argia.eus
INPRIMATU
"Justizian oinarritutako konponbide bat" eskatu du Etxeratek Esnal, Parot eta Haranbururentzat
  • Frantziaren "jarrera blokeatzailea" salatu du elkarteak, eta nabarmendu du pandemiaren erdian euskal presoek bizi duten egoera okertu dela. Irailaren 25ean Donibane Lohizunen (Lapurdi) eginen duten mobilizazioan parte hartzera deitu du.

Ipar Euskal Herriko Hitza @iehkohitza 2020ko irailaren 24a
(Argazkia: Etxerat)

Etxerat elkarteak "arrangura" agertu du euskal presoek bizi duten egoeraren aitzinean. Bereziki azpimarratu du Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Frederic Haranburu Xistor presoen egoera "gordina". Oroitarazi du legeak baldintzapean aske geratzeko aipatzen dituen irizpideak aspaldi beteak dituztela, eta azken auzietan lehen instantziako epaileek askatasun horren alde egin dutela. "Baina fiskaltza antiterroristak duen blokeo sistematikoaren joera konponbiderako oztopo da".

Etxerat-en hitzetan, fiskaltzaren jarrerak ez du soilik presoengan eragiten; senitartekoek bizi behar duten errealitatea "gogortu eta estutu" ere egiten du. "30 urte baino gehiago dira Jakes, Xistor eta Ion Keparen senitartekoek espetxetara bidaiatzen dutela, esperantzarako helduleku gutxirekin egonik eta, aurrera begira, amaiera datarik ikusi gabe. Senideak ere bizi osoko zigor batera kondenatuak izan dira", deitoratu du.

Presoen senideek salatu dute "humanoki, politikoki eta sozialki onartezina" dela muturreko egoera hau sostengatzea. "Xantaian eta mendekuan oinarritzen ez diren soluzioak nahi ditugu; justizian oinarritutako konponbideak nahi ditugu".

Halaber, pandemiaren erdian presoen eta haien senideen arteko harreman afektibo eta familiarra mantentzea "are konplikatuagoa" bilakatu dela ohartarazi dute. "Espetxeek aurreikusten dituzten neurriak bakartzea eta isolamendua dira kutsatze kasu baten aurrean. Barruan egingo luketen jarraipenaren kudeaketa ezbaian jartzen dugu, eta, ohiko legez, presoak eta senitartekoak dira galtzaileak". Horregatik, eskatu dute askatasun bide ezberdinei oztoporik ez jartzeko eta larriki eri diren presoak berehala askatzeko.

Laguntzen apaltzea

Bi informazio eman ditu Etxerat-ek. Batetik, Adeline Hazanek uztailean postua utzi zuenetik Frantziak ez duela presondegien ikuskatzailerik izendatu, eta, bestetik, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak bere laguntzen bi herenak galdu dituela azken urteetan. "Eskubide urraketak salatu eta kudeatzen dituzten tresnak diskretuki desagertzen ari dira. Larria iruditzen zaigu xede hori izanez gero".

Egoera horren aurka mobilizatzeak "berebiziko garrantzia" duela azpimarratu du Etxerat-ek, eta eskertu egin du larunbatean bakegileek Baionan egindako ekintza. Era berean, Esnal, Haranburu eta Parot askatzeko ostiralean Donibane Lohizunen (Lapurdi) eginen den protestan parte hartzera deitu dute. Bakegileek deitu dute mobilizaziora, 19:00etarako, Luis XIV.aren plazan, "30 urte aski da!" lelopean.