Auzitegiak arrazoi eman dio EHUri, unibertsitatera sartzeko proben auzian. Epaitegiak bertan behera utzi ditu euskara ikasgaia aintzat ez hartzeko kautelazko neurriak, eta azpimarratu du neurri horiek ezin dutela pribilegiorik sortu ikasleen artean, EHUk jakinarazi duenez. "Langileak gardentasun eta berme guztiak aplikatuz aritu dira", adierazi du EHUko errektore Joxe Ramon Bengoetxeak.
Auzitegiak aintzat hartu du EHUk epaitegi baten ebazpenaren aurka aurkeztu zuen errekurtsoa, ikasle jakin batzuei euskara nota ez zenbatzeko aukera ematen zieten kautelazko neurriak dekretatuz, jakinarazi du unibertsitateak: "Auzitegiak azpimarratu du behin-behineko ebazpen judizialek ezin dutela pribilegiozko egoerarik sortu gainerako ikasleekin alderatuta. Ondorioz, EHUk aurkeztutako gainerako errekurtsoetan, prozedura judizialak hasi eta kautelazko neurriak lortu zituzten ikasleentzat ere kontuan hartu beharko da euskaraz lortutako kalifikazioa".
EHUren hitzetan, berak "hasieratik defendatu du unibertsitatera sartzeko probak indarrean dagoen araudiaren arabera egin direla, eta ikasle guztiei irizpide berberak aplikatu behar zaizkiela". Adierazi du bi hizkuntza ofizial dituzten autonomia-erkidegoetan, unibertsitatera sartzeko probetan bi hizkuntzakebaluatzea aurreikusten duela araudiak. "Horregatik, EHUk eutsi egin dio euskarako kalifikazioa gainerako ikasgaien baldintza berberetan kontuan hartzeko irizpideari".
Gaineratu duenez, kautelazko neurriak indarrean egon diren bitartean, EHUk neurri zehatzak hartu ditu erabaki horrek gainerako ikasleen eskubideetan eraginik izan ez zezan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin adostu zuen, beharrezkoa izanez gero, plaza kopurua handitzea: "Azkenean, bi plaza gehigarri aurreikusi behar izan ziren, baina horietako bakarra bete da, beste ikasleak EHUn matrikulatzeari uko egin baitio. Auzitegiaren erabaki berriaren ondorioz, sortutako plaza publiko gehigarri horren egoera kolokan geratu da, hura sortzea ahalbidetu zuten kautelazko neurriak bertan behera geratu baitira".
EHUk berretsi du unibertsitatera sartzeko prozesuak berme guztiak izan dituela hasieratik, bai azterketen zuzenketan, bai ikasleek kalifikazioak berrikusteko eta erreklamazioak aurkezteko duten eskubidearen babesean. "Erabaki judizial honek EHUren hasierako jarrera indartzen du: unibertsitate publikora sartzeko prozesuan ikasle guztien eskubideak eta aukera-berdintasuna bermatu behar dira, salbuespenik eta pribilegiorik gabe", dio plazaratutako oharrak.
Langileen "profesionaltasuna" nabarmendu du Bengoetxea errektoreak
EHUko errektore Joxe Ramon Bengoetxeak berretsi duenez, "hasieratik" egin dute batez-bestekoa kalkulatzeko euskara ez dela kontuan hartu behar zioen neurriaren kontra, "iruditzen zitzaigulako berdintasun printzipioari eragiten ziola bete-betean". Berdintasun printzipioa "apurtuta", "pribilegio bat" sortzen ari zela esan digu Bengoetxeak, ikasle batzuen kasuan euskarazko proba ez zuelako kontuan hartzen, baina gainerako ikasleen kasuan bai: "Horrek zekarren tratu diskriminatzailea beste guztien kontra".
Bestetik, adierazi du "hasieratik" defendatu dutela "USaP proben inguruan inplikatutako langile guzti-guztiak profesionaltasun handikoak" direla, eta "gardentasun eta berme guztiak aplikatuz" lan egin dutela. "Horrek esan nahi du probrak ondo burutu direla, inolako arazorik gabe". Antolakuntza osoak "ondo" funtzionatzen duela esan du EHU errektoreak: "Berme guztiak ziurtatzen ditu, eta herritarrek ez dute honen inguruan inolako zalantzarik izan behar".