean.
  • Eibar: Manifestazioa 12:30ean aterako da Untzaga plazatik.
  • Gasteiz: Hiru zutabe aterako dira 11:30ean Lakuatik, Boulevard merkataritza zentrotik eta Esmaltaciones fabrika zaharretik. Zutabeak Bilbo plazan elkartuko dira eta handik abiatuko da manifestazio nagusia, 12:30ean.
  • Iruñerria: Bortz zutabe aterako dira 11:30ean Nafarroako Unibertsitate Publikotik, Atarrabiatik, Txantreatik, Berriozartik eta Barañaindik. Zutabeak Iruñeko Gazteluko plazan elkartuko dira eta handik abiatuko da manifestazio nagusia, 12:30ean.
  • Tutera: Manifestazioa 12:30ean aterako da Foruen plazatik (Plaza Berria ere deitua).

Arratsaldean, berriz, herri eta auzo ugaritan daude antolatuta manifestazioak lau lurraldeetan.

Aberastasuna banatzeko tresna

Sindikatuek greba orokor honekin patronalekin negoziatzen jarraitzeko indar erakustaldia egin nahi dute.

Baina horrez gain, “gerraren kontrako eta justizia sozialaren aldeko greba” ere badela nabarmendu dute: “Bizitzaren garestitzea areagotzen ari da Ameriketako Estatu Batuak eta Israel Ekialde Hurbilaren aurka egiten ari diren eraso inperialisten ondorioz, eta, hain zuzen ere, garestitze horri aurre egiteko neurriak dira greba orokorrarekin aldarrikatuko direnak: aberastasuna banatzea, soldatak hobetzea eta LGSa [Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata] hemen erabakitzea”.

Ondorioz, langileei dei egin diete mobilizazioetan parte hartu kaleak betetzeko.


M17 Greba Orokorra kanalean gehiago
2026ko martxoaren 18
Goizean argi
Olatu urdina

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.