Ander S.T Santurtziko (Bizkaia) udaltzain batzuek taserrarekin tiro egin ondoren hil eta hiru astera, manifestazioa egingo dute herrian, Justizia Anderrentzat plataformak deituta. Azpimarratu dute “herri gisa” eskatu behar diotela erantzukizuna udalari. Bide judiziala ere jarri dute martxan, eta poliziaren esku hartzearen testigu izandakoei beraiekin harremanetan jartzeko deia egin diete.
Ekainaren 24an hil zen Santurtzin Ander S.T 29 urteko gaztea, bi egun aurretik udaltzaingoek taser pistola batekin tiro egin eta gero. Handik bi astera sortu da Justizia Anderrentzat plataforma, herriko norbanako eta eragile ugarik osatua, kasua argitzeko eta Anderren gertukoei prozesu judizialean akonpainamendua egiteko; izan ere, irekita dago bide hori, eta ekainaren 22an Poliziaren operazioaren bideo zein testigantzak beraiekin elkarbanatzeko deia egin dute. Ostiralerako, uztailaren 17rako, manifestazioa ere deitu dute, arratsaldeko 18:00etan udaletxe parean hasita. Justizia aldarrikatuko dute, baina horrez gain, bi kautelazko neurri ere bai, plataformako kide batek ARGIAri azaldu dionez: “Operatiboan egondako agenteen behin-behineko kaleratzea eta taser pistolak bezalako arma hilgarriak debekatzea eskatzen ditugu”.
Buruko osasunak ere izango du garrantzia ostiraleko zein plataformaren hurrengoko agerraldietan. Izan ere, udaltzaingoek taser pistolarekin geldiarazi zutenean, agerraldi psikotikoan zegoen Ander, eta eurengana jo zuen, hain zuzen ere, laguntza eske. “Osasun mentaleko arazoak izatea ezin da kriminalizatu”, adierazi du plataformako kideak, esku hartzearen ondorengo prentsa oharrean Santurtziko Udaltzaingoak adierazi baitzuen gaztea “substantziaren baten eraginpean” zegoela zirudiela, eta makulua kendu ziola adineko bati, eta udaltzainei eraso egin ziela.
Bertsio hori babestu zuen udalak gertaerak jakin berritan, “beste edonorekin inolako harremanik izan gabe”, horixe salatu du plataformak. Handik bi egunera, Anderren heriotzaren berri izandakoan, udaltzaingoaren bertsioa leundu egin zela adierazi du ARGIArekin hitz egin duen kideak, udalaren babesa izaten jarraitu badu ere.
Edozelan ere, udaltzaingoaren sindikatuek (Erne eta ELA) udal gobernuaren eta Santurtziko Udaleko talde politikoen “babes argi falta” salatu dute udaleko langileei bidalitako mezu batean, El Correo-k kaleratu duenez. Ander S.T-rekiko esku hartzea “izugarriki konplexua” egin zuten polizien “profesionaltasuna” azpimarratu dute mezuan, “jendartea babesten” ari zirela gehitu, eta salatu dute gaztearen heriotzaren ostean udaltzaingoaren aurkako irainak –“hiltzaileak”– jasan dituztela: “Ezein zerbitzari publikok ez luke horrelako egoerarik pairatu beharko bere betebeharra egiteagatik”. Martxan dagoen ikerketak gertatutakoa argitzeko esperantza ere adierazi dute sindikatuok.
Udalean, tentsioa
Momentu bereziki tirabiratsuan heldu da ezbeharra, Santurtziko Udala momentu ezegonkorrean baitago. Aurten otsailean Karmele Tubilla alkate ohiak dimisioa aurkeztu du EAJ, udal gobernuko alderdi nagusia, “ez kaltetzeko”. Lau hilabete aurretik kaleratu zuen Sonia López Segurtasun zinegotzia, udaltzaingoko Lan Eskaintza Publikoan azterketa ustez filtratu zuela leporatuta; orduko polemiken ondorioz eman zuen dimisioa Tubilla berak ere.
Santurtziko Udaleko langileen lan baldintzak ere ari dira izaten polemiko, langileekin mahai negoziatzaile batean baitaude. Tartean dago udaltzaingoa, besteren artean soldata igoera eskatzen duena, eta udalari abisua emana dio: ez badu eskatutakoa betetzen, presio neurri gisa, herritarrei isun gehiago jartzen hasiko dira.