argia.eus
INPRIMATU
hauteskunde aurrerapena Katalunian
Juntsek dio Puigdemont izango dela bere hautagaia maiatzaren 12ko hauteskundeetan
  • Pere Aragonès Generalitateko presidenteak asteazken honetan aurreratu ditu Kataluniako hauteskunde autonomikoak, En Comú-rekin batera atera behar zituen 2024ko aurrekontuek porrot egin ondoren. Juntsek iragarri du bere hautagaia Carles Puigdemont izango dela; azken horrek dio, “hori desio duela”.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko martxoaren 14a
Argazkia: Generalitatea

2021an izendatu zuten ERCko Pere Aragonés Generalitateko lehendakari, CUPekin eta Juntsekin akordio korapilatsua lortu ondoren (hiruen artean legebiltzarreko botoen %52 zuten). CUPek urtebete beranduago utzi zion gobernua sostengatzeari eta hilabete batzuk geroago, 2022an, Juntsek. Hortik aurrera ERC bere 33 eserlekurekin –135etik– bakarrik geratu zen gobernua sostengatzeko, eta En Comú eta PSCn bilatu zuen beharrezkoa zuen sostengua.

Hauteskunde aurrerapenaren azken txinparta Hard Rock proiektua izan da, Vila-seca eta Salouko udalerrietan eraiki nahi den makroproiektu turistikoa. Berez, ERC proiektu horren aurka dago, baina 2023ko aurrekontuak onartzeko PSCrekin lortutako akordioetan proiektuaren tramitazioarekin jarraitzeari ateak ireki zizkion. Orduan jada, En Comúk iragarri zuen, hori horrela izanda ez zuela sostengatuko ERC gehiago, eta aurtengo aurrekontuetan esana bete du.

Inkestei begiratuta, PSCren eta ERCren arteko lehia handia izango da, baina Puigdemontek azkenean Juntseko hautagai izateko aukera badu, irabazteko lehian egon liteke. Dena den, Kataluniako independentismoan giro oso nahasia dago eta ikusi beharko da horrek zer eragin duen hauteskundeetan.

Espainiako hauteskunde orokorretan argi ikusi zen alderdi independentisten aurkako zigor boto handia egon zela. Ikusi behar da, beraz, fenomeno horrek orain zer eragin duen. Dena den, beste alderdi independentista bat ere egongo da lehian, Clara Ponsatí Generalitateko kontseilari ohiak eta Jordi Graupera filosofoak alderdi berri baten sorrera iragarri baitute.

Horrez gain, ikusi beharko da ANCk azkenean bere zerrenda sortzen duen ala ez. Ostegun honetan bukatzen da egunotan bere bazkideen artean egiten ari den kontsulta, eta larunbatean iragarriko dute emaitza.

EAEko eta Kataluniako hauteskunde giroak, halaber, izan du lehen ondorioa Espainiako Gobernuan ere. Pedro Sánchez presidenteak iragarri du 2023ko aurrekontuak luzatuko dituela 2024rako, eta hasiko dela prestatzen 2025ekoak.