argia.eus
INPRIMATU
Azken epai euskarafoboaren harira, “enplegu publikorako hizkuntza bakarra gaztelania izatea” salatu dute
  • ELA, LAB eta Kontseiluak elkarretaratzea egin dute, Administrazioarekiko Auzietarako epaitegi batek Kabia organismoari emandako ebazpenaren aurka protestatzeko. Euskara maila bermatzeko ahalegina “hutsaren hurrengoa” bilakatzeko arriskua dagoela salatu dute.

Leire Ibar 2024ko urriaren 28a
Kabia Organismoak epaitegiaren ebazpena salatu du Donostian. Kabia

Kabia, Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako organismo autonomoa da, adinekoen eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaz arduratzen dena. Erakundeak, euskarazko B2 maila eskatzen du egoitza gehienetan, eta B1 maila kudeatzen dituen beste zenbaitetan. Bi langilek Kabiaren aurkako bi salaketa jarri ostean, Donostiako epaitegi batek salaketarekin bat egin eta erakundeko hizkuntza eskakizunak neurriz kanpokotzat jo ditu. Gonzalo Perez Sanz epaileak eskakizun horiek euskararen normalizazioa "maximizatzeko" nahia dutela, eta langileen eskubideak urratzen dituela argudiatu du.

Erakundeek, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren baitan kokatu dute auzia eta, “euskararen normalizazioaren aurkako erasotzat” jo dute epaitegiaren erabakia. Elkarretaratzean, sindikatuek azpimarratu dute ebazpenak erabiltzaileei zein langileei eragiten diela. Egoitzetako erabiltzaileek euren hizkuntzan zaindua izatea “ongizate eta zaintza duin baterako oinarrizko baldintzetako bat” direla argudiatu dute. Horrez gain, erakundeek azaldu dute “kezkagarria” dela  horrelako jarrerek “langileen lan baldintzetan eta euren motibazioan” izan dezaketen eragina.

Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako epaileak esan du euskara ezinbestean jakiteak "enplegu publikoa lortzeko oinarrizko eskubidea urratzen" dutela. Eragileek administrazioari erantzuteko beharra azpimarratu dute eta, ELAk, LABek eta Kontseiluak baieztatu dute ez dela onargarria gaztelania izatea enplegu publikorako hizkuntza bakarra, eta hizkuntza berdintasunaren aldeko borroka indartzea ezinbestekoa dela.

Euskara taldeak aktibatu dira

Urriaren 28an eta 29an hiru elkarretaratze deitu dituzte Tolosan, Bergaran eta Irunen, Kabiak egoitzak dituen hiru herritan. Astelehenean Tolosako Epaitegiaren aurrean eta Bergarako San Martin Plazan 19:00etan, eta asteartean Irungo San Juan Plazan ordu berean.