Kalea okupatzearen artea

Udane Barinagarrementeria Laka
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Misoginia + Grrreska
Non
: Akelarre Kallejeron, Bilboko Aste Nagusian.
Noiz: abuztuaren 27an.

----------------------------------

Hiria zapaldu bezain pronto nabaritzen zaio Bilboko Aste Nagusiaren seigarren egunari halako zera berezi bat: biharamun andanaren pisua pilatuta izatearen nekea, baina oraindik hiruzpalau egun eta gau luze aurrez aurre dituela dakienarena gogo-indarra, akidurara ailegatzen uzten ez diona. Frenesi horren erdian, Erribera kaleko banku batean eseri gara iluntzeko zazpiak jotzerako. Akelarre Kallejeroa hasteko ordua behar luke, baina jaialdirako prest dauden bakarrak udaltzaingoaren bi patruila dira; bankutik begira ikusi ditugu bi karpak itxura hartzen, soinu ekipo, instrumentu eta barraren muntaketak prestatzen. Ordu eta erdi geroago, trumoi haizea tarteko, badirudi prest dagoela dena. 

Maitasuna eta autogestioa errepresioaren aurka lelopean antolatu duten jaialdiak bigarren edizioa du aurten. Bilboko “terrazen legeak” dakarren kaleko artearen eta musikaren kontrako errepresioaren mehatxuari aurre egitea du muinean. Hargatik, joan den uztailean Abusu de poder aurre-jaialdia ere egin zuten, kallejeroak antolatzeagatik –alegia, kalean musika jotzeagatik– heldu daitezkeen isunei aurre egiteko, erresistentzia kutxarako dirua biltzeko helburua zuena. Ohikoak dira kallejeroak garai eta leku honetan, baina izenak aditzera ematen duenez, kalean musika egitearen aldarriarekin batera, badago bestelako hausnarketa bat jaialdi honetan: kalea artez zein musikaz nork, nola eta zertarako okupatzen duen. Eta horren isla zuzena da musika taldeen zerrenda, ohikoa ez den nesken zein genero disidentzien nagusitasunarekin eta arrazializatuen presentziarekin. 

Misoginia taldekoek, instrumentuak hartuta eta txaleko arrosak soinean, erasorik gabeko espazioaren aldarria egin eta protokoloaren berri eman dute lehenik. Bigarren urtez antolatzen duten jaialdira animatu diren taldeei eskerrak eman dizkie bigarrenik. Nagusiki a mi no me preguntes, yo solo soy una chica! (2025) –niri ez galdetu, neska bat baino ez naiz– laneko abestiak jo ditu talde bilbotarrak. Energia gordin eta dibertigarridunak dira kantuok, punk himnoak, ironiaz jositako salaketa eta seinalamenduekin. Ikusi ditugu kontzertuak iraun artean karpa bat hegan, dildo bat airean, erretzen ez duten baina tabako bila joandako aitei eskainitako pogo bat eta kale bazterrean hamarnaka lagun saltoka. “Dena erretzeko emapunk histerikoa” direla diote beraiek eta ezingo genuke guk hobeto definitu. 

Grrreska taldea atera da ondoren, izen bereko fanzinearen ingurumarian sortutako musika taldea. Aurreko taldearen energia beretik joan da zuzenekoa, baina abesti ezagunen bertsio mordoa ekarri dizkigu tartean: Suicidasen Vertigo, Pinpilinpussiesen Erre, Metrikaren Toto de loca eta Sara Hebe eta Sasha Sathyaren A.C.A.B., besteak beste. Estilo desberdinak beraienera ekartzeko artea, ahots erregistro askotarikoekin forma propioa ematearena. Ez nuen kalea okupatzeko modu hoberik imajinatu ere egingo: pogo bat Toto de loca abestiaren post-punk bertsioarekin eta ehun bat lagun sorginduta dantzan.

Suen orduan geldialdia egin ostean, beste bost talderen zuzenekoarekin ordu txikiak arte jarraitu du akelarreak. Biharamunez, ordea, bestelakoa izango da panorama: udaltzaingoak bertan behera uztera behartuko baititu bertan egitekoa zen beste bat.                                                                                                                                           


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.