Guadalquivir ibaiaren ertzean aurkitzen da Trebujena herria. Angularen arrantzagatik ezagutzen nuena Andaluzian bere izaera gorriagatik da ezaguna. Cadizko “herri jornalaria” Trantsiziotik ona Espainiako Alderdi Komunista edota Izquierda Unidaren zerrendak atera dira garaile bertan ia hauteskunde guztietan. Igandeko hauteskundeetan ziurrenik Por Andalucia zerrenda izango da bozkatuena.
Igandean hauteskunde autonomikoak izango dira Andaluzian eta inkesta gehienen arabera PPk gehiengo osoz irabazteko aukera handiak ditu. Cadizko Trebujena herrian baina aurkakoa gertatu liteke, bertan Izquierda Unida eta Podemos biltzen dituen Por Andalucia-ren hautes-zerrenda izan liteke bozkatuena. Hau diogu, trantsiziotik hona udal-hauteskunde, hauteskunde orokor eta autonomiko ia guztietan PSOEren ezkerrera dagoen zerrenda izan delako bozkatuena bertan. Herritarren gehiengoa jornalaria den herrian angulak ere arrantzatzen zirelako ezagutzen dute euskal herritar askok.
Oria edo Aturri ibaiaren inguruetan jaio garenok badugu angularekin lotura bat. Bere arrantzak industriak sortu ditu gure errio desberdinetan. Azken hamarkadetan, baina, egoera larrian aurkitzen da angula. Eusko Jaurlaritzak angula populazioaren-biziraupena bermatzeko aurtengo arrantza kanpaina bertan behera utzi ostean Hegoaldean ez da angularik bildu. Angularen eskasia aspalditik dator. Espezie preziatuaren faltari aurre egiteko asmoak eraman zituen hemengo anguleroak Guadalquivirraren ertzean aurkitzen den Trebujenara. Andaluziako Ondare Historikoaren Institutuak Trebujenako ibai ertzetan bizi ziren “Riacheroen” (arrantzaleen) inguruan argitaraturiko lanaren arabera Aginagako anguleroak izan ziren 1970ko hamarkadaren amaieran bertako angularen arrantza sustatu zutenak. 2008. urtean Andaluziako Gobernuak aingira arrantzatu ezin den espezie bezala aitortu ostean Trebujenan ere amaitu egin zen angularen arrantza.
Trebujena Cadizeko probintziaren ipar-mendebaldean dago, Doñanako Parke Nazionaleko paduren inguruan. Jerez de la Frontera eta Sanlúcar de Barrameda hirien artean, Cadizko probintzia Sevillako padurarekin elkartzen den landa eremuan sortu zen eta egun 7.000 biztanle inguru ditu. Bere kokapen estrategikoak, Doñanatik oso gertu, paisaia- eta ingurumen-balio handiko gune bihurtu du. Soziologikoki oso herri ezkertiarra da aspaldidanik.
Angulen arrantza testimoniala izan dela esan beharra dago. Trebujenako motor ekonomiko nagusia Antzinatetik ardo industria izan da eta honek berarekin dakarren mahats bilketa. Trebujena guztiaren gainetik Andaluziako “herri jornalaria” baita. Andaluziako "Herri Jornalariek” ezaugarri historiko, sozial, ekonomiko eta kultural oso markatuak dituzte. Ez da kategoria administratibo ofiziala, Andaluziako eremu konkretu bati eta nekazaritza-lanari egiten dio erreferentzia deiturak. Herri horietan nekazaritza lanetan dabiltzanak gehiengoa izan ohi dira.
Sevillako probintzian aurkitzen den Marinaleda “herri jornalariaren” osperik gabe, Cadizko probintzian, Trebujenan eman dira Andaluziako nekazal lurretan eman diren beste zenbait borroka garrantzitsu. Behe Guadalquivirreko beste herri askotan bezala latifundista handien kontrolpeko lurretan jardun dute nekazariek belaunaldiz-belaunaldi mahatsa biltzen. XIX. menderako nekazarien sindikalismo indartsua ernaldu zen CNT sindikatu anarkistaren bueltan. 1882. urtean oinarrizko elikagaien garestitzearen aurkako erreboltak eta lurjabe handien finken okupazioak sustatu zituzten bertako jornalariek. Egun Andaluziako Langileen Sindikatua (SAT) denak inplantazio indartsua du bertan.
1936ko estatu kolpearen ondotik faxistek herria hartu aurretiko egun gutxi horietan anarkistek zuzenduriko langileen kontrolpeko zenbait neurri apurtzaile jarri ziren martxan bertan. Lurjabe handien interesen kontra, kontsumoaren kolektibizazioa aldarrikatu eta diru bidezko jakien salerosketa aldatu eta beharren araberako jakien banaketa sustatzera heldu ziren Trebujenako herritarrak. Orduan aurrera eramandako neurri apurtzaileen analisia egiten da Diego Caro Concela historialari andaluziarrak idatziriko Errepublikanismoa eta langile mugimendua Trebujenan (1914-1936) liburuan. Gutxi iraun zuen utopiak San Lucar de Barramedatik zetozen guardia zibilaren eta faxisten zutabeek 1936ko uztailaren amaieran herria hartu eta gero. 70tik gora izan ziren Trebujena, Lebrija eta San Lucar de Barramedan tropa faxistek fusilaturiko herritarrak.
Frankismoaren amaieran trebujenatarren borrokek aurrera jarraitu zuten. Lurjabe handiei aurre egiteko ardo kooperatiben eraketa eman zen. Ordu arte nekazariek berehala saldu behar izaten zieten mahatsa Jerez de la Fronterako enpresa handiei. Mahatsa azkar hondatzen denez, eskualdeko ardogileek prezio oso baxuak ezartzen zizkieten. Jornalariak eta mahastizain txikiak babesik gabe geratzen ziren. Horren aurren 1977an, 40 mahastizain txiki inguruko talde bat elkartu zen Albarizas mahastizaintza eta ardogintza kooperatiba sortzeko.
Egun Trebujenako ia familia guztiak kooperatibaren bateko kide dira. Mugimendu horrek mendeko jornalarien herri bat bere ekoizpenaren jabe izatea ekarri du, muztioaren ehotzea kontrolatuz eta berdinetik berdinera lehiatuz Jerez jatorriko Izendapenaren barruan. Egun Albarizas kooperatiba bere ardo propioa egitera ere iritsi da 2000. urtean irekitako upategi propioaren bidez.
Marinaledan bezala Trebujenan jornalari eta herritarrek emandako borrokek, porrotek eta garaipenek egun herrian bizirik dirauen identitate gorri eta ezkertiarra sortzen eta mantentzen lagundu dute. Igandean Andaluziako hauteskunde autonomikoetan eskuinak gehiengo osoa eskuratuko duela dirudien honetan Trebujenako herria salbuespena izango da enegarren aldiz, bertan seguruenik zerrenda ezberdinetan joanik ere ezkerra izango baita aise gailenduko dena.