Kalean bizi den gasteiztar baten testigantza: “Poliziak esan zuen, zoazte Errekaleorrera”

  • Gasteizko URSSA lantegi abandonatuan bizi den herritar baten lekukotasuna eskuratu dute Hala Bedi eta Arabako Alea hedabideek. Maiatzaren 13ko eraso larriez Errekaleorrek eman zuen azalpena indartzen du lekukotasunak: ziurtatzen du egun batzuk lehenago Ertzaintza lantegian agertu eta bertan denbora gutxi geratzen zitzaiela esan ziela, eta bizitokia Errekalorren bilatzeko aukera zutela. Lantegian bizi diren 100 pertsona ingururen egoera salatu du: “Pertsona bat naiz, arratoien bizitza dut”. Astelehen arratsaldean agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko 47 eragilek.

Errekaleor Bizirik

2026ko maiatzaren 25ean - 11:57
Azken eguneraketa: 14:21
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Kale egoeran dauden hainbat pertsona etorri dira, proiektua osatzen duten etxeetako batean sartzeko asmoarekin. Ez da lehenengo aldia, eta aurreko guztietan bezala, proiektura sartzeko bideak zeintzuk diren azaldu diegu, eskura izan ditzaketen baliabideak eta aukerak aurkeztuz eta horietara laguntzeko prestutasuna adieraziz. Honen aurrean euren erantzuna Poliziak hona bidali dituela izan da”. Horrela azaldu zuten Errekaleor auzo okupatutik maiatzaren 13an bizi izan zuten eraso larriaren hasiera.

URSSA lantegi abandonatuan bizi diren pertsonetako batzuk izan ziren Errekaleorren azaldu zirenak, egun berean lau aldiz, gero eta oldarkorrago, azkena goizaldeko 1:30etan zuzenean auzokideei eraso eginez eta batzuk larri zaurituz. Egunean zehar Ertzaintzak auzoa okupatu zuela eta jarrera oldarkorra izan zuela salatu zuen Errekaleorrek; eta, batez ere, salatu zuen Ertzaintza bera izan zela kale egoeran dagoen jendea auzora bidali zuena. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak salaketak ukatu zituen.

Ertzaintza URSSAn

Hala Bedik eta Aleak argitaratu duten lekukotasunaren bideoan pertsonaren aurpegia ilunpean dago eta bere ahotsa deformatua, “jazarpen aukerak saihesteko”.

Herritarrak bideoan azaltzen du hilabeteak direla dagoela URSSA lantegi abandonatuan bizitzen, beste 100 pertsona ingururekin batera. Azaldu du argirik, urik edo komunik gabe bizi direla, eta Polizia “askotan” agertzen dela lantegian, “beti gauez” . “Bizitza oso zaila da, oso zaila” dio, “pertsona bat naiz, arratoi baten bizitza dut”.

Lekukotasuna eman duen herritarraren esanetan, normalean Ertzaintzaren auto pare bat hurbiltzen dira lantegira, “atea jo” eta inork zabaldu ezean joaten dira. Baina maiatzaren 10ean gauzak beste modu batera gertatu zirela azaldu du: “Polizia etorri zen, indar handiz”, bospasei ertzain kaleko arropaz jantzita eta beste asko uniformatuta. “Borrekin eta zizailekin etorri ziren, ordu txikitan, 03:00tan edo 03:30tan (...) Kanpora denak! Kanpora-kanpora-kanpora! Jendeak beldur handia zuen, beldurra, beldurra”.

URSSAtik kanporatzeko mehatxatu eta Errekaleorrera bideratu

Lekukoak dioenez, gau hartan Poliziak lantegian ziren pertsona guztiak atera eta ilaran kokatu zituen, banan-banan grabatu eta sailkatzeko: aurrekari penalak zituztenak laranja, aurrekaririk gabeak berdea. Gazteleraz soilik hitz egiten utzi zieten.

Hurrengo egunean, maiatzak 11, Errekaleorreko istilu larriak baina bi egun lehenago, Ertzaintza berriz ere agertu zen URSSAn. Lekukoaren arabera, bertan bizi diren pertsonen talde txiki batekin hitz egin zuten, ziurtatu zieten denbora gutxi geratzen zitzaiela URSSAn, eta Errekaleorrera joatea gomendatu zieten. “Jendeak beldur handia zuen aurreko gauean gertatu zenagatik. Jende horrek ez zuen ondo pentsatu, eta antolatu ziren Errekaleorrera joateko. Gero gertatu zen gertatu zena”.

“Pertsonak gara”

100 pertsonatik gora bizi da URSSA lantegi abandonatuan, eta dozenaka gehiago dira hiri osoan kale egoeran dauden herritarrak. Erakundeen utzikeria eta Poliziaren biolentzia salatu dituzte azken urteotan hainbat eragilek, eta Errekaleorrek berak ere bai istilu larrien astean bertan.

"Pertsonak gara, ez animaliak, eta bizitzeko eskubidea daukagu. Hobeto bizitzeko, bizitza aldatzeko eskubidea. Guk ere hemen bakea bilatzen dugu; ez dugu borrokarik bilatzen, ez beste ezer, bakea soilik", adierazi du bideoan testigantza eman duen herritarrak.

Agerraldi masiboa astelehen arratsaldean

Errekaleorreko gertakari larrien aurrean eta Faxismoaren eta gehiegikeria polizialaren aurrean, herri boterea indartu! lelopean, agerraldi masibora deitu dute Gasteizko 47 eragilek. Astelehenean 19:00etan egingo dute Foru plazan.

Hauek dira agerraldia antolatu duten eragileak:

Adurtzako Aniztasun Taldea
Adurtzako Gazteak
Adurzaha Ehuntzen
Araba Bizirik
Arabako Pentsionistak
Argilan – ESK
Ariznabarrako Jai Batzordea
Askapena
Auzoan Bizi
Auzolana Pilotalekua
Bachué Elkartea
Batuta
BDZ Araba
Derecho a techo – Inor ez etxerik gabe
Emakumeok gerraren aurka
Ernai
Errekaleor Bizirik
Errota Zaharra Auzo Elkartea
ESK
Gasteiz Anitza
Gasteiz Antirrazista
Gasteizko Arrazakeriaren Aurkako Asanblada
Gasteizko Gaztetxea
Gasteizko GKS
Gasteizko IAS
Gasteizko Itaia
Gasteizko Mugimendu Feminista
Gasteizkoak Talde Antimilitarista
Herrizoma
Iraultza 1921
Jardun
Judimendiko Auzo Elkartea
Judimendiko Gazte Asanblada
Kontseilu Sozialista Gasteiz
LAB
Oinharri
Ongi Etorri Errefuxiatuak
Osasun Publikoa Aurrera Gasteiz
Salburuko Harrera Sarea
Sanitarioak Palestinarekin Euskal Herria
Sare Antifaxista
Setem Hego Haizea
SOS Arrazakeria
Steilas
Sumendi Espazioa
Zaharraz Harro
ZAPateneo


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...